ODU gaztelaniazko siglak dira eta Kirol-obedientzia baliagarria adierazo gura dabe. Soniak eta Anderrek azaldu deuskuen moduan, Mondiorring kiroletik datorren diziplina da. “Mondiorring-a egiten dabenek lau arlo jorratzen dabez: bilaketea, erasoa, defentsea, eta obedientzia. Guk bakarrik bilaketan eta obedientzian hezten doguz txakurrak”. Halan, ODUk egunean-egunean baliagarriak diran bitartekoak emoten deutsez animaliei eta jabeei. “Berbarako, supermerkatutik kanpo uzten badoguz, ez dira euren lekutik mobiduko gu handik urten arte. Eta ez dabe zaunka egingo. Era berean, zarata badago, ez dira ikaratuko eta ez dabe ihes egingo. Gehiago oraindik, erakutsi ahal deutsegu etxean gauzak non gordetzen doguzan, eta gaixorik bagagoz, termometroa ekartzeko eskatu”. Bikotearen eretxiz, kirol honek onurak baino ez ditu. “Ez dabe inoz jango ezezagun batek eskaintzen deutsena. Ezta lurrean topatzen dabena be. Ondorioz, ez dabez pozoituko. Ez dagoz peloteagaz itsututa, eta arazo barik sartu daikeguz autora edo animaliak garraiatzeko kaiolara”.
Aitatutakoak ODUk txakurrei eta jabeei ekartzen deutsezan onuretariko batzuk dira, eta baliabide horreek eskuratzeko, entrenamendu sakona egin behar dabe. “Beti modu positibo baten, hareentzat jolasa dalako. Txakur Bai klubeko (Meñaka) kideak gara eta astean hiru aldiz joaten gara hara. Baina txakurrek egunero entrenatu behar dabe: okindegian, mendian, hareentzat atondutako guneetan... Atsedenaldia be behar dabe eta ezin doguz oso entrenamendu jarraituak egin; osterantzean, gogaitu leitekez”.
ODUa kirol barria da Estaduan: orain dala zazpi urte hasi zan praktikatzen, eta Bizkaira aurten heldu da. Soniak eta Anderrek Meñakako klubean ezagutu dabe. “Txiki Dueroko Arandatik ekarri neban lau hilabete eta erdi ebazala. Erreskatatu neban”, kontatu deusku Anderrek. “Tratu txarrak emon eutsiezan eta oso oldarkorra zan. Bizkaira heldu, eta ordu erdi baten zazpi personari kosk egiten saiatu zan. Txakur Bai klubera eroan neban oinarrizko obedientziaren gaineko ikastaroa egitera, eta han Sonia be baegoan bere txakurragaz”. “Oso txakur aktiboak dira eta, orekatuta egon daitezan, harekaz egin behar da lana. Hortaz, ikastaroa amaitu genduanean, ODU kirola egiteko aukerea emon euskuen”, gaineratu dau Soniak.
Ariketak
Lurrek urte bi beteko dauz laster, eta Txikik 16 hilabete dauz. ODU-a edozein arrazatako txakurrek praktikatu daikie, handiek zein txikiek, mestizoek nahiz arraza garbikoek, eta bai kumeek, bai nagusiek. Edozein pertsonak be trebatu leike bere maskotea diziplina honetan. “Inportantea da jabeak lan egin gura izatea, eta txakurragaz loturea eduki dagiala. Lur eta Txiki txakur onak dira kirol honetan ibiltzeko. Egunez egun ikasten dabilzala ikusten dogu eta oso pozgarria da”.
Txakurrek ariketa zehatz batzuetan ahalegindu behar dabe entrenamenduetan, eta gero, txapelketetan, erakutsi behar dabe horreek ezin hobeto egiteko gauza dirala. “Bilaketeari jagokonez, esate baterako, txakurrak lan egiteko gunean ezkutatu dan objektu bat aurkitu behar dau. Gu be ostendu egiten gara eta animaliak asmatu behar dau non gagozen. Bestetik, obedientziari jagokonez, ariketa batzuk egin behar dauz, esate baterako gure alboan ibiltzea; jesarri, edo etzan, eta guk esan arte ez mobidutea –zaratak entzun arren edota inork objektuak botatzen badeutsoz be–; ezezagun batek eskainitako janaria ez hartzea; pertsonarik ez usaintzea; 60 cm-ko altuerea dauan oztopo baten gainetik salto egitea, objektu bat hartu eta ekartzeko… Ariketa bakotxak 20 puntu balio dau, eta puntuak txakurrak dana ondo egiten dauan edo ez kontuan hartuta kendu egiten dabez”.
Laranja-ura
Lurrek eta Txikik oso denpora gitxi daroe ODUko txapelketetan parte hartzen, baina oso emaitza onak lortu dabez. “Estaduko txapelketak dira eta lehena etxean, Meñakan, izan zan. Ehun puntu lortu behar dira eta Txikik 99 eskuratu ebazan; Lurrek, 97. Hurrengoa Galizian izan zan. Lesio bat dala-eta, Lurrek hiru aste emon ebazan entrenatu barik; halanda guztiz be 90 puntu egin ebazan. Txikik, 93. Toledoko txapelketea apur bat korapilatsua suertatu jakun, baina finalerako txartela lortu genduan. Finala Castellónen jokatu zan eta horretan 250 txakur ibili ziran. Lur hirugarrena lotu zan. Objektu bat behar baino goizago usaindu eban –eta hortaz, pertsona bat–, eta puntu bi kendu eutsiezan”. Bestalde, Txiki hamargarrena gelditu zan. “Jostailuak eta laranjak bota eutsezan arretea galdu eian, eta maitemindu zan peluxe bategaz eta laranja bategaz. Ia laranja-ura eta guzti prestatu euskun! (kar, kar). Horrezaz gainera, esan baino lehen mubidu zan beste proba batean. Dana dala, oraindino txakurkumea dala eta txakur nagusiagoen aurka lehiatu dala kontuan hartuta, pozik egoteko moduko emaitza euki dau”.
Bai, txapelketetan parte hartzen daben lehenengo urtea izateko, animalia biek oso emaitza onak izan dabez ibili diran saio guztietan. “Entrenatzen eta ikasten jarraituko dogu, Estaduko txapeldunak izan gura dogulako”. Gainera, bikotearen esanetan, oso giro ona dago txapelketetan. “Beste klub batzuetako lagunak ezagutu doguz, eta txakurrakaz lan egiteko trikimailuak kontatzen deutsaguz alkarri”. Eta bikotearen artean, badago lehiarik? “Tamaina handikoa dan arren, Txikik oraindino kumeentzako pentsua jaten dau. Janaria ikusten duanean ezpainak behin eta berriz miazkatzen dauz, eta nik esaten deutsat Anderri hori goseak amorratuta dabilelako dala” (kar, kar), kontatu dau Soniak. “Beno, beno. Lur be apur bat lodi dago lesioa eduki ebanetik…(kar, kar)”, erantzun deutso mutilak.