Nekazamudio

Nekazaritza-azoka solidarioa

Aikor aldizkaria 2020ko urt. 27a, 10:43

Nekazamudio alkartea orain dala hiru urte sortu zan Zamudion, eta handik hona kideek nekazaritza-azoka antolatzen dabe hileko lehenengo zapatuan, herriko Kultura Etxean. Hurrengo hitzordua otsailaren 1ean izango da, eta egun horretan azoka solidarioa egingo dabe Lagunandre alkarteagaz batera. Ganera, Nekazamudioko ekoizleen datuak batzen dituan liburuxka aurkeztuko dabe jente-aurrean.  

Zamudioko alkarteak hilero konbidatzen dau talde edo ekoizle bat azokan parte hartzera. Otsailean Lagunandre herriko emakumeen alkartearen txandea izango da, eta bien artean azoka berezia antolatuko dabe. “Tostada eta txokolate solidarioa ipiniko dogu euro baten salgai. Lagunandrekoek tostadak egingo dabez; eta guk, txokolatea”, azaldu dau Ibai Etxebarriak. Batzen dan dirua Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko Alkarteari (Adembi) emongo deutsie. “Lagunandrek azoka solidarioa egiten dogu hiruzpalau aldiz urtean, eta bertan geuk egindako gauzak saltzen doguz: amantalak, eskumuturrekoak, baserritarren jantziak, mendigoizaleak, artilezko xalak… Igaz 1.600 euro batu genduzan eta inoz 2.200 euro be batu doguz. Oraingo honetan be nahiko ondo goaz, ja gauza asko salduta doguz eta. Dirua irabazi asmo bako Bizkaiko alkarteren bati emon ohi deutsagu”, aitatu dau Loli Bolumburu presidenteak. Tostadak eta txokolatea 11:30etik aurrera egongo dira salgai. “Tostaden garaia da, beraz, oso ekintza egokia da”.

Azokea bereizteko eta hari balio erantsia emoteko, alkartetik kanpoko ekoizleren bat edo herriko talderen baten kideak be izaten dira hilero Nekazamudion eta bestelako ekintza egiten dabe. Berbarako, Ortutik ahora catering agroekologikoak sukaldaritza tailerra eskaini dau sasoiko produktuak erabilita, eta Zizegorri alkartekoek pintxo gozoa egin eben perretxikoakaz eta herriko ortuariakaz. Zamudio Racingekoek skalextrica ipini eben, eta Kantarelux taldekoak kantari dantzari ibili ziran. “Egia esan, herriko ia alkarte guztiek hartu dabe parte moduren baten edo bestean azokan. Gure ustez, oso garrantzitsua da alkarregaz lan egitea: batetik, hareek herriko baserritarrok hartzen gaitue kontuan; bestetik, guk dogun lekua izten deutsegu ekintzak egin daiezan. Era berean, beste biztugarri bat da herritarrak azokara etortzera animatzeko”, esan dau Etxebarriak.

 

Informazino-liburuxka

Bestalde, Nakazamudiokoek liburuxka bat be aurkeztuko dabe 12:00etan. “Alkartearen barruan gagozan ekoizleen datuak eta informazino orokorra bildu doguz, baita azokaren urteko egutegia be. Helburua da kontsumitzaileei ekoizleakaz zuzeneko harremana izateko aukerea emotea”. Nekazamudio alkartean bederatzi ekoizle dagoz eta, besteak beste, produktu honeek eskaintzen dabez: eztia, ogia, ortuariak, karakolak, txarrikiak, marmeladak eta txakolina. “Azpimarratu gura dogu oso garrantzitsua dala ekoizleari zuzenean erostea, produktu freskoa, 0 km-koa, sasoikoa, herrikoa eta kalidade-prezio erlazino ezin hobea dauena erosiko dogulako. Halaber, herriko ekoizleoi erosita, lagunduko deuskue gure jarduereagaz aurrera jarraitzen, lanpostuak sortzen eta baserria ez desagertzen”.

Nekazamudio 2016. urtean sortu zan eta gaur egun bederatzi ekoizle dagoz bertan, emakumezkoak zein gizonezkoak. “Parke teknologikoa-eta dogun arren, Zamudio beti izan da herri baserritarra. Gure izaerari eta ohiturei eusteaz ganera, alkartearen bidez gura dogu gure jarduerea ezagutzera emotea, eta kontsumitzaileen eta ekoizleen artean zuzeneko harremana sustatzea”. Erronkak be badaukiez. “Erronketako bat enpresa handiei produktua saltzea da. Izan be, langile batzuek produktua erosten deuskue ja, eta kontua da merkatua pixkanaka-pixkanaka zabaltzea”.

Bestetik, Lagunandre alkartea 2004. urtean sortu zan eta gaur egun 18 urtetik 90 urtera bitarteko 130 kide ditu. Presidentearen esanetan, alkartea herriko emakumezkoen alkargunea izateko sortu eben, eta bertan hainbat jarduera egiteko batzen dira, esaterako, puntua egitea eta kartetan jokatzea. Hitzaldiak eta urteerak be antolatzen dabez urtean zehar.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).