Xabi Aburruzaga, trikitilaria

Trikitia eta musika zoriontasun

Aikor aldizkaria 2020ko urt. 7a, 12:42

Xabi Aburruzaga trikitilariak bosgarren lana kaleratu berri du: Bost. Trikitia ardatza dela, folk musikariak azken urteotako bizipenak doinu bilakatu ditu disko horretan. Iñaki Aurrekoetxeak CDaren barruko liburu txikian idatzi duenez, “zentzumen oro gozarazteko moduko soinuak dakartza bosgarrenak”. Xabi´s Road Zamudioko estudioan, solasaldi ederra izan dugu Aburruzagarekin lan berriari eta bere ibilbideari buruz.   

Trikitilariak azaroan aurkeztu zuen Bost lana Bilboko Kafe Antzokian. Bere bandako musikariek lagundu zioten oholtza gainean –Aitor Uribarri, perkusio-jotzailea; Eriz Perez, gitarra akustiko-jotzailea; Jon Cañaveras, kontrabaxista; eta Koldo Uriarte, teklatu-jotzailea–, baita Tanxugueiras Galiziako hirukoteko pandero-jotzaileek eta Argibel Euba eta Iñigo Olazabal txalapartariek ere. Kontzertuari ikasleekin batera eman zion amaiera bikaina; gehienak, zamudioztarrak. Disko berria atera osteko lehenengo emanaldiak korapilatsuak izan ohi dira, zuzenekoa ere lantzeko beharra baitago, baina Aburruzaga pozik irten zen antzokitik, bai eskainitako musika-ikuskizunagatik, bai publikoaren aldetik jasotako beroagatik.

 

“Oso disko pertsonala irten da konturatu gabe”

 

Bere bosgarren lana izateaz gainera, barnerako bidaia da Bost diskoa. Horretan, azken urte bi eta erdiko bizipenak kontatzen ditu, eta azken urteotako bidaiek eragindako hausnarketak ere bihurtu ditu doinu. “Oso disko pertsonala irten da konturatu gabe”, azaldu du. Lana 14 abestik osatzen dute eta, besteak beste, aitita-amamen herrira egindako bidaien oroitzapenak ("Bilbao-La Robla" eta "Waltz for Velilla") eta Quebecen ("Reel québécoise"), Galizian ("Meigas") eta Palestinan ("Non da Palestina?" eta "Nadirren giltza") izandako esperientzia eraman ditu hara. Omenaldiak ere badaude diskoan: euskal diasporari ("Zortzi jauzi"), bere trikitilari-maisuei ("88ko txapelketa") eta lagun minaren aitari ("Irumugarrieta 2.0"); eta semeari eskainitako abestia ("Izei"). Usadio zaharrei eutsita, urtero joaten da Mekoletara hainbat lagunekin –Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Josu Zabala, tartean–, eta plaza horretako momentuak jaso ditu izen bereko abestian. Gainera, bideoklipa grabatu du "Atxarre" kanturako eta bosteko erritmoa erabiltzera ausartu da lanari izena ipintzen dion abestian. "Hauspoaren infernutik" piezak kutsu klasikoa du, baina trikitilariaren eta bere bandaren ukituarekin.   

 

“Bost ez da bakarrik nire lana, diskoan parte hartu duten guztiena baizik”

 

Bata bestearen atzetik aipatu dizkigu diskoan parte hartu duten musikari guztiak; Euskal Herrikoak, Estatutakoak zein nazioartekoak. Horien artean, hauek daude: Yves Lambert kanadarra, hasieran esandako Tanxugueiras, Calum Stewart eskoziarra, Mikel Markez, Andrea Bidart eta Voices From Boise taldea. Bestalde, bost abestik letra dute eta egileak hauek izan dira: Unai Iturriaga ("Mekoleta"), Iñaki Aurrekoetxea ("Meigas", "Non da Palestina?" eta "Zortzi jauzi") eta Miren Amuriza ("Nadirren giltza"). “Xabi Aburruzaga dakarren arren, hau ez da bakarrik nire lana, diskoan parte hartu duten guztiena baizik. Zintzotasunez jokatu behar da: jende askoren lana izan da beharrezkoa emaitza hau lortzeko, teknikariena ere bai”. Diskoa Xabi´s Road estudioan, Zamudion, grabatu da eta Dublineko Masterlabs estudioan masterizatu da. CD fisikoari balio gehigarria emateko, eskuz egindako marrazkiez apaindu da barruko koaderno txikia.

