Nola izan da lekualdatzea?
Ni traumatologiako operazio-gelako erizaina naiz, eta bakarrik larrialdiak operatuko zirela erabaki zenean ospitaleko beste toki batera eraman ninduten. Ostean, Basurtuko ospitalea betetzen hasi zenean, erabaki zen COVID19arekin kutsatuta zeuden baina aurretiko patologiarik ez zuten 65 urtetik beherako gaixoak ospitale pribatuetara eramatea. Eta goizean, bat-batean, esan zidaten arratsaldean Intermutual ospitalera joan behar nuela. Hara ailegatu nintzen eta nahiko kaotikoa izan zen: ekipoak-eta muntatzen ibili ziren Osakidetzako langileak ez zeuden, eta azalpenak Intermutualeko langileek eman behar izan zizkiguten. Nik ez nuen argi ikusi, eta Basurtuko koordinatzaileari deitu nion, ez nuelako seguru ez geunden leku batean lan egin nahi, baina erizainen nagusiak lasaitu egin ninduen… Lehenengo egunean beltz ikusi nuen. Gainera, medikazioa falta zen eta informatika-sistema txitean-pitean erortzen zen; hala ere, hurrengo egunetan dena konpondu zen. Egia da hasierako kaosaren ostean gauzak ondo funtzionatzen hasi ohi direla. Dena dela, nik sentsazio hau dut orokorrean: unitate berri bat zabaltzen denean, dena momentuan atontzen da eta osasun-langileoi azalpen gutxi ematen dizkigute; gero, guk ahal dugun moduan egin behar dugu aurrera, gure burua arriskuan ipini barik.
“Unitate berri bat zabaltzen denean, dena momentuan atontzen da eta osasun-langileoi azalpen gutxi ematen dizkigute”
Norbera babesteko ekipamendurik ezaz mintzatzen da behin eta berriro; zuen kasuan?
Ez, Intermutualera dena ailegatu da; hala ere, iragazgaitzak izan arren, bidali dizkiguten mantalak oso erraz apurtzen dira. Basurtura deitu nuen kexatzeko, eta esan zidaten mantal horiek onartu dituztela gure gaixoak arrisku txikikoak direnez ez delako beharrezkoa kalitate handiagoko mantalak erabiltzea.
Baina arrisku txikiko gaixoak izan arren, zuek arrisku handiko lantaldea zarete.
Arnasgailuak eta aerosolak ipintzea da kaltegarriena osasun-langileontzat, airea kutsatzen delako; ondorioz, babes handiagoa behar da. Nolanahi ere, gure gaixoak arrisku txikikoak direla esatea ez da egia biribila, bakarrik aho bidezko medikazioa hartu beharko luketela suposatzen bada ere, serumak-eta ipintzen dizkiegu eta. Osasun-langileok egoera guztietan egon beharko genuke behar bezala babestuta: gure kasuan, esaterako, logelara sartzen garen bakoitzean esaten diegun lehenengo gauza da maskara ipin dezatela, eztul egite edo hitz egite hutsarekin gelako airea kutsatzen delako; ondorioz, nahiz eta babestuta egon, soilik osasun-langileak izateagatik eta gaixoak artatzeagatik dugu karga biral handiagoa. Bestetik, aipatu beharra dago kontrolatzen dabiltzala materiala nola erabiltzen dugun. Horri dagokionez, osasun-langileek badakigu materiala nola eta zein neurritan erabili behar dugun, eta ez dugu hori inoiz modu okerrean edo ez egokian erabiltzen. Ez dakit materialik ezagatik izango den, baina, nire ustez, Eusko Jaurlaritzak diru nahikoa du Osakidetzako langile guztiok behar moduan babesteko; are gehiago, osasun-langileok ere kutsatzen garela kontuan hartzen badugu… Kideren bat kutsatu den albistea egunero jasotzen dugu.
“Materiala nola erabiltzen dugun kontrolatzen dabiltza; ez dakit materialik ezagatik izango den, baina, nire ustez, Eusko Jaurlaritzak diru nahikoa du Osakidetzako langile guztiok behar moduan babesteko”
Zenbat gaixo dituzuen Intermutual ospitalean?
Berrogei bat; nire solairuan, adibidez, 16 daude. Analisi klinikoren baten emaitzaren zain dauden edo tratamendua bukatzear dauden gaixoak dira: ospitalean bizpahiru egun ematen dute eta gero etxera joaten dira. Hona Basurtuko ospitalea arintzeko ekartzen dituzte, eta ideia ona da, baina hasiera apur bat latza izan da langile guztiontzat, bai Intermutualekoentzat, bai anbulatorioetatik etorritakoentzat zein Osakidetzakoontzat. Adibidez, operazio-gelako erizaina naizen heinean, nik barneratuta ditut protokoloak eta badakit jantzia-eta nola ipini eta kendu behar dudan; beste lankide batzuek, berriz, ez. Ondorioz, haiei adi egon behar duzu: ez ukitu hau, ez bestea, hau horrela kendu… Antsietatearekin irten zara lanetik; gauzak ondo egingo balira, lasaiago bizi ginateke guztiok.
Nolako giroa dago langileen artean?
Intermutualeko langileak nahiko haserre daude. Pentsa ezazue traumatologiako klinika dela eta hango langileak gehienbat lasaigarriak ipintzera eta errehabilitazioa egitera ohituta daudela. Eta bat-batean, egun batetik bestera, hasi behar izan dute mota honetako gaixoak ebaluatzen eta oso lanaldi gogorrak egiten. Bestalde, esan behar dut elkar ezagutzen ez dugun arren, mediku, erizain, erizain-laguntzaile eta zeladore guztiok izugarrizko laguntza eta babesa ematen diogula elkarri; bat gara.
