Josu Salas, arrantzale ipurtarina

Aikor aldizkaria 2019ko api. 17a, 13:31

Josu Salas derioztarra arrantzaren zale amorratua da. Arrantza egitera eguraldiaren iragarpena ona denean onena orduan joatea bada ere, berak ahal duen guztietan hartzen du kanabera eta hurrengo arrainaren bila irteten da. “Batez ere domeketan ibiltzen naiz arrantzan, egun horretan libre dudalako. Goiz jaikitzea gustatzen zait eguna aprobetxatzeko, baina, osterantzean, berdin dit gauean, goizean edo arratsaldean joatea: arrainak beti daude uretan!”.

 

Salas oso gaztetxoa zela – kanaberari ozta-ozta heltzen zion– hasi zen arrantza egiten. “Ume askoren moduan salabardoarekin eta kuboarekin hasi nintzen, harik eta aitak lehenengo kanabera erosi zidan arte; baina berari ez zitzaion arrantza gustatzen”, azaldu digu. Gazteak ondo gogoratzen du lehenengo kanabera hori. “Ibaian erabiltzeko 1,80 metroko kanabera zen, urdina eta, amaieran, zuria. EVA aginte beltza zuen, eta atzeko balazta txiki bat. Kanabera arina eta txikia zen, nik erabiltzeko modukoa”.

Derioztarrari beti gustatu zaio naturan ibiltzea; horregatik ez da arraroa zaletasun hau izatea. “Arrantzak harrapatu nau, besterik ez; suposatzen dut barruan dudala”. Gainera, arrantzak beste erakargarritasun bat du: horri esker hainbat leku ezagutzen dira. “Bakoitza berezia eta paregabea da eta tokirik gustukoenak buruan gordetzen zoaz. Oraindik leku asko daude aurkitzeko”. Gazteak Kantabrian eta Euskadin egin ohi du arrantza, “baina aukera dagoenean Galiziara eta Asturiasera joaten gara. Eta Mediterraneora, Gironara, Ebroko deltara…”. Goi mailako kanabera eta karrete japoniarrak erabiltzen ditu. “Horiek Kelman–Ultimate Fishing elkarteak ekartzen ditu penintsulara. Nik kolaborazioak egiten ditut enpresa horrekin; hau da, euren ekipoa erabilita harrapatu ditudan arrainei argazkia ateratzen diet, zaletuek ikus dezaten ekipo bakoitza zein egoeratan erabil daitekeen”. Aitortu dutenez, nahiko diru ipintzen du arrantzan. “Alabaina, ez da beharrezkoa; ekipo merkeak erabilita ere arrantza egin daiteke”. 

 

Behaketa-ariketa

Ur gezatan zein ur gazitan ibiltzen da arrantzan: itsasoan lupia bila joaten da; eta ibaietan, amuarrain edo arrankari bila. Spinning teknika erabiltzen du. “Oso modalitate aktiboa da: beti ibili behar duzu mugitzen, arrain bila eta horien portaera ikasten. Teknika hori bat dator nire izaerarekin: ipurtarina naiz eta jakingura handia dut. Bestetik, euli-modalitatea oso gutxitan erabiltzen dut; beti edukiko dut zera egiteko, teknika horri ordu gehiago eskaintzea”. Arrantza etengabeko behaketa- eta ikasketa-ariketa da. “Etengabe zabiltza arrainei begira, eta saiatzen zara zer pentsatzen ote duten ulertzen; itsasaldiek, ilargiak, tenperaturak eta urtaroek haiengan zer nolako eragina duten… Asko ikasten da. Dena dela, nik uste dut arrainei buruz zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gutxiago ezagutzen ditudala.   

Arrantzaleak ondo gogoratzen du harrapatu zuen lehen arrain handia. “Aitarekin batera harrapatu nuen, herriko ibaian. Kanabera zuhaitz erori baten kontra nuen jarrita eta tolestu egiten zen, oso arrain handia zen eta. Aitak atera behar izan zuen uretatik; nik, ezin. Beti izango da arrain berezia”. Oraindik espezie asko daude harrapatzeko. Hainbeste, ezen Salasi zail suertatzen zaio horien guztien artean aukeratzea. “Roosterfish, Giant Trevally, Brook Trout, mundu osoko izokinak, mero zuriak… Saiatuko naiz pixkanaka-pixkanaka atentzioa ematen didaten espezie horiek guztiak harrapatzen”. Horrela izan arte, arrantzarekin gozatzen jarraituko du, leku berriak ezagutu eta ibaietan, hondartzetan eta itsaslabarretan galtzen den bitartean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).