Joana Lara, Emakume Baserritarra saria jaso duen lehen emakumea

Aikor aldizkaria 2020ko urt. 22a, 12:50

Hirurogeita hamabi urteren ostean, Emakume Baserritarra saria eman zuen BBK-k lehendabiziko aldiz San Tomas azokan. Saria Jona Lara zamudioztarrak jaso zuen, eta, aitortu duen moduan, golardoak ustekabean harrapatu zuen.

“Ordu batak baino apur bat lehenago Euskal Museoan egon behar nuela esan zidaten, eta nik ez nekien zertarako. Egia da hilabete bi lehenago, Areatzan egiten den Gure Lurreko azokan, kontatu zidatela San Tomasen lehendabiziko aldiz Emakume Baserritar saria emango zela, baina nik pentsatu nuen nagusi batek jasoko zuela eta ezta sariaz gogoratu ere. Bestalde, nik ez nuen lehiaketara produkturik aurkeztu, eta, hortaz, ez nuen oso ondo ulertzen zer gertatzen ari zen”. Bere hitzetan, Euskal Museoan azaldu zenean hasi zen egoeraz ohartzen.

“Klaustroa oso polito zegoen eta azokan salmentan ipinitako produktuak zeuden ikusgai; nire karakolak, haien artean. Ikaratzen hasi nintzen. LORRAko teknikari batzuengana hurbildu nintzen eta aipatu nien han egoteko deia jaso nuela, antza, sari bat emango zidatela. Hau esan zidaten: «Emakume Baserritar saria zuri emango dizute, beharbada. Joana, gogoangarria izango zara». Urduriago ipini nintzen orduan”. Zamudioztarraren ustez, sari inportantea da emakume baserritarren lana jendaurrean aitortzen du eta. “Emakumeak beti egon dira baserrian, baina ustiategi gehienak haien senarraren izenean egon ohi dira; oso ustiategi gutxi daude emakumeen izenean. Era berean, gero eta baserritar gutxiago daude eta daudenen artean oso gazte gutxi daude. Emakume baserritar gazteak ere askoz gutxiago gara. Ea sari hau beste eragingarri bat den lehen sektorean lan egitera jende gehiago animatzeko!”.

Joana Larak duela bost urte ipini zuen ustiategia Goierrin martxan, Erandion. Nekazaritza ekologikoko produktuak ekoizteaz gainera, karakol-haztegia du bertan. “Lan handia den arren, pozik nago; oso gustura”.