Aramendia artzain familia bateko laugarren belaunaldia da, eta, amaren aldetik, Jimenez de Bikuñaren aitita-amamak ere artzain ibili ziren. “Gurasoek behiak eta txerriak zituzten, baina ardirik ez”, azaldu digu emakumeak. “Iruñeko ospitalean lanean nenbilela ezagutu nuen Carlos eta orain dela 25 urte Urbasara etorri nintzen berarekin bizitzera. Seme-alaba bi ditugu, eta badirudi semeak familiaren ogibidearekin jarraitzeko asmoa duela. Guri, hala ere, ez zaigu ideia gustatzen, artzainaren bizitza oso gogorra delako, batez ere bikotekiderik ez baduzu”.
Urbasako Parke Naturalean hiru artzain-familia bizi dira eta horietako bat da Aramendia eta Jimenez de Bikuñarena; antzinako artzain-txabola batean bizi dira. Ardi-esnea erabilita, familiak hiru produktu ekoizten ditu artisau-eran: gazta naturala, gazta ketua eta gazta zaharra (gazta-krema). Produktuak Arratondo izenarekin merkaturatzen dituzte. “Ekoizpenaren zatirik handiena txabolan bertan egiten dugu, baina orain dela 10 urte gaztandegi txiki bat atondu genuen Eulaten dugun etxe zaharrean. Urtean 3.500 kilo gazta inguru ekoizten ditugu”. Bestalde, senar-emazteak Artzai Gazta elkarteko kideak dira.
Urbasara perretxikotara joaten direnean, Zizegorri elkarteko Zamudioko kideek Aramendiaren eta Jimenez de Bikuñaren txabolan hartu ohi dute hamaiketakoa. “Lezamako mutil batek gazta erosten digu eta beraren bitartez ezagutu genuen elkar. Aurten, COVID-19aren eraginez, txabolaraino hurbiltzeko zailtasunak izango zituztela pentsatu genuen, eta, produktua etxera eramateko zerbitzua eskaintzen hasiak garenez, deitu genien Zamudiora hurbildu gintezkeela esateko. Eurek Nekazamudio azokara gonbidatu gintuzten eta pozik onartu genuen gonbidapena”. Zamudiora beldur apur batekin abiatu ziren arren, esperientzia erabat positiboa izan zen. “Herriko ekoizleek laguntza handia eman ziguten eta oso atseginak izan ziren. Halaber, eramandako gazta guztiak saldu genituen: 80 bat WhatsApp-aren bidez egindako enkarguak izan ziren, eta horietaz gainera, beste 40 bat eraman genituen. Benetan, eskertzen dugu”.
Kontatu digutenez, Urbasako artzainek lotura dute Txorierrirekin. “Carlosen aitita eta aita transhumanteak ziren: lehenak 75 urtean eraman zituen ardiak Urbasatik Larrabetzura; eta bigarrenak, hainbat urtetan Gatikara. Urbasan hotza hasi bezain laster, txabolako tramankulu guztiak biltzen zituzten eta ardiak Bizkai aldera eramaten zituzten. Bizkaian sei hile ematen zituzten urtero, eta aitaginarrebak esaten zuen nafarra bazen ere bere beste erdia bizkaitarra zela. Bizkaia herri handia zela esaten zigun nostalgiaz. Nolanahi ere, hainbeste errepide egin izanak asko mugatu zuen: bidea bera ere ez zuela ezagutzen esaten zigun. Erretiroa duela 30 urte hartu zuen eta garai hartan gauzak aldatzen hasi ziren: ardiei pentsua ematen hasi zen eta, ondorioz, larreen menpe egon beharra desagertu zen”.
“Carlosen aititak 75 urtean eraman zituen ardiak Urbasatik Larrabetzura; eta aitak, hainbat urtetan Gatikara”
Administrazioaren trabak
Jimenez de Bikuñaren hitzetan, sektorean ordezkoak egon badaude, alabaina, administrazioak trabak baino ez ditu jartzen. “Gure lana ez da bakarrik ardiak makil bat erabilita gobernatzea: paper pilo bat bete behar dira. Hortaz, gaur egun semea ezin da bera bakarrik ogibidean hasi, aitak bere garaian egin zuen moduan. Paper horiek guztiak bete behar izatea kenduko baligute, oso mesedegarria izango litzateke”. Orobat ezinbestekotzat jotzen du administrazioak ekoizle txikiari laguntza gehiago ematea. “Azken batean, ingurumena zaintzen dugu eta hainbeste aldiz aipatzen duten jasangarritasuna bultzatzen dugu. Saltzeko plazak ere utzi behar dizkigute, eta atzera begiratu eta, nahiz eta garaiak aldatu diren, lehen funtzionatzen zuena gaur egunera ekarri. Izan ere, ohitura batzuk ez lirateke inoiz desagertu behar”.
Artzainak prezioen arazoa eta tokiko produktua erostea ere azpimarratu ditu. “Nekazamudio azokaren filosofia asko gustatzen zait. Lizarran horren moduko azoka bat dugu tokiko produktuaren alde egiteko eta jendeak baserritarrari erosi behar diola kontzientziatzeko; bestela, desagertu egingo ginatekeelako. Egia esan, kontzientzia apur bat sortzen ari da, baina oraindik bide luzea dugu aurretik. Administrazioak, esaterako, hitz polit asko esaten baditu ere, ateak ixten dizkigu gero”.
“Tokiko produktuaren aldeko kontzientzia apur bat sortzen ari den arren, oraindik bide luzea dugu aurretik”.