Izaro Ungo I boxeolaria

"Ringean ibiltzea zirraragarria da"

Aikor aldizkaria 2020ko mar. 16a, 16:19

Boxeoa berpiztu egin da Euskal Herrian. Garai batean, zaletasun handia egon zen, baina denboraren poderioz galdu egin zen. Azken urteotan, aldiz, elkarteak eta puntako boxeolariak sortu dira eta borrokak antolatzen hasi dira berriro. Zamudiobox elkartea horren harira sortu zen eta bertan Izaro Ungo gazteak entrenatzen du, besteak beste. Gaur egun lehian dabilen taldeko neska bakarra da, eta, iaz, 15 urteko zamudioztarrak Espainiako Txapelketan hartu zuen parte.

Zelan sartu zinen boxeoan?

Aita eta neba entrenatzen ibiltzen ziren eta 10 urte nituela neu ere hasi nintzen entrenatzen. Hasiera batean, jolasa, eskolaz kanpoko jarduera izango balitz bezala aritzen nintzen: koordinazioa eta abiadura lantzeko jolasak-eta.

Hasieran jolasa, baina iaz hasi zinen lehian sartzen, ezta?

Bai, neba hasi zen lehian sartzen eta udan gogor hasi zen entrenatzen. Berari laguntzea erabaki nuen eta uda pasatu eta gero Zamudiobox taldekoek esan zidaten lehian sartzeko. Gustura nenbilen eta onartu egin nuen.

Nolako lehiak izan ziren?

Hasiera batean, gimnasioen arteko borrokak egin genituen. Lehia pare bat izan nituen eta, harrezkero, Bizkaiko Txapelketan hartu nuen parte.

Entrenamenduak eta borrokak egiten dituzu. Zein nahiago?

Askoz gehiago sufritzen da entrenatzen, borrokatzen baino. Eta zenbat eta gehiago sufritu entrenamenduetan, orduan eta gutxiago sufrituko duzu ringean (kar, kar). Hala ere, nik nahiago dut borrokatzea: adrenalina asko askatzen duzu, oso zirraragarria da.

Erraza izan zen ringean sartzeko beldurra gainditzea?

Astakilo hutsa naiz eta aurrera egiten dut (kar, kar). Beldurra apurka-apurka gainditzen duzu. Kolperen bat jaso dut baina ez da hainbesterako izan.

 

"Beldurra apurka-apurka gainditzen duzu. Kolperen bat jaso dut baina ez da hainbesterako izan"

 

Zergatik erakartzen zaitu boxeoak?

Hainbat esparru lantzen direlako: indarra, koordinazioa, abiadura, erresistentzia... Eta gainera, lagun handiak egin ditut: Zamudiobox taldea familia bezalakoa da, aurkariekin ere harreman ona dut... Lagun giro polita dago boxeoan.

Ematen duen bezain gogorra da boxeoa?

Bai. Boxeoa edonork egin dezake, baina lehian sartzeko, egunero entrenatu behar zara. Oso saiatua izan behar da. Gainera, pisua kontrolatu behar da eta horretarako gogor entrenatu behar da, eta askotan elikadura zaindu. Eta hori niri bereziki kostatzen zait. Dena dela, jendea etortzera eta probatzera animatu nahi nuke. Gimnasioan ez dugu inor joko. Esan dugun moduan, boxeoak alderdi bi ditu: batetik, entrenamendua, zaletasuna, kirola; eta bestetik, lehia. Eta ringean hori nahi duena bakarrik ibiliko da. Eta batez ere neskei esango nieke jendeak esaten duenari kasurik ez egiteko, paso egiteko.   

Nolakoa da emakumezkoen boxeoa?

Janzkerari dagokionez, gizonezkoen boxeoa bezalakoa –eskularruak eta kaskoa–, baina neskok bularrean babesgarria ere janzten dugu. Borrokak ere antzekoak dira: junior kategorian (14-16 urte), minutu biko hiru round jokatzen ditugu; eta gazte kategorian (16-18 urte), hiru minutuko hiru round. Elite kategorian, gizonezkoek kaskoa kentzen dute, baina emakumezkook ez.

Oso desberdina da gizonezkoen eta emakumezkoen boxeoa?

Bai, mutilek gogorrago jotzen dutelako. Askoz oldarkorragoak dira. Bestetik, batzuetan neskok arazoak ditugu aurkariak topatzeko, emakume gutxi dabiltzalako honetan. Izan ere, aurkaria norberaren adinekoa eta pisukoa izan behar da. Iaz, esate baterako, Bizkaiko txapelketa irabazi nuen eta, horretarako, aurkari biri irabazi behar izan nien. Euskadiko txapelketa ere irabazi nuen, Arabatik eta Gipuzkoatik neskarik aurkeztu ez zelako. Beraz, Espainiako txapelketarako txartela lortu nuen. Eta hori mutilei ez zaie gertatzen, mutil gehiago dabiltzalako.

Profesionala izatea gustatuko litzaizuke?

Ez dakit. Apurka-apurka noa. Momentuz Espainiako txapelketa dut helburu. Iaz, laurok hartu genuen parte, eta fin ibili arren, lehenengo borrokan galdu egin nuen. Ea aurten emaitza hobetzeko gauza naizen. Eta gero gerokoak. Lehenago Euskadiko txapelketa etorriko da. Hortik aparte, kanpora ere joaten gara borrokak egitera: Asturiasera, Valladolidera...

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).