“Egun osoa emongo neuke patinetan”

a: Pal Munduko Koparen argazkilaria 2019ko aza. 19a, 13:37

Katalin Zarate Sanz, patinatzailea

Urrian, Inline Patinaje Aristikoaren Munduko Txapelketea egin zan lehen aldiz, eta zamudioztarra lehena gelditu zan begginer kategorian. Hamabi urteko gaztetxoak orain zortzi urte hartu ebazan patinak estreinakoz, eta harrezkero hiru patinaje-motatan ibili da: lerrokoa, tradizional artistikoa eta inline artistikoa. Pistan abileziaz eta azkar mugitzen da.

Txapelketea Leganesen egin zan eta bertan zazpi herritako 100 patinatzailek hartu eben parte. Herrialdeei jagokenez, Espainia, Frantzia, Italia, Errusia, India, Ukraina eta Belgikako partaideak izan ziran. “Pozik nago, bai. Ganera, kontuan hartu behar da bakarrik hilabete bi daroadazala inline patinaje artistikoa egiten. Onenak ukraniarrak eta errusiarrak izan ziran, nire ustez. Baina ni neu be ondo ibili nintzan nire kategorian (begginers edo hasibarriak), eta ondo sentitu nintzan. Esperientzia polita izan zan, errepikatzeko modukoa”.

Gaztetxoa lau urte ebazala hasi zan lerroko patinajea egiten, udalak antolatutako ikastaro bati esker. “Akabuan itxi egin neban, gehiago ikasteko aukerarik ez nebalako”. Patinaje artistiko tradizionalagaz –lau gurpileko patinak– saiatzea erabagi eban eta, Barakaldoko klub baten hilabete batzuk emon ostean, Show Getxo patinaje klubean sartu zan bederatzi urtegaz. Ordutik hona gogotsu ibili da entrenatzen eta, esfortzuaren ondorioz,  bakarrik urrats bat falta jako patinaje tradizionalean dagoen mailarik altuena eskuratzeko. “Ondo moldatzen naz ohiko patinajean: maila altu batean nago eta badakit salto onak-eta egiten”. Inline patinaje artistikoan –hiru gurpilduneko patinak– be trebea da, nahiz eta patinaje honetan denpora gitxi eroan. Munduko txapelketea irabazi izana horren adierazlea da. “Oraindino asko dot ikasteko”. Halanda be, eta oso ezbardinak badira be, bietan sentitzen da eroso. “Inline patinajeak oreka eta abiadura handiagoa eskatzen dau, beharbada; izotz gaineko patinajearen antzekoa da. Gurpilen materiala be ezbardina da, berme bakarra dago… Edozelan be, ondo egokitzen nabil”.

Bere indarguneen ganean galdetu deutsagunean hau erantzun deusku: “Nire burua gainditzeko grina, abiadura eta saltoak egiteko erraztasuna”. Era berean, talde on baten egotea lagungarria da. “Lagunak dira eta gustura nago. Hori be inportantea da”. Baita adorez entrenatzea be. “Martitzenetan ordu biko entrenamendua egiten dot inline patinajean; eta eguaztenetan, beste ordu bi ohiko patinajean. Eguenetan 45 minutuko gimnasia-saioa egiten dogu lesioak ekiditeko, eta zapatuetan lau orduko entrenamendua dogu: ordu bi, inline patinajean; eta beste ordu bi, tradizionalean. Domeketan bost orduko saioa egiten dogu, eta ohiko patinajea, showa eta dantza  lantzen doguz”. Ordu asko dira astean, baina neskak ondo daroa. “Batzuetan apur bat neketsua da, etxerako lanak be egin behar dodazalako –DBHko bigarren mailan nago–. Dana dala, badakit deporea ondo antolatzen eta atzenean danetariko tartea izaten dot; lagunakaz egoteko be bai”.

“Honeek dodaz indargune: nire burua gainditzeko grina, abiadura eta saltoak egiteko erraztasuna”

Beharra

Patinajetik birek, saltoek, musikak… erakartzen dabe. “Ez dakit; txikitatik egin dot eta patinatu egin behar dot. Egun osoa emongo neuke patinetan”. Patinajearen barruan modalidade asko dagoz, eta berak batez be estilo librea jorratzen dau (saltoak eta birak), showa (taldekide guztiak aldi berean dantzatzea) eta artistikoa. “Asko gustetan jat, eta entrenamenduetara joatea ez da bape nekagarria; asko disfrutatzen dot”. Patinaje tradizionalaren azken mailara ailegatzea dau helburu eta, holan, federatu ahal izatea. “Euskadiko txapelketetan parte hartu neike; maila handiagoko txapelketetan. Zenbait lehiaketan ibilia naz, baina horreek gehienbat ikasteko izan dira, pistara bildur barik urteteko, maila erakusteko… Bigarrena lotu naz batzuetan; hirugarrena, beste batzuetan…”.

Patinatzen saiatzeagaitik hasi zan, eta gaur egun argi dau, ahal izan ezkero, bizitza osoa emongo leukela gurpilen gainean. “Zorionez, ez naz inoz lesionatu”. Amaitzeko, eskaera bat dau: “Gustauko litxakit etxetik hurbil, adibidez, Zamudion bertan edo Derion, patinatzeko pista bat egitea. Pista itxia izan beharko litzateke eta, neurriei jagokenez, saskibaloiko edo areto-futboleko zelaiaren antzekoa. Zoruak egurrezkoa izatea mesedegarria izango litzateke, irristatzeko hobea dalako eta, erortzen bazara, ez dozulako min handirik hartzen. Ganera, ziur nago entrenatzeko leku egokia egoteak zaletasuna biztuko dauena”.

 “Gustauko litxakit etxetik hurbil patinatzeko pista bat egitea” 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).