Memoriaren ibilbidea atondu da Zamudion

Aikor aldizkaria 2020ko ots. 21a, 14:46

36ko gerraren hasieran, Eusko Jaurlaritzak Burdinazko Gerrikoa egiteko agindua eman zuen, Bilbo eta inguruak matxinatuen erasotik babesteko. Laurogei kilometrotik gorako defentsa-lerroak Arabako eta Bizkaiko hainbat udalerri zeharkatzen zituen; Zamudio, haien artean. Azpiegituraren kontrako erasoak 1937ko ekainaren 11n hasi ziren Gaztelumendin, eta egun bi geroago lortu zuten gerrikoa gainditzea. Zamudio gerraren frontean izan zen, beraz.

Burdinazko Gerrikoaren memoriaren ibilbidea hauen lanari esker atondu da: Zamudioko Udala, Gogora institutua, Bizkaiko Foru Aldundia eta Amagoia Guezuraga historialaria. Helburua da egun haietan gertatutakoa eta gerrako biktima guztiak gogora ekartzea. Hamaika kilometroko ibilbidea da eta Arroetako karobian hasten da. Zamudioko Parke Teknologikoa zeharkatzen du eta, San Bartolome baselizatik igarota, pixkanaka-pixkanaka doa Berreaga-Urrusti-Gaztelumendi mendi-lerrotik. Mendikate horretan, Burdinazko Hesiaren zati handi bat altxatu zen eta orduko egituretako eta trintxeretako batzuk oraindik ere ikusgai daude basoen artean. Gailurrera igo ostean, ibilbideak Fulla baserrirantz egiten du eta apurka-apurka Zamudiora itzultzen da. Ibilbidea otsailaren 14an inauguratu zuten, Sasimartxo Egunean.

Burdinazko Hesia zein haren elementu gotortuak kultura-ondasuntzat jo ziren 2017ko urrian, Monumentu Multzo kategorian, eta ordutik babestuta daude.