Koronabirusa

Errutinak ezartzea, itxialdiaren kontrako errezeta

Aikor aldizkaria 2020ko api. 7a, 15:57

COVID-19 birusak eragindako pandemia dela eta, aste batzuk daramatzagu etxean. Aspertuta gaude, urduri, haserre… Argi dago itxialdiak guregan eragina duela, eta horren inguruan hitz egiteko, Mireia Soba Zamudioko psikologoarekin jarri gara harremanetan. Sobak gako batzuk eman dizkigu; nagusia, errutinak ezartzea.  

“Oraindik ez dakigu itxialdiak psikologikoki nolako eragina izan ahal duen, baina guztiok ezagutzen ditugu sintoma batzuk: antsietatea, ziurgabetasuna, beldurra... Hala ere, horiek ez dira bakarrik itxialdiarengatik sortzen. Etxean gaude pandemia dagoelako, eta horrek beldurra sortzen du: Kutsatuko naiz? Nire senideren edo lagunaren bat kutsatuko da? Ezin gara kalera atera eta hori ez dator bat normalean dugun errutinarekin”, esan digu Sobak. 

Ezjakintasuna eta beldurra batera doaz, baina, bere iritziz, okerragoa da lehenengoa. “Beldurrak egoera berri batera egokiarazten gaitu. Hasieran, kutsatzeari beldur genion eta horrek hurrengo faserako prestatu gintuen. Orain, itxialdian, ezjakintasuna sortzen da: ez dakigu egoera honek zenbat iraungo duen, zer ondorio ekarriko digun… Eta horrek antsietatea areagotzen du”.

Sintoma txarrei aurre egiteko, Sobak ez du errezeta magikorik. “Psikologo guztiok esaten dugun moduan, errutinak ezartzea oso lagungarria da, gizakiok izaki sozialak garelako eta errutinak behar-beharrezkotzat jotzen ditugulako. Gainera, zaletasunak ere landu behar dira: kirola, irakurtzea… Eta noski, nork bere buruarekin egoteko denbora atera behar du, bakardadeaz gozatu, azken batean. Askotan ez dugu astirik; orain, ordea, bai. Eta aprobetxatu behar dugu. Positiboak izan behar dugu”.  

Etxetik atera ezinik gabiltza eta munduarekin harremana telefonoaren bidez lantzen dugu. Teknologia berriak lagungarriak dira, baina Sobaren esanetan, gehiegikeriarik gabe. “Informazioa lortzea ondo dago, baina gehiegi jasotzen badugu kaltegarria izango da. Nik gomendatuko nuke albistegiak arratsaldean edo gauean ikustea; eta lagunen WhatsApp taldeetara hainbeste mezu ez bidaltzea. Bestela, antsietatea eta beldurra handituko dira”.  

 

Dolua hasi ezinik

Guztiok pairatzen dugu itxialdiaren eragina, baina batzuen egoera beste batzuena baino zailagoa da. “Senideen arteko harremana oso txarra da familia batzuetan eta etxean gelditu behar izatea haientzat bereziki izango da gogorra. Bortizkeria jasotzen duten emakumeek ere gorriak ikusiko dituzte, borreroarekin bizi direlako. Eta zer esanik ez, dolua gainditu behar dutenek ere bai. Itxialdiaren eraginez, ezin da dolua behar bezala egin. Erritual bat da  eta agurrik egin ezin bada, ezin da doluaren prozesua hasi”. Ildo horri jarraituz, Bizkaiko Psikologia Elkargoak laguntza eskaini du telefonoz  (686 202 918) eta posta elektronikoz (psikobizi.bizkaia@cop.es).  

Gurasook ere kexatzen gara, itxialdia umeekin askoz gogorragoa dela uste dugulako. Sobak umeei egoera azaltzea gomendatu du. “Helduok ulertzen dugu egoera, baina umeek, ez. Haiei naturaltasunez hitz egin behar diegu, baina euren adina kontuan hartuta. Nik jolasak eta ipuinak erabiliko nituzke, egoeraren berri emateko. Horrela, umeak protagonista sentituko dira. Era berean, umeekin ere sortu behar da errutina: adibidez, goizean familiak asanblada egin dezake, egunean zehar egingo diren ekintzak jorratzeko. Umeek hitz egiteko aukera izango dute han eta horrek lagunduko die egoera ulertzen. Eta gauean, nork bere iritzia eman ahal du. Horretaz aparte, umeek ere behar dute bakarrik egon; eta aspertu. Horrela, sormena landuko dute”.  

 

Umeen aditua

Mireia Soba Zamudion jaio zen duela 31 urte. Sobak Psikologia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta gaur egun kontsultategia dauka herrian, Ametsa Psikologia Zentroa. Hori duela hiru urte ireki zuen, eta zamudioztarra oso pozik dago. “Horretarako ikasi nuen Psikologia, nire bulego propioa izateko”. Bere hitzetan, “guztiok joan beharko ginateke psikologoarengana, bertan  gure burua hobeto ezagutzeko”. “Psikologoak gure ahuleziak eta indarguneak aurkitzen laguntzen digu”, esan du.

Sobak umeek dituzten arazoak tratatzen ditu. “Jokaera-arazoak, emozioak lantzea, autoestimua, dislexia… Arazo horiek ez dira eskoletan behar bezala lantzen. Sistema publikoak ere ez du baliabide askorik eskaintzen. Gainera, askotan tabua da eta ezin da ezta horren inguruan hitz egin ere. Normalean, eskola eta familia ere aztertu behar dira, bakoitzaren nortasuna ulertzeko, umeen (zein nagusien) inguruak eragin handia duelako”, esan digu.

Horretaz  aparte, goizean, Mireiak Gaixotasun Arraroen Espainiako Federazioan (FEDER) egiten du lan. Zamudioztarra pneuropsikologoa ere bada, hau da, “burua eta psikea” aztertzen ditu. “Biak lantzea garrantzitsua da zenbait gaixotasunari erantzuna emateko”.

Sobak ondo daroa itxialdia. “Pertsona positiboa naiz eta batez ere alde onak ikusten ditut. Ni oso pozik nago etxean, gurasoekin. Hasieran, aztoratuta ibili nintzen etxean gelditu behar izateagatik, lagunekin gelditu ezin izateagatik…. Baina errutina ezarri dut eta orain denbora librea dut niretzat. Hori ez zitzaidan lehen gertatzen eta aukera aprobetxatzen nabil”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).