Kezkatuta agertu dira 11-13 sumarioko auzipetuak, baina baikor

Aikor aldizkaria 2019ko mai. 13a, 13:08

Apirilean, Auzitegi Nazionalak iragarri zuen irailaren 16an egingo zela 11-13 sumarioaren epaiketa. Fiskaltzak zortzi urtetik 20 urtera bitarteko espetxe-zigorrak eskatu ditu epaituko diren 47 lagunentzat. Horietako bat Ibon Meñika zamudioztarra da; beste bat, Nagore Lopez de Luzuriaga, Zamudion bizi da; eta beste bat, Naia Zuriarrain, Larrabetzun. “Kezkatuta gaude, noski, zigorrak oso handiak direlako, baina, gutxienez, Euskal Herrian elkartasuna adierazi digute hainbat eragilek: sindikatuek, kultura arloko lagunek…”, esan digu Meñikak.

Akusatuak euskal presoen aldeko zenbait elkartetan zebiltzan (Herrira, Jaiki Adi eta Etxerat). Gainera, abokatuak eta bitartekariak ere badira auzipetuen artean. Guztiei ETA erakundearen kideak izatea leporatzen diete. Euren esanetan, epaiketa zentzugabekeria da. “Presoen eskubideen aldeko manifestazioak antolatzeagatik, presoak epaitegietan defendatzeagatik, bitartekari lanak egiteagatik eta presoen senideak izateagatik epaitzen gaituzte”, adierazi dute ohar batean.

Inputatuak behin-behineko askatasunean daude, eta bi asterik behin epailearen aurrean agertu behar dute. Meñikak azpimarratu du epaiketak ekarriko dituen ondorioak. “Dirutza gastatu beharko dugu: batetik, abokatuak ordaintzeko. Izan ere, hasiera batean geneuzkanak ere atxilotu dituzte eta beste batzuk kontratatu behar izan ditugu. Eta bestetik, irailetik azarora bitartean 20 saio ditugu epaitegian, hau da, hainbat aldiz joan beharko dugu Madrilera eta bertan gaua eman”.

“Hala ere, txarrena hau da: makroprozesu honek ez dauka zentzurik Euskal Herrian, noiz eta 2019an, ETA desagertuta dago eta. Auziaren instrukzioa egin duen Eloy Velasco epaileak berak jarri du zalantzan gure elkarteak ETA erakundeko kideak izatea. Jarraitu nahi dugu gure herrian, azken urteotan, bake eta elkarbizitzaren alde eman diren pausoak ematen, baina, antza denez, Estatu espainolak, ez. Gu garen bezala aurkeztuko gara epailearen aurrean, gure lana publikoa eta gardena delako. Presoek laguntza behar dute eta ezin gaituzte horregatik epaitu”.

Auzipetuak defentsa prestatzen dabiltza. “Mobilizazio herritar indartsu bat prestatzen hasi gara, epaiketa honen bidegabekeria ikaragarria salatzeko, jasotzen ari garen elkartasun guztia antolatzeko eta epaiketa honen oinarrian dagoen preso eta erbesteratuen egoera konpontzeko aldarrikatzeko, adierazi dute ohar batean. “Ekinbide ezberdinak ditugu esku artean, eta ekainaren 1ean Donostian egingo dugun agerraldian emango ditugu xehetasun guztiak”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).