Milaka lagun batu ziren Zamudioko Azokan

Aikor aldizkaria 2019ko aza. 5a, 11:27

Udalak jakinarazi duen moduan, asteburuan milaka lagun hurbildu ziren Zamudioko Azokara. Alde batetik, jendetza handia batu zen Txokolate, Gozoki eta Artisautza Azokan zapatuan; bestetik, ohikoa den moduan, Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokak lagun asko erakarri zuen domekan. Halaber, Euskadiko Limusin arrazako Abelgorri Txapelketa egin zen Kotxozulo parkean, eta, besteak beste, artisau-garagardoa, gazta eta txakolina dastatzeko aukera egon zen. Sariak ere banatu ziren.

Txokolate, Gozoki eta Artisautza Azoka zortzigarren aldiz egin zen. Udalak azaldutakoaren arabera, hartan gero eta jende gehiago biltzen da urterik urte, eta ezinbesteko hitzordu bihurtu da Euskadiko produkturik onenak dastatu ahal izateko. Gainera, herri-bazkaria egon zen, eta Eusko Labedun indabak eta txerrikia eta Zamudioko artisau-garagardoa eskaini ziren.

Bestalde, Zamudioko Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka 34. aldiz antolatu zen. “Bizkaiko azokarik garrantzitsuenetariko bat da, lehen sektoreari ematen dion laguntzagatik eta urtero jende anitz erakartzen duelako”. Zamudioraino hurbildu zirenek baserriko kalitate handiko produktuak erosi ahal izan zituzten, hala nola ortuariak, fruta, eztia, ogia eta pastelak.

Domekan, azokako sariak ere banatu ziren eta irabazleak hauek izan ziren: Begoña Lumbreras (Berango), barazki-saltokirik onena; Itziar Etxebarria (Gatika), fruta-saltokirik onena; Igor Txurruka (Markina), gaztarik onena; Erdikoetxe (Lezama), txakolin zuririk eta beltzik onenak; Sasine (Larrabetzu) txakolin gorririk onena; eta Magalarte, tokiko txakolinik onena. Horrez gain, hauek izan ziren Limusin arrazako Abelgorri Txapelketaren garaileak: Alfonso Fernandez (Muskiz), zezen nagusirik onena; Asier Etxeberria (Oiartzun), behi nagusirik onena eta ganadutegirik onena; Fidel Abans (Orozko), intseminazio artifizialaren bidezko produkturik onena eta ar gazterik onena; eta Iñaki Zunzunegi (Zumarraga), eme gazterik onena.  

Lorra kooperatibak 27. aldiz antolatu zuen Limusin arrazako Abelgorri Txapelketa. Horretarako, hauen laguntza eduki zuen: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Zamudioko Udala eta BBK. Lehiaketak arraza eta bere hobekuntza genetikoak ezagutzera ematea du helburu. Era berean, topalekua da abeltzainentzat eta enkantean 10 buru saldu ziren.      

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).