“Osasun-langileok izugarrizko laguntza eta babesa ematen diogu elkarri; bat gara”
Eta gaixoen artean?
Intermutualean lasaiago daude: ospitale txikia da, ez dago hainbeste zaratarik eta, isolatuta dauden arren, badakite laster etxera joango direla. Nolanahi ere, batzuek Basurtuko ospitalean utzi dituzte larri dauden senideak, eta larritasun handia dute. Ahal dugun neurrian laguntzen diegu, haiekin hitz egiten dugu… baina ez gara psikologoak eta ahal duguna egiten dugu.
Zer kontatzen dizute Basurtuko lankideek?
Lehen aipatu dudana: unitateak nola edo hala atontzen direla eta koordinazio falta dagoela. Gauzaren bat falta daiteke, baina gaixoak unitatea atontzen dutenek jaso beharko lituzkete, haiek dakitelako gauzak nola funtzionatzen duten; eta ez da horrela egiten.
Birusa etxera eramatearen beldur zarete?
Bai. Nora bidaliko zaituzten ez jakiteak antsietate handia sortzen du, baina lanean hasten zarenean badakizu zer egin behar duzun eta antsietatea desagertzen da. Nik, adibidez, ez dut ospitaletik etxera ezer ekartzen, eta beti zapata eta beroki berberak janzten ditut; gainera, zapatak eta berokia etxetik kanpo uzten ditut. Arropa zuzenean sartzen dut garbigailura, eta dutxa hartzen dut. Alabek eta senarrak ezin naute ukitu harik eta dutxa hartzen dudan arte. Autoa barrutik ere garbitzen dut, senarrak hartu behar badu ere. Bestela, bizitza arrunta egiten dut. Sintomaren bat izango banu, beste segurtasun-neurri batzuk hartuko nituzke, baina momentuz ondo nago.
Zer eskatzen diezue Gobernuari eta Osakidetzari?
Materiala ez murrizteko, koordinazio handiagoa egoteko eta azalpenak emateko. Izan ere, niri pasa den astean nora eta zein baldintzatan bidaliko ninduten azaldu balidate, lasaiago joango nintzatekeen lanera. Era berean, testak langile guztioi egiteko eskatuko nieke. Bakarrik sintomak dituztenei egiten ari zaizkie eta itxarote-zerrenda luzea da; esan digute kutsatutako langile guztiei testa egiten dietenean hasiko direla guri deitzen. Baina, pentsa ezazue, ni Basurtuko erizaina naiz eta, beharbada, birusarekin kutsatuta egon ninteke, eta, ondorioz, Intermutualeko lankideak kutsatu… Horren beldur ere banintzen hara bidali nindutenean.
Eta herritarrei?
Kasu egiteko eta etxean gelditu daitezela. Agian, etxean geldituta ere pasatuko dute koranobirusa, edo dagoeneko pasatu dute, baina karga biral txikiagoa izanik. Dendetako eta farmazietako langileengan ere pentsatu behar dugu, eta leku horietara ahalik eta gutxienetan joan, langile horiek gaixotzeko aukera murriztu dadin. Arazoa hasieran uste genuen baino serioagoa da: ezjakintasun handia dago birusari eta bere portaerari buruz, eta ez dago haren kontrako medikaziorik; Txinan eta Italian emaitza onak izan dituzten botikak erabiltzen gabiltza.
“Dendetako eta farmazietako langileengan ere pentsatu behar dugu, eta leku horietara ahalik eta gutxienetan joan”
Hilabete daramagu pandemiarekin, hasi zarete argia ikusten?
Kutsatuen gailurra oraindik ez da ospitaleetara ailegatu; aste honetan edo hurrengoan izatea espero da. Etxera joaten direnak gazteenak ohi dira, 65 urtetik beherakoak eta aurretiko patologiarik ez dutenak; gainerakoek ospitalean jarraitzen dute eta saiatu behar da okerrera egin ez dezatela… Baina, noski, egunero lagun asko ospitaleratzen badira… Bestetik, egun batean edo bestean gailurrak beherantz egin beharko du, eta orduan ikusiko da nola kudeatuko dugun hau guztia: nik nire beldurrak eta antsietatea ditut, baina lankide batzuei gaixoak hiltzen zaizkie egunero eta inoiz asimilatu beharko dute. Gaixo larrien unitateetan, bizkortze-unitateetan, zainketa intentsiboko unitateetan eta larrialdietan dauden lankideei ondorioak ekarriko dizkie, jakina.
“Egun batean edo bestean gailurrak beherantz egin beharko du, eta orduan ikusiko da nola kudeatuko dugun hau guztia”
Herritarrak egunero, iluntzeko 8etan, ateratzen dira balkoira edo leihora zuen lana txalotzeko.
Inoiz ikusi dut eta oso hunkigarria da. Guk osasun-langileak gara eta gure lana egitea gustatzen zaigu, eta hunkitzen zara pentsatzen duzulako zu ez zarela inor txalo horiek merezitzeko… Baina, bestetik, beldur zara eta pentsatzen duzu bizitza arriskuan ipintzen zabiltzala…
Zuen eskuetan gaude: inportanteak zarete eta txaloak merezi dituzue.
Bai, eta beste alde batetik ere jendea haserre dabil… Hau bukatzen denean gure arloari eta gure lan-baldintzei buruz hitz egin beharko genuke, gure egoera eta tratatzen gaituzten modua onartezinak direlako.