Zer deritzezu COVID19aren hedapena gelditzeko lan eta ekonomia arloetan hartutako erabakiei?
Guk funtsezkoak ez diren jarduera guztiak gelditzeko eskatzen dugu, inkoherentzia handia baita etxean egoteko agindua ematea, baina lanera ateratzeko betebeharrari eustea. Ildo horretan, eta hartutako neurrien ondorioak arintzeko, gobernuek ezohiko prestazio ekonomikoak ezarri behar dituztela uste dugu, esaterako, kotizazio-oinarriaren estaldura % 100 langile guztientzat zein langabetuentzat. Gainera, ikastetxeen jarduera eten izanak sortutako zaintza-lana prestazio batek bermatu behar du. Administrazioek eta enpresek lan egin behar dutenen osasuna bermatu behar dute, eta administrazioek bere gain hartu behar dute prebentzio-zerbitzuen eta mutuen kontrola. Bestalde, ERTEak beti negoziatu behar dira eta enpresek ezin dute inondik inora baimen osoa izan ERTEak nahi duten moduan erabiltzeko. Kontratazioa handitu behar da garbiketa eta zainketa sektoreetan eta gobernuek oinarrizko eskubideak bermatu behar dizkiete pertsona guztiei.
Novaltiako gatazkaren harira, gogorra.
Bai, baina badakite euren lan-baldintzak hobetzeko bide bakarra dela. Guk ez dugu eskuzabaltasun enpresariala ezagutzen; gauzak borrokatu behar dira. Sindikatuaren eginkizuna jendea antolatzea da, eta greba egitea erabakitzen badute, euren ondoan egotea eta erresistentzia-kutxa euren eskura ipintzea.
Urtarrilaren 30eko greba orokorrean adierazi zenutenez, greba ez da helmuga, abiapuntua baizik.
Greba-eskubidea demokraziaren elementua da, eta guk kezkak eta lehentasunak maila politikoan jartzeko eskumena eta beharra aldarrikatzen dugu. Aurreko grebekin alderatuta, greba berezia izan zen, aberatsagoa, eta ez zen ikuspegi sindikal klasikotik egin, hainbat eragileren arteko aliantzaren bidez baizik. Gainera, gauza batzuk utzi ditu agerian, esaterako, lehendakariak ez dituela gure eskaerak entzun nahi. Oso larria da hori eta adierazten du politikari eta erakunde batzuk oso urruti daudela gizartearen zati batetik. Desberdintasuna eta pobrezia gizartearen zati horretan hain zuzen ere areagotzen dira. Hala, prekarietatea ez da pasakorra; estruktural bihurtu da hainbat pertsonarentzat.
“Prekarietatea ez da pasakorra; estruktural bihurtu da hainbat pertsonarentzat”
Zein da hurrengo urratsa?
Egindako interpelazioak kudeatu behar dira. Interpelazio zuzena egin genion Madrilgo gobernuari negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren harira eta ikusi behar da nola erantzuten duten. Eusko Jaurlaritzari ere aldarrikapen zehatz batzuk helarazi genizkion; pentsio minimoak, tartean. Gai horretan eskumenik ez dutela diote, baina gezurra da: badute eta guk ekinean jarraitu behar dugu. Patronalaren zain ere bagaude, proposamen batzuk egin dizkiogu-eta, adibidez, lanbidearteko akordioa eta 35 orduko lanaldia. Bestalde, guk beste interpelazio bat egiten diogu herri honetako ezkerrari, guretzat aitortza dialektikoa ez baita baliagarria; praxia behar dugu. Koherentzia minimo bat ere eskatzen dugu. Esate baterako, EH Bilduk egin zuen moduan, ez dira bateragarriak egun batean greba orokorra babestea eta hurrengoan gastu-arauaren bozketan abstenitzea, gobernuarekin zure mugak adosten zabiltzalako.
ELAren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko tira-birak jakinak dira.
Arlo sozialean, politikak patronalarentzat eta gehien dutenentzat egin dira. Aldaketa egin bada, enpresen gaineko zergak jaisteko izan da, eta aurrekontuak gero eta gehiago dira langileon bizkar. Arlo sindikalari dagokionez, gobernua patronala denean zer egiten duen aztertu beharra dago, gurea administrazio publikoan aldi baterako langile gehien duen Estatuko erkidegoa baita. Gobernuak eredua izan beharko luke eta ez da. Azken 20 urteetan pribatizazioa bultzatu da dirua aurrezteko eta langileei lan-baldintzak eta soldata murriztu zaizkie; sektore azpikontratatu guztiak sektore pribatizatuak dira eta, gure ustez, publikoak izan beharko lirateke. Azkenik, eta sindikatu abertzalea garen heinean, ez dugu sinesten Estatuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremana parekoen arteko harremana denik, Eusko Jaurlaritzak hala sinestarazi nahi badigu ere. Alde biek ez dute pisu bera eta horrek LOMCE legean, lan-eskaintza publikoak egiteko mugetan, gastu-arauan… du isla.
“Politikak patronalarentzat eta gehien dutenentzat egin dira”
Gizarte-elkarrizketarako Mahaia gehiengoa duzuen sindikatu barik osatu da. Mahaia baino, alfonbra dela adierazi duzue.
Ekimen hori ez da demokratikoa, hutsik dago eta propaganda egiteko besterik ez du balio. Gure aburuz, hor ateratzen den argazkia lotsagarria da, baita argazki hori zein normaltasunez zabaltzen den ere, nahiz eta bertan bakarrik ordezkaritza sindikalaren % 28 egon. Adostu dutena ere lotsagarria da eta ez dute ezta neurri bat ere hartu prekarietatearen kontra. Era berean, oso larria da soldata-arrakala nola aztertzen duten: tartean emakumeen bokazio-arazo dagoela diote; hara! Eta hori sektore feminizatuak modu sakonean aztertu barik esaten dute.
“Gizarte-elkarrizketarako Mahaiak propaganda egiteko besterik ez du balio”
Soldata-arrakala lehentasuna da ELArentzat?
Bai, gure lehentasunetako bat da. Sistemak sektore batzuetara bideratzen ditu emakumeak, eta gaur egun greban dauden sektoreetan emakumeak dira nagusi: Gipuzkoako zahar-etxeetako langileak, garbikuntza Hezkuntzan eta etxez etxeko zerbitzua. Gipuzkoako zahar-etxeen gatazkaren harira, Markel Olanok esan zuen langileen eskaerak aintzat hartuko balira sektorea ez litzatekeela bideragarria izango, eta oso hitz lotsagarriak dira, beste modu batean hau adierazi nahi dute eta: sektore batzuk bideragarriak izateko, emakumeak esplotatu behar dira. Soldata-arrakalak arduradun zuzena dauka eta administraziotik hasten da, batzuetan sektore pribatizatuak edo azpikontratatuak direlako. Bestalde, sistema kapitalistak eta hetero patriarkatuak gizarteari zer nolako ereduak uzten dizkion ere aztertu beharra dago; zaintzarako, adibidez.
Prekarietatearen alderik ankerrena lan-istripuak dira. Lerro hauek idatzi orduko Hego Euskal Herrian 15 pertsona hil dira lan-istripuan.
Eztabaida horri ezin zaio heldu lan-baldintzez eta lan-merkatuaz hitz egin barik. Non daude prebentzioa, ikuskapenak, baliabideak, zigorrak…? Begi-bistan dago ez direla nahikoak. Benetako politika bat behar da horri jarraipena egiteko. Eta, jakina, lan-istripuen atzean azpikontratazioak daude, eta lan-erreformak. Patronalak lan-erreforma defendatzen duenean, gauza horietaz hitz egiten dabil; guk badakigu berme gehiago egonez gero, lan-istripu gutxiago egongo liratekeela.
Besteak beste, lan- eta pentsio-erreformak indargabetzeko eta negoziazio kolektiboa berreskuratzeko eskatu diozue Sanchezen gobernuari. Badago borondaterik?
Eskuin-muturraren aurrean, beste gobernu-eredu bat osatu da eta gauza batzuk positibotzat jo behar dira; hala ere, musika eta hitza bereizi behar dira. Lan-erreforma indargabetuko zutela izan zuten, baina jada ez dute diskurtso bera. Pentsioekin zer egingo duten ere ikusiko dugu; nolanahi ere, bidea zein izango den ohartarazten dabiltza: erretiroko adina luzatzea. Espainiako patronala eta botere ekonomikoak nahiko lasai daude eta hori adierazgarria da. Bestetik, negoziazio kolektiboaren harira, lehen egoerara itzultzeko eskatu diogu gobernuari; hau da, gure lan-baldintzak berton negoziatu ahal izatea eta hemengo lan-hitzarmenek lehentasuna izan dezaten. Eskaera alderdi soberanistei ere egin diegu, parlamentuko aritmetika aldatu denez, euren botoak ere beharrezkoak baitira.
Zeintzuk dira sindikatuaren erronkak?
Lehenengo eta behin, prekarietateari praktikan aurre egitea. Enpresa bakoitzean nolako estrategia ezartzea aztertu beharra dago: soldata-arrakala, kontratu-motak, lan-osasuna… Halaber, gure eginkizun sozialean eta politikoan sakondu behar dugu, nolako gizartea eratzen ari den kontuan hartuta – zaintza, politika publikoak, fiskaltasuna…–, gure arazoak ez direlako enpresan amaitzen. Beraz, nire ustez, gero eta sozialagoak izateaz gainera, sindikatuok gero eta gehiago eragin behar dugu politikan. Bestalde, sindikatu feminista izan nahi dugu. Gainerako erakundeek moduan, kontraesanak ditugu eta gure barnera begiratu behar dugu gauza batzuk aldatzeko.
“Nolako gizartea eratzen ari den kontuan hartuta, gure arazoak ez dira enpresan amaitzen”