Zabortegi ilegalak, arazoa Zamudioko basoetan

a: Pedro Mirones 2019ko urt. 10a, 09:32

Pedro Mirones getxotarrak adierazi digun moduan, Errege Magoen Eguneko bezperan bizikletaz zebilen gure bailarako mendietatik, eta Zamudion zabortegi ilegal bat topatu zuen (Zamudio eta Bilboren arteko mugaren inguruan). Bere esanetan, erraz sartu zen zabortegira. 

“Deriorantz jaisten nenbilela, hormigoizko bloke batzuk ikusi nituen eta hara hurbildu nintzen. Arropa zegoen, auto-zatiak, adreiluak, altzari apurtuak, obra-hondakinak… Gainera, su hondarrak ere bazeuden eta zuhaitz batzuk erreta zeuden”. Mironesek Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearekin eta Zamudioko Udalarekin ipini da harremanetan, zabortegi ilegal horren berri emateko, eta, azaldu digunaren arabera, erantzuna jaso du Zamudioko Udaletik. “Erantzun didate jakinaren gainean egon direla, eta lurraren jabeari esan diotela hondakinak-eta bertatik kendu behar dituztela”. Antza denez, lurraren jabea zaborra nola kendu kudeatzen dabil.

Aikor! aldizkariak Igotz Lopez Zamudioko alkate eta Mankomunitateko presidentearengana jo du, eta, azaldu digunaren arabera, zabortegi ilegalak arazoa dira herri batzuetan, baina batez ere Zamudion. Zabortegi horien iturburua lizentziarik gabeko obrak dira. “Legez kanpoko obrak direnez, ez dute hondakinak non utzi eta basoetan botatzen dituzte”. Hondakin gehienak Bilbon egiten diren obrarenak diren susmoa dago. “Zamudio, berez, herri handia da hedaduraz, eta erraza da gure basoetara etorri eta zarama berton botatzea”. Lopezen hitzetan, Udala Ertzaintzarekin dabil lanean ea hondakinak botatzen dituztenak harrapatzen dituzten, baina zaila da “asteburuetan eta kontrol gutxiago dagoenean egiten dutelako. Bestalde, lau lagun-edo etortzen dira eta haietako batzuk bidean ipintzen dira, norbait badator, besteei ohartarazteko”. Lurraren jabeek toki horietarako sarbidea ere itxi dute, “baina bidea beste leku batetik zabaltzen dute”.

Zamudioko alkateak azaldu digun moduan, hondakinak lur publikoetan botatzen badira, Udalak jaso behar ditu; baina baso pribatuak badira, lurraren jabeak hartu behar du ardura hori. “Inoiz hondakinak bide-ertzean utzi badituzte, leku erdipubliko batean, ahalegindu gara horiek batzen, hurrengoak ere han botatzea ekiditzeko”.

Lopezen iritziz, zabortegi ilegalek dakarten arazoari konponbidea emateko, sorburua –legez kanpoko obrak– errotik konpondu behar da. Hala ere, badaki zaila dena, eta bitartean beste behin behineko irtenbide batzuk topatu behar direla uste du: adibidez, lizentziarik eduki ez arren, obra ilegaletako hondakinak nonbait kudeatzeko aukera ematea. “Ez da irtenbiderik egokiena, baina ingurumenari egiten zaion kaltea askoz handiagoa da”.