 

“Rufino Arrola oso pertsona inportantea izan da niretzat, lehenengo trikitia berari erosi nion eta”

 

Folk-usaina

Bizkaiko Trikitixa (2007) Aburruzagaren lehen lana izan zen. Gure lurraldeko trikitilari zaharren piezen zatiak hartu, eta bere estilora moldatu zituen diskoan. "Aupa Rufino" Rufino Arrolaren omenez egindako kanta ere sartu zuen. “Oso pertsona inportantea izan da niretzat, nire lehenengo trikitia berari erosi nion eta”. Denboraren naufrago lana handik urte bira eman zuen argitara. “Nik neuk konposatutako kantak daude bigarren lan horretan eta, esaterako, Mikel Markezek eta Oreka Tx taldeak kolaboratu zuten. Folka ezagutzen hasi nintzen, baina artean nire estiloa zein zen jakin barik. Hirugarren diskoan, Geure (2013), estilo zehatz batera jo genuen: etnikoagoa, kontrabaxua, biolina… eta folk-usaina antzematen hasi zen; trikitiaren espiritua galdu gabe, ordea”. Lanak oso harrera ona izan zuen Estatuan eta atzerrira bidaiatzeko aukera etorri zen. Era berean, Ortigueirako Nazioarteko Jaialdian irabazle izan ziren. “Estiloa erabat aldatu genuen Keltik diskoan (2016). Galiziarrak, asturiarrak eta kantabriarrak zeltak dira; gu, ez. Hala ere, Euskal Herrian moduan, herri horietan ere pandero-jole asko daude eta hor lotura bat dugu. Hori dela eta, oso gertu sentitzen naiz kultura zeltatik”. Keltik lanean Eskoziako, Bretainiako, Irlandako, Galiziako eta Asturiaseko musikariek hartu zuten parte, eta diskoak musika zeltaren munduko jaialdietako ateak zabaldu zizkien; adibidez, Celtic Connections jaialdikoak.

 

“Harro nago euskalduna izateaz eta trikitia asko maite dut, baina istorio berriak kontatu behar dira”

 

Beraz, euskal sustraietan oinarrituta, erakutsi du trikitia beste kultura batzuetako soinuekin uztartu daitekeela. “Oso harro nago euskalduna izateaz eta trikitia asko maite dut; nolanahi ere, 2019. urtea amaitzear dago eta uste dut istorio berriak kontatu behar direla. Instrumentua garatu da eta, aspaldian erakutsi denez, oso ondo uztartzen da rockarekin, jazzarekin, folkarekin, dj erritmoarekin… Euskal marka ere bilakatu da”. Tradizioak zein modernitateak lekua dute Aburruzagaren lanean. “Tradizioa, jakiteko nondik gatozen; alabaina, artista asko daude gaur egun: Kepa Junkera, Joseba Tapia, Xabi Solano, Alaitz eta Maider… eta horiek dira egungo ispiluak trikiti munduan. Gero, nik ispilu asko ditut  –La  Bottine Souriante, kasurako, nire talde kutunenetariko bat da–, eta ederra da norberaren musika eta kultura beste herri batzuetakoekin elkartzea”. Horri lotuta, Bost oso disko globala eta zabala dela adierazi du. “Herri askotan oin hartu dugu azken lana egiteko, eta gustatuko litzaidake herri horietara itzultzea eta hangoei erakustea niretzat zer den euren herria”.

 

“Naizen modukoa izaten uzteaz gainera, trikitiak egundoko askatasuna ematen dit sortzeko”

 

Hegan egin

Zazpi urte zituela solfeoa ikasteari ekin zion, etxeko giroak kutsatuta. Eskusoinua jotzen zuen kontserbatorioan, eta instrumentuarekin ondo moldatzen zen arren, gaizki konpontzen zen eskoletako zorroztasunarekin. “Niri trikitiaren soinua gustatzen zitzaidan benetan eta, partiturari jarraitu gabe, entzunez jotzea. Kartzelan bezala sentitzen nintzen: gozatzen nuen, musika maite nuelako, baina ezin nuen hegan egin”. Aitari alamena eman ostean, hark trikitia erostea lortu zuen 12 urterekin. “Rufinori galdetu nion ea partituraren bat zuen eta harrituta begiratu zidan: Zer diozu? Zer partitura eta zer arraio!”. Ekinaren ekinez eta ikertuz bere lekua topatu du trikitiaren munduan. “Naizen modukoa izaten uzten didan instrumentua da eta egundoko askatasuna ematen dit sortzeko. Egia da muga batzuk ditugula, nota batzuk ezin direlako jo, baina bideak topatu behar ditugu muga horiek gainditzeko”. Irakasle Iñaki Zabaleta, Imuntzo, Kepa Junkera eta Joseba Tapia izan ditu. “Nahiz eta guztiengandik asko ikasi dudan, bereziki Kepa eta Joseba azpimarratuko nituzke. Oso irakasle eskuzabalak izan ziren eta, gainera, ekarpen itzela egin diote trikitiari: hainbat disko, pieza, ekarpen… Kepa jaialdi askoan egona da eta trikitia berari esker da munduan ezaguna. Asko dugu biei eskertzeko. Eta jakina, trikitilari zahar asko ere aipatuko nituzke, baita gaur egun modan dauden taldeak ere. Talde modernoek iraultza ekarri dute trikitira eta erakutsi dute gauza berriak egin daitezkeela”.

 

“Talde modernoek iraultza ekarri dute trikitira eta erakutsi dute gauza berriak egin daitezkeela”

 

Aburruzagak trikiti eskola ere ematen du; irakasle 20 urte baino gehiago daramatza. “Herri askotan ibilia naiz: Getxon, Bilbon, Urdulizen, Portugaleten… Gaur egun, berriz, bakarrik Zamudion ematen dut eskola, astean hiru egunetan, musikagintzari denbora gehiago eskaini nahi diodalako”. Denboraren poderioz metodo propioa garatu eta material asko sortu du. YouTuben kanala ere badu: Trikileku. Bisitak Euskal Herritik zein munduko zenbait txokotatik jasotzen ditu. Ikasleei banako eskola ematea gustatzen zaio, eta trikitia jotzen lehen egiten zen moduan irakatsi: maisua eta ikaslea aurrez aurre, soilik instrumentuak lagunduta. “Urteetan ez da partiturarik egon; orain badaude eta irakasleontzat eroso izan daiteke ikasleei esatea hurrengo eskolarako, adibidez, bos­garren orrialdea ikas dezatela. Halere, hori bakarrik eginez gero, pieza-jotzaileak baino ez ditugu heziko. Nik ikasleei dena jakin behar dugula diotset: partitura irakurtzen, entzunez jotzen, kantu bati audioa atera eta tonua aldatzen… Partiturarekin gabiltzanean irakurtzen dugu; belarriz gabiltzanean, ordea, kantuaren barruan sartzera behartuta gaude, doinurik gogoratu ezean jai dugulako. Beraz, belarria eta sorkuntza aktibatzen dira. Eta ez dut esan nahi guztiok konpositoreak izan behar dugula, baina, nire ustez, garrantzitsua da pieza bat entzun eta momentuan jotzea, gure hutsegiteekin; gero joango gara lantzen eta hobetzen. Sortzeko orduan ere bakarrik behar ditugu trikitia eta gogoa: jo, grabatu eta gero idatziko dugu”. Horri lotuta, ikaslearen sormenezko lana beti txalotu eta goraipatu behar dela adierazi du. “Bere buruan musika dantzan dagoela esan nahi du eta aintzat hartu behar da”. Ikasleek berari buruz oso irudi positiboa izatea gustatuko litzaioke, eta lagundu diela pentsatzea.

 

Baikor

Bere ibilbidean, kolaborazioak egin ditu hainbat musikarirekin, hala nola Oskorri, Kepa Junkera eta Ganbara taldea. Anxo Lorenzo gaita-jotzailearen eta Xavier Diaz abeslari galiziarraren lanetan ere hartu du parte, eta irribarrez gogoratu du Carlos Nuñezekin Madrilen eman zuen kontzertua. “Paddy Moloney eta Jon Pilatzke The Chieftaints talde irlandarraren kideak ere izan ziren emanaldi horretan, ni beraiekin oholtza gainean, eta kontzertuan ibili nintzen ez nekiela eurei ala publikoari begiratu”. Halaber, Gwendal Frantziako taldeak 2015ean Getxo Folk jaialdian grabatu zuten diskoan parte izan zen. “Balio handiko kolaborazioak dira guztiak. Beste ukitu eta ikuspuntu bat duten musikariak dira eta oso polita da euren lanari ekarpena egin ahal izatea. Bestalde, trikitia eta bere soinua lau haizeetara zabaltzen laguntzen duzu”.

Trikitilariaren esanetan, instrumentuak askatasuna eman dio eta bere nortasuna erakusteko gailu bilakatu da. Baikor agertu da trikitiaren etorkizunari dagokionez. “Ikasle-kopuruaren harira esango nuke, 90eko hamarkadan gertatu zen moduan, boom bat egongo dela. Garai hartan erromeria asko izan ziren, eskola pila bat, disko anitz… Ostean beherakada egon arren, trikitia egonkortu egin da eta hainbat lekutan dago: erromerietan, folk zirkuituetan, rock taldeetan, tradizioari eusten dioten trikitilariak, pieza zaharrak berreskuratzen dituztenak…”.  Haatik, kezkatuta azaldu da gaztetxoek dituzten eskolaz kanpoko ekintzekin. “Gehiegi dira askotan eta denbora gutxi dute aisialdirako. Horregatik saiatzen naiz trikitia aisialdiaren barruan sartzen, eta esaten diet hau ez dela ikastetxea eta hemen gozatzeko gaudela. Eskola dibertigarria izaten saiatzen naiz, eta euren talde kutunen abestiak ere jotzen ditugu”. Gazteak balioetsita sentitzea ezinbestekotzat jotzen du, eta trikitiaren bidez beraiek alaitzen ere ahalegintzen da, gainerako lanei pozik heldu ahal izan diezaieten. “Trikitia eta musika zoriontasuna dira niretzat. Jotzen nabilen bitartean ez dago arazorik, ez beste ezer; kezkak desagertu egiten dira eta ikasleei hori helarazten saiatzen naiz”.

 

 

Zamudiotartua

Xabi Aburruzaga (Portugalete, 1978) 22 urte zituela etorri zen Txorierrira. Etxebizitza Zamudion erosi zuen eta bertan ipini zituen martxan grabazio-estudioa eta Trikileku eskola. Gaur egun Sopelan bizi den arren, jarraitzen du estudioa zein eskola Zamudion izaten. “Hamaika urte eman ditut berton eta oso gustura egon naiz. Neure txokoa da: bakea, euskaraz bizitzeko aukera, paisaia ederra… Dena dela, egia esan, orain lehen baino ordu gehiago ematen ditut hemen, ze lehen leku batetik bestera ibiltzen nintzen egun osoan”. Bertoko soinu tresnen elkartean ere izan zen irakasle, eta Zamudio lehen, orain eta beti diskoan hartu zuen parte. “Zamudio oso berezia da niretzat, berton emandako urteengatik eta zenbait belaunalditako gazteei eskola eman diedalako. Gainera, urtero San Tomas jaietan jotzen dugu eta nabaritzen dut hainbat urteren ondoren bertoko herritartzat naukatela; maitasuna sentitzen dut”.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).