Dirulaguntza horren bidez, udalak negozioari eusten eta alokairua ordaintzen lagunduko deutse herriko saltokiei eta taberna/jatetxeei. Era beran, 25.000 euro zuzenduko ditu sektoreak modernizatzera eta egokitzera, “komertzio elektronikoa erabili daien eta osasun-alarmaren ostean merkatuaren egoera barri honetan lan egin daien”, azaldu dau Igotz López Zamudioko alkateak. Era berean, 50.000 eurora arteko beste partida bat prestatu dabe, “lokalak legezko osasun-neurri barrietara egokitzeko laguntza itzulgarriak emoteko”.
Aitatuko dirulaguntzez ganera, udalak dendetan eta tabernetan gastatzeko bonu-kanpainak lantzen dabil. Bonuak hiru txapelketaren parte-hartzaileen artean banatuko dira: bideo-txapelketan parte hartu dabenei 25 euroko bonu bana emongo jake (75 euro, onenentzat) Zamudioko ostalaritzan gastatzeko; balkoi apainduen txapelketaren parte-hartzaileek 15 euroko diru-saria jasoko dabe euren herritar txartelean, Zamudioko komertzioetan eta ostalaritzan gastateko; eta film laburren lehiaketan ibili diran gazteek 15 euroko bonu bana eskuratuko dabe herrian liburuak eta eskola-materiala erosteko. “Kanpaina gehiago be atarako dogu. Zamudioko ostalaritzan eta komertzio txikietan badago jeneroa eta badagoz zerbitzuak, behar dogun guztirako. Zabalik jarraitu daien, inoizko lez lagundu behar deutsegu. Herritarren artean zabaltzen gabilzan mezua hauxe da: zerozer erosi behar badozue, berton erosi, herritik zertan urten ez dago eta”.
Bestalde, udalak osasun-gomendioak zabaldu ditu denda eta tabernen artean, eta gel eta gel hidroalkoholikodun banagailuak, beharginentzako pantailak eta maskara berrerabilgarriak be banatu deutsez. “Terrazetarako eremu handiagoa erabilteko baimena be emon dogu, artean euken mahai-kopuru bardina izan daien”.
Bizia
Lópezen berbetan, ostalaritzak eta merkataritzak bizia emoten deutsie herriari. “Eta berton gustura bizitzeko eta egunean-egunean behar dogun guztia eskuratzeko balio deuskue: nire esker zintzoak egun gatx honeetan lanean segidu daben pertsona guztiei, zamudioztarrok ezeren faltarik ez izateko”. Sektore bietako egoerea zaila da eta udalak kargu hartu dau. “Aste honeek sano gogorrak izan dira (eta dira) askorentzat, diru-sarrera barik geratu diralako edo ezerezean geratu jakezelako. Une honetako larrialdiaz ganera, ziurtasun falta handia dago, epe ertainean edo luzean birusak hartuko dauen bideaz, martxan ipini beharko diran segurtasun-neurri barriez eta kontsumo-ohiturak goitik behera aldatuko ete diran, eta horrek estrategia aldatu beharra ekarriko ete dauen”
Alkatearen eretxiz, bizi dogun egoereak erakutsi deusku tokiko komertzioa funtsezkoa dala. “Normaltasuna pausuz pausu berreskuratzen gabilzan honetan, inportantea da hausnartzea izan gura dogun udalerri-ereduaz, aurrerantzean be kanpora urten barik behar dogun guztia eskainiko deuskun udalerria izan gura ete dogun, eta gero, horren arabera jokatu beharko dogu”.