Herriko ondare bi berreskuratuko dabez Zamudion

Aikor aldizkaria 2019ko urt. 24a, 12:13

Zamudioko Udalak jakinarazo dauan moduan, Kadaltso baserria erosi eta berreraikiko dau, eta Arroetako karobia be ipiniko da martxan.

Kadaltso baserria XVI. mendeko eraikina da, eta Txorierriko etorbidearen ertzean dago, Deriorako bidean. Maria Diez de Cadalsoren familiak 1506an agindu eban hori egitea. Horretarako, garaiko teknikak, materialak eta ezaugarriak erabiltzen baziren be, Kadaltso baserria oso berezia da, eta antzekotasun gitxi dau inguruko baserriakaz.

Alberto Santana historiagilearen esanetan, harrizko eta egurrezko etxea da, ojiba-leihoak dauazana, eta itxura gotikoa dauana. Eraikinak jatorrizko elementu batzuk mantentzen dauz, esate baterako, zilarrez edo eztainuz estalita dagozan hiru tatxet apaingarri. Denporearen poderioz, hainbat aldiz eraberritu  dabe, baina bere esentziari eutsi egin deutso.

Santanak etxearen arkitektura ikusgarria azpimarratu dau, eta aitatu dau euskal baserrien lehenengo belaunaldikoa dala. Hasieran, Zamudiotorreri lotuta egon zan; eta gero, Cadalso familiari, armarriak adierzoten dauan moduan. XVIII. mendean, garaiko ohitureari jarraituz, erdibitu eben, errentan ipintzeko eta ahalik eta etekin gehien ateratzeko. Lehenengo maizterrak 1704an sartu ziren etxera, eta gaur egungo jabeak hareen ondorengoak dira.  

Bere garaian, Txorierriko jauretxerik inportanteena izan zan, baina urteen joanak asko hondatu  dau. Horregaitik, erosiko dau Zamudioko Udalak, eta bere kontzerbazinoa bermatzen dabezan lanak egingo dauz, hala nola eraikina habetzea eta arkoelogia-indusketak.

Cadalso familiak sustraiak Zamudion dituan arren, beste herri batzuetara zabaldu zan leinua. Horrela, bada, Jose Cadalso y Vizcarra merkataria Cadizera ezkondu zan eta bertan jaio zan bere semea: Jose Cadalso idazlea (Cadiz 1741-Gibraltar 1782).

Artxiboetan agertzen dan moduan, Cadalso familiak hamahiru etxe ebazan Abando, Barakaldo, Loiu, Zamudio, Erandio, Fika, Lezama eta Derio elizateetan, 1704. urtean. Familiako beste adar bat A Coruñako Noya herrian finkatu zan, eta bertan Luis Cadalso y Rey de Andrade jaio zan 1843. urtean. Ha Itsas Guardien Errege-konpainian sartu zan hamabost urte geroago.

Bizkaiko Korrejidoreak kapare-titulua eman eutsan Zamudioko Juana de Cadalso y Vizcarra andreari 1719. urtean, eta Cadizeko Diego de Cadalso y Vizcarrak be titulu hori lortu eban 1771. urtean.

Beste alde batetik, Juan de Cadalso Garay y Vizcarra Carlos III. Ordenako zaldikoa eta Miliziako koronela izan zan, eta Diego de Cadalsok Gernikako Batzar Nagusietan parte hartu eban 1762. urtetik 1764. urtera, erregidore ganboatar moduan.

 

Hilabeterik behin biztea

Bestetik, Zamudioko Udalak Arroetako karobia martxan jartzeko asmoa be badau. Antxina, bertan karea egiten zan, besteak beste, lurra ongarritzea, hormak zuritu eta desinfektatzeko eta behien azala osatzeko. Urte askoan egon da erabili barik, eta karobia oso egoera txarrean egon da. Udalak zaharberritu egin dau, eta jatorrizko itxurea emon deutso. Esan daben moduan, karabia barriro inauguratzeko asmoa dabe, eta, horretarako, datozan hilabeteetan gitxienez hilabeterik behin biztuko dabe, zementua eta harria berora egoki daitezan.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).