Lagatzuk dantzan jarri dau Zamudio

Aikor aldizkaria 2018ko uzt. 2a, 12:18

Argazkiak: Roberto Gómez Txiki

Ekaineko azken asteburuan, Lagatzu Zamudioko euskera alkarteak Lagatzu Eguna ospatu eban hamargarren aldiz. Txorierrin egiten dan euskerearen jairik garrantzitsuenetarikoa da eta betiko moduan, euskeraz bizi izatea eta ondo pasatzea aldarrikatzea dau helburu.

Ospakizunak barikuan hasi ziran, Broken Izotz herriko taldeak kontzertua eskini ebalako. Hurrengo egunean, ekitaldi nagusia egin zan Zamudioko Kultur Etxean. Aurten, Lagatzukoek omenaldia eskini eutsien dantzari eta herri guztia jarri eben dantzan, erreleboka. Dantzariak dantzagunera sartu eta handik urten ziran etenbarik Banango dantzaren soinuan. Antolatzaileek, bertoko dantzariakaz, 90 errelebo izatea espero eben, baina parte-hartzaile kopurua askoz haundiagoa izan zan. Guztira, 50 musikarik eta 250 lagunek hartu eben parte dantzaldian.

“Oso ekitaldi polita izan zan. Belaunaldi ezberdinetako dantzariak aritu ziran, batzuk elkartekideakaz, beste batzuk senideakaz... Jente asko etorri zan eta hori oso pozgarria da”, esan deuskue antolatzaileek. “Gainera, oso gatxa da musika tresna guztiak behar moduan buztartzea, oso ezberdinak diralako, baina uste dogu lortu egin genduala”. Ekitaldian, besteak beste txistulariak, albokariak, trikitilariak, txalapartariak eta koralistak entzun ziran. Bertsolariek be jardun eben eta dantzaldiari bukaerea emoteko, Kaxarranka dantza eskini zan.

Jarraian, 500 euskaltzale batu ziran herri bazkarian. Bazkalostea Taberna ibiltariak girotu eban eta bere eskutik, hainbat lagunek jarraitu eben dantzan eta abesten. Tarte honetan Iratxe Gezuragak (Zamudioko Kamara Korala), Josu Aretxabaletak (Bertoko taldea), Ainhoa Bilbaok (Hirubat dantza taldea) eta Jaime Gardokik (Kantarelux taldea) omenaldia egin eutseen Lagatzuko kideei. “Laukote hori gure jaietako motorra da. Izugarrizko laguntza eskaintzen deuskue urtero. Igaz geuk egin geuntsien omenaldia eurei, baina aurton, aldiz, eurek guri. Oso hunkigarria izan zan”. Ander Lekerikak Ortzi Garitanok idatzitako bertso bat kantatu eutseen Lagatzukoei. Jaia borobiltzeko, Trikizio taldeak erromeria emon eban.