Barriro Zamudioko Rallyan. Zelan aurten?
Txarto, lasterketea bukatu ezin nebalako. Dardara arraro bat nabaritu genduan eta pieza bat askatu zan. Dana konpontzen saiatu ginan, baina azkenean itxi behar izan genduan.
Zer deritxazu Zamudioko Rallyari?
Ibilpidea polita da. Eta txalotzekoa da antolatzaileek urtero egiten daben beharra. Are gehiago aurten, koronabirusa dala eta: jente pila zegoan parte-hartzaileei eta publikoari argibideak emoten; protokoloak jarri dabez martxan, kutsatzeko arriskua ekiditeko… Aurreko urteetan ez da gidari askorik egon, baina aurten nahikotxo batu ginan bertan. Eta hori Zamudio Racingeko lagunek primeran kudeatu dabe.
Zure ibilpideari buruz berba egin daigun. Zelan hasi zinan rallyetan?
Zaletasuna umetan piztu jatan. Garai hatan, bizikletaz joaten nintzan lasterketak ikustera. Beranduago, motorrez ibilten nintzan eta lanean hasi nintzanean, eta dirua aurreztu nebanean, autoa erosi neban. Apurka-apurka murgildu nintzan rallyetan.
Gatxa da rallyetan aurrera egitea, ezta?
Dirua badozu, erraza da pilotua izatea, baina zaila-zaila da hortik bizi izatea, ia ezinezkoa. Gidari profesional batek zenbait laguntzaile behar dauz: entrenatzailea, mekanikaria, laguntzailea… Eta horretarako dirua behar da. Nik lagunei esker hartzen dot parte lasterketetan, eta nire moduan ibilten dira Euskal Herriko gidarien % 95. Esate baterako, lagun batek musu-truk konpontzen deust autoa.
"Lagunei esker hartzen dot parte lasterketetan, eta nire moduan ibilten dira Euskal Herriko gidarien % 95"
Carlos Sainz junior team taldean sartu zinen 1998an. Zelan esperientzia?
Bikaina. Alkarrizketa egiten deustenean, eskerrak emoten deutsodaz taldeari. Eurengatik izan ez balitz, ez neukeen goi-mailako autoetan eta lasterketetan ibilteko aukerarik eukiko. 2003an, Espainiako Txapelketa irabazi neban eta horretarako bigarren eskuko autoa erosi eusten –aurreko urtean Munduko Txapelketan parte hartu ebana–, eta horren truke 500.000 euro ordaindu ebezan. Atera kontuak!
Zelangoa da Carlos Sainz?
Itzela da, profesionala, goitik behera. Eta noski, ikutu berezi bat dau, oso gitxik daben ikutu hori: horreri esker, bi aldiz irabazi dau Munduko Txapelketa, beste bi aldiz izan da txapeldunordea, Dakar Rallya be irabazita dauka… Telebistan, serioa dirudi, baina gehiago ezagutzen dozunean, oso jatorra da.
"Carlos Sainz itzela da, profesionala, goitik behera. Eta noski, ikutu berezi bat dau, oso gitxik daben ikutu hori"
Orain dala 20 urte Munduko Txapelketako lasterketa batzuetan aritu zinan. Gogorapen politak, ezta?
Bai, bost lasterketatan hartu neban parte: Portugal, Katalunia, Ingalaterra... Oso esperientzia polita izan zan. Gidari guztiok euki beharko geunke Munduko Txapelketako lasterketaren batean parte hartzeko aukerea. Batez be bertako gidariakaz konparatuta, zer txarrak garan ikusteko (kar, kar). Esan gura dot goi-mailako gidariak bereziak direla. Euskal Herrian fin ibili ahal zara eta gidari aipagarria izan; Estatutan be bai; baina oso gitxi dira Munduko Txapelketan lasterketak irabazteko gauza diran gidariak.
Zer falta izan jatzun goi-mailan jarraitzeko?
Urte batzuk emon nebazan Carlos Sainzen taldean; ostean, Ford taldean jarraitu neban hurrengo hiru urtean, baina laugarrenean ugazabak aldatu ziran eta talde barik gelditu nintzan. Hurrengo urtean, Markinako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza emon eusten, Espainiako Txapelketan parte hartzeko, baina babeslerik lortu ez genduanez, dana bukatu zan. Beti egin dot lan eraikuntzako enpresa txiki batean, eta bertan jarraitzea erabagi neban. Automobilismoa oso sinplea da: dirua badozu –taldea, babesleak–, hor zagoz; bestela, etxera.
Gatx egin jatzun mailaz jaitsi izana?
Jakin behar dozu non zagozan eta zer maila dozun. Espainiako Txapelketan ibili nintzanean, gauzak agian beste era batean egin ahal izan nebazan, baina buelta handirik ez deutsot honeri emoten.
Zertan zabilz gaur egun?
Lagunak autoa erostera animatu ninduten eta orain zaletu mailako lasterketan hartzen dot parte: normalean Euskal Herritik, batzuetan Asturiasetik eta Galiziatik… Helburu seriorik ez dot, ondo pasatzea besterik ez. Andreak dino alaba ikusi gura dauala autoan eta oraindik zazpi urte dauz; beraz, denporea dot erretiroa hartzeko (kar, kar).
Erreferentea
Txus Jaio Arrizabalaga (Markina-Xemein, 1975) erreferentea da euskal rallyetan: batetik, bi aldiz irabazi daualako Espainiako Lur Azpiko Rally Txapelketa (2002an eta 2003an); eta bestetik, Munduko Txapelketako saio batzuetan parte hartu ebalako 1999tik 2003era bitartean: Katalunia, Portugal eta Britainia Handiko RAC rallya, hain zuzen be. Jaioz gainera, ez da inoz gidari euskaldunik egon Munduko Txapelketan.