Aitor Elizegi, Athleticen presidentea: "Epe ertainean, Fundazioak zuzendu behar du kluba"

Aikor aldizkaria 2019ko api. 26a, 08:42

Abenduan, ustekabez, Athleticen bazkideek Aitor Elizegi aukeratu zuten presidente, klubeko 32.a, alegia. Sukaldariak 20 urte daramatza familiarekin Zamudion bizitzen eta lotura estua du Txorierrirekin. Elizegik pasioz hitz egin digu bere bizitzari buruz: Txorierri, sukaldaritza eta, noski, Athletic, "bere ametsa". 

Ehun egun bete dituzu Athleticen. Zelan zaude? 

Ehun egunean ibili gara lanean, ilusio handiarekin. Egun biziak izan dira eta apurka-apurka gabiltza klub profesional batek ekartzen dituen betebeharretara moldatzen. 

Zergatik kostatu zitzaizun aurkezteko erabakia hartzea?

Etorkizunari buruz hitz egin dezagun. Beti esan dut nire ametsa Athletic dela, eta horrela izango da betiko. Zerbait egiten dudanean, guztiz inplikatzen naiz. Ez dut uste oso ondo kozinatzen dudanik, baina argi dut ordu asko eman dizkiedala sukaldaritzari, Euskadiri eta Athletici. 

Nolako Athletic topatu duzu? 

Kirol arloan, kezkatuta. Aurreko entrenatzaile biek ez zuten asmatu. Gaur egun, aldiz, Andoni Aiarzak, Rafa Alkortak, Gaizka Garitanok eta Patxi Ferreirak osatzen duten taldea klubaren oinarri garrantzitsua da. Gabeziak ere baditugu: gizarte arloan, berrikuntza eta digitalizazioa; San Mamesek etorkizuneko futbol-zelaia izan behar du; klubeko langileen arteko kooperazioak handiagoa izan behar du; markaren eta negozioaren garapena bultzatu behar da… Eta, batez ere, erronka handi bati egin behar diogu aurre geuk eta gure atzetik etorriko direnek: zelan heldu gazteengana. Euskaldunek jakin behar dute Athletic herritik sortu dela, himnoak esaten duen moduan. Athletic bizkaitarron nortasunean dago eta hori da gure indarguneetako bat: esate baterako, bilbotarrek utzi digute futbol zelaia hiriko lekurik onenetariko batean eraikitzen; eta Lezamak, 120.000 m2-ko kirol eskola bertan egiten. Ezin diogu eurek klubari emandako konfiantzari huts egin. Tamalez, gaurko munduak hori guztia jarri du zalantzan. 

Zergatik?

Azken urte hauetan, ikaragarri aldatu da futbola eta hori ez da erraza Athletic bezalako klub sentimental batentzat: telebista-eskubideak, futbol profesionala, Ligak, Federazioak eta UEFAk ia egunero proposatzen dituzte proiektu berriak… Athletic klub artisautza da eta ekosistema egunero aldatzen da. Badakigu aldaketara moldatu beharko garela, baina duela 120 urte adostutako oinarriak aintzat hartzen ditugu. Athleticetik kanpo daudenek, ordea, sentimenduei baino garrantzi handiagoa ematen diete irudiari, merkatuari, diruari… Azken 30 urteotan Athletic etengabe dabil garai berrietara egokitzen. Eta hainbat lagunek egiten dute lan oso gogor, hori lortzeko. Eskerrak eman nahi dizkiet horregatik.   

Klubak nazioarteko enpresak dira gaur egun. Eta Athletic?

Guk kirola egiteko aukeratu dugun bidea etorkizuna da. Eta ziur nago beste talde batzuek gure ereduari jarraituko diotena. Klubek bat egin behar dute gizartearekin. Identitatea, lurraldea, tradizioa eta kirola uztartzen direnean, partidua mitikoa bihurtzen da. Athleticek jokatzen duenean, ez dute bakarrik 11 jokalarik jokatzen, baizik eta baita euren atzean dauden familiek, lagunek eta profesionalak izan ezin izan diren zaletuek ere. Horrek indar berezia ematen digu. Eta jokalari bakoitzaren atzean klubeko jokalari mitikoak ere badaude: beltzez jantzita ateratzen den atezaina, zazpi zenbakia, ezker hegalean aritzen dena... Athleticen historia gogorapen ederrez josita dago, eta horri esker geure historia kontatzen dugu. Gizakiok erreferentzia horiek guztiak behar ditugu, geure burua definitzen dutelako. 

Zer emango diozu klubari?

Konpromisoa eta konstantzia dira nire ezaugarrietako bi. Eta horiek ekarri dizkiot Athletici. Baita nire ikuspuntua ere. Argi dut ogibidea eta pasioak esfortzu handiz atera ditudala aurrera: egun bakoitza bakarra da, eta azkena izango balitz bezala bizi behar da. Ziur nago presidentea izateak merezi duela. Hobekuntza lortzen badut, txikia bada ere, pozik ibiliko naiz. 

Idatziz jasoko duzu klubaren filosofia? 

Niri filosofia etxean irakatsi zidaten. Ez dugu idatzi behar, sentitu egiten dugu, bizi egiten dugu. 

Zer egin nahi duzu Athleticen datozen lau urteotan?

Batetik, Fundazioa bultzatuko dugu, horrek epe ertainean zuzendu behar duelako kluba. Athleticek, Fundazioaren bidez, hausnarketa batzuk egin behar ditu: gizartea, filosofia, marka, estatutuak, eskola, bazkideak, komunikazioa… Erabaki horiek ezin ditu presidente batek hartu, Fundazioak baizik; Athletic bihotzean daramagun guztiokin adostuta, noski. Bestetik, kanpoko jokalari gazteek Lezaman bizi behar dute egoitza batean. Gainera, klubeko bulegariek Ibaigane jauregia utziko dute eta San Mamesen egingo dute lan, elkarlanean, egunero. Eta, azkenik, klubaren eta bazkideen arteko harremanak erabat digitalizatuta egongo dira. Eta proiektu horiez gain, ilusio txiki bat dut: egunen batean klubeko jokalari guztiei jaten eman nahi diet. 

Estatutuak aldatuko dituzue?

Gai hau bazkide askoren kezka da, adierazi diguten moduan. Estatutuak modernizatu egin behar dira, bazkideen iritzia klubetik aldentzen dutelako. Eta hori ezin da izan. Klubak ia egunero jaso beharko luke bazkideen iritzia. Beste alde batetik, definitu behar da nolako batzar motak zuzentzen duen kluba. Kluba zuzentzeko ereduak topatu behar ditugu, hazten jarraitzeko. 

Zelan doa zaleen harmaila?

Lanean gabiltza. Lehen, ateko atzealdean jartzen ziren zaletuak eta giroa desagertu egin dira zelai berrian. San Mames hain da polita eta luxuzkoa gaur egun, ezen guztiok baikaude eserita, eroso. Ematen du partidak ez duela garrantzirik. Baina Athleticek bakarrik egin dezake aurrera, partida bakoitza azkena izango balitz legez jokatzen badu. Ateko harmailak sustatzen baditugu, zaletasuna piztuko dugu. Leku egokia da  lagunarte, familia eta umeentzat. Ikerketa egiten ibili gara eta ikusi dugu jende askok sartu nahi duela atearen atzeko harmailetan, baina eskaria eskaintza baino handiagoa da eta hori konpondu nahi dugu. Ez dakit denborarik izango dugun. Bazkidez bazkide egingo dugu, gure ustez, guztiek garrantzi berbera baitute. Bazkide bakoitzak nahi duenean eseri behar du. 

 

Lehenengo taldea

Kenan Kodro: "Harrituta utzi nau, dohaina duelako: jaurtitzen dituen pilota guztiak barrura doaz. Aurrelaria izatea oso zaila da eta oso gutxi daude. Kodro apustu ona izango da, lehiakortasuna piztuko dielako eskarmentuko aurrelariei zein gazteei". 

Álex Remiro: "Mutil jatorra da, baina ez dakit zergatik erabaki zuen Athletic uztea. Espero dut kirolari lotutako erabakia hartu izana. Erratu egin dela uste dut, baina gure jokalaria den bitartean, errespetu osoz jokatuko dugu berarekin, zelan ez". 

Markel Susaeta / Gaizka Larrazabal: "Taldeko jokalariak nortzuk izango diren Garitanok eta Alkortak erabaki behar dute, ez nik. Gero nik euren erantzukizuna betearaztea eskatuko diet. Eta jokalariek maila erakutsi behar dute, datorren taldean jokatu ahal dutela erakusteko". 

Fitxaketak: "Ikusiko dugu. Nork bere bidea egiten du: Vesgak, Javi Martinezek, edozeinek... Gure jokalariak miretsi behar ditugu. Guztiok egiten ditugu errakuntzak, eta horiek zuzentzeko aukera ere badugu. Llorente? Athleticen zaleek miretsiko duten edo ez, hori bere esku dago. Dena dela, kirol arduradunek batez ere etxean duguna aztertu dute; eta kanpoko baten batek maila altuagoa ematen badu, hona ekartzen saiatuko gara, diru nahikorik badugu. Ez dugu aurrekontu-orekarik apurtuko. Aurrekontua bazkideek urrian onartutakoa da, sakratua". 

 

"Txorierri leku zoragarria da"

Aitor Elizegi Alberdi (Bilbao, 1966) Santutxun jaio zen, Bilbon, eta bertan piztu zitzaion futbolerako zaletasuna. "Ez zegoen beste aukerarik, auzoa landaz beteta zegoelako eta guztiok Santutxu taldeko zaletuak ginelako. Santutxu eta Athletic taldeek beti izan dute harreman estua. Eta ia ohartu barik, Athletic norberaren bizitza bihurtzen da: lau lagun, familia, sukaldaritza eta Athletic. Zoriontsu sentitzen naiz hemen jaio izanagatik".  

Han jaio, baina Txorierrira ezkondu zen 30 urte zituela. Aldaketa ederra, Santutxuk dituen jendetza eta algaratik Txorierrik eskaintzen duen lasaitasunera. "Bai, batzuetan erritmoa moteltzea ondo datorkit eta Txorierrin hori egiteko ere aukera dut". Aitor oso gustura dabil gure artean. "Txorierri leku zoragarria da. Behar dudan guztia haranean berton dago, edo hemendik gertu-gertu: lana, itsasoa, Santutxu… Txorierri ausarta eta ekintzailea da: Bizkaian etorkizunean gertatuko diren gauza garrantzitsuak hemen gertatuko dira. Kulturari begira, euskaldun peto-petoak dira, tokian tokikoa defendatzen dute, konpromisoa dute herrialdearekin, euskararekin, emakumezkoekin...". 

Elizegiren familiak jatetxe bi ditu Zamudion, Gaminiz eta Erreka Ondo, eta bera herriko bizitzan dago inplikatuta. Esate baterako, seme biek Zamudio KE taldean jokatzen dute, kadete mailan. "Taldeko futbol eskola guraso batzuk bultzatu genuen orain 10 urte. Eskola gero eta hobea da eta horregatik harro-harro gaude. Oso polita da haraneko beste taldeen kontra jokatzea, lehia bizia eta kiroltasunez betea. Horrek jaten ematen dio gure futbolari".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).