Maialen Olabarrieta Rodriguez, arraunlaria

“Aurrera lantaldeak eroaten zaitu”

Aikor aldizkaria 2020ko urt. 29a, 12:47

Zamudioztarra kirolzalea da txikitatik, baina bakarka egin ohi eban: igeri egitea, mendira joatea, zaldiz ibiltzea… Talde-kirola Estatu Batuetan ezagutu eban sakon, Keene herrian (New York) emondako denporaldian. Etxera itzuli zanean, argi izan eban talde-kirola egiten jarraitu gura ebala, eta, aukera batzuk aztertu ondoren, arraunketan ahalegintzea erabagi eban. Gaur egun Deustu Arraun Taldeko arraunlaria da.

“Igaz hasi nintzan arraunketan. Zergatik Deustun? Bada, klubaren gainean eretxi onak entzunda izateaz gainera, etxetik hurbil dagoalako. Udan gurasoakaz joan nintzan instalazinoak ikustera eta baldintzak-eta ezagutzera eta izena emon neban”, azaldu deusku. Hamazazpi urte dauzan arren, eta ondorioz gazte mailan egon beharko baleu be, senior mailan dabil klubaren beharrizanengaitik. “Talde-lana oso garrantzitsua da arraunketan, trainerua zuk bakarrik mugitzea ezinezkoa dalako: aurrera lantaldeak eroaten zaitu. Era berean, taldekideakaz denpora asko pasatzen dozu eta, beraz, hurbiltasuna sentitzen dozu”.

Traineru-denporaldia ekainean hasten da eta entrenamentua data horri begira planifikatzen da. “Orain, astean bost egunetan entrenatzen dogu; gero, sei egun. Aste barruan gimnasioan ibiltzen gara, eta barikuetan eta zapatuetan uretara urtetan dogu. Hilek aurrera egin ahala, joango gara gimnasio orduak kentzen eta uretara sarritan urtetan. Akabuan, udan, entrenamentu modu hau izango dogu: asteko egun batean gimnasiora, hurrengoan atsedenaldia eta gainerakoetan uretara. Gogorra da, baina zeozer gustetan jatzunean ez deritxazu hain gogorra danik”. Zezeiletik maiatzera bitartean batel-denporaldia izango da, eta gero, trainerillena. Olabarrietak oraindino ez daki horreetan parte hartuko dauan: erabagia klubak hartuko dau.

Azken denboraldian, Deustu Arraun Taldea hirugarrena lotu zan ETE ligan (Emakumeen Traineru Elkartea). “Egia esan, ni ez nintzan askorik lehiatu, hasibarria nintzalako, baina oso esperientzia ona izan zan. Bestalde, nahiz eta estropada baten parte hartu ez, gainerako taldekideei laguntzen neutsen presteta-lanakaz eta prest egon behar neban, inork mina hartzen baeban be, bere ordez arraunean egiteko. Orduan zure taldeak irabazi edo ez irabazi adrenalina sentitzen dozu”. Zamudioztarrak Pasaiako, Donostiako eta Lekeitioko estropadetan hartu eban parte. “Zirrara handia sentidu neban eta hasieran oso urduri ibili nintzan. Arraunean zabilzanean adrenalina asko sentitzen dozu, eta gero apurtu-apurtuta amaitzen dozu. Pozik nago egindakoagaz”.

 

Burrukatu behar

Bere esanetan, taldeak hobetzea du helburu datorren denporaldiari begira, eta horretarako alderdi batzuk hobetu beharko dabez. Modu berean, aitatu dau arraunketan gero eta emakume gehiago sartzen dirala eta, hortaz, maila gero eta altuagoa dala. “Burrukatu behar da”. Komunikabideek be kasu handiagoa egiten jabilkoz emakumeen kirolari aspaldi honetan, arraunketea barne, eta hori pozgarria da, bere eretxiz. “Afizinoak, berriz, kasu gehiago egiten deutsee gizonei, emakumeen talde askok esfortzu eta inplikazino bera izan arren”. Deustuko klubak nesken alde egiten dauala esan deusku. “Esaterako, nutrizionista bat ipini deuskue eta traineruari behar moduko mantenimentua egiten deutsie”.

Gazteak arin hartu dau arraun egiteko teknikea. “Apurka-apurka joaten da indarra hartzen eta teknikea hobetzen. Dana dala, esan deuste zortzi urte behar dirala arraunlari osoa izateko. Ahalegindu behar da”. Helburu zehatzik ez badau be, arraunketan ahal izan arte jarraitu gura dau eta erabagiak eginean-eginean hartuko dauz. “Arraunketea asko gustetan jat eta ondo pasatzen dot”. Lagunakaz egoteko denporea kentzen deutso eta elikadurea jagon behar dau. Udan be ezin da oporretara joan. Halanda be, atsotitzak dinonez, gogoko tokian aldaparik ez. “Joan dan udan, adibidez, ez nintzan bakarrik entrenatzen ibili; Euskal Herri osoko kostaldetik ibili nintzan taldekoakaz eta ondo pasatu neban”.

 

Kirola eta ingelesa

Maialen Olabarrieta Batxilergoko bigarren mailan dabil eta Ingeles filologia ikastea gustauko litxaio. Irlandan egona da eta orain urte bi Estatu Batuetara joan zan ingeles-maila hobetzera. “Herri txiki baten izan nintzan, Keenen (New York),  neuk halan aukeratuta, eta oso ondo egon nintzan: lagun pilo bat egin neban bertan, eta bigarren familia”. Azaldu deuskunez, maila akademikoa baxuagoa da Estatu Batuetan, eta horregaitik, nahiz eta berton DBHko laugarren mailan egon, han Batxilergoko lehen maila egin behar izan eban. “Aukera asko dabez eskola ostean kirola doan egiteko. Garrantzi handia emoten deutsie kirolari, eta onenek bekea jasotzen dabe unibersidadean ikasteko, oso garestia da eta”. Zamudioztarrak saskibaloian, futbolean eta softball-ean jokatu eban han izan zan bitartean.

Bere esanetan, ikasgai antzekoak doguz han eta hemen, baina Estatu Ba­tuetan eskola berezietara joateko aukerea eskaintzen jake notak hobetu gura dabezan ikasleei. “Gazteak 14 urtegaz hasten dira lanean, eta 16 urtegaz gidatzen dabe. Hotz handia dago, eta aisialdia etxean emoten genduan sukaldatzen, pelikulak ikusten edo berba egiten. Lagunen etxera be joaten ginan, zinemara edo eskiatzera… Asteburuetan be partiduak egozan”.

Ohitura ezbardinetara egokitu be­har izan eban, baina oso gustura ibili zan bertako familiagaz. “Oso esperientzia polita eta baliagarria izan da. Izan ere, familiagaz ondo moldatu arren, ez nebazan arazo guztiak hareekin partekatzen, amagaz eta aitagaz egingo neban moduan; ondorioz, gauza asko nik neuk konpondu behar izan nebazan. Asko ikasi dot: bizitzaz eta, jakina, ingelesa”.        

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).