Kaleko txioa

a: www.lasexta.com 2020ko uzt. 30a, 09:40

Ia hile bi pasatu dira Joaquin Carmonaren istorioa komunikabideetan azaldu zenetik. Twitter gizarte-sarean @jokin4318 moduan da ezaguna eta atletismoaren gaineko postak idazten ditu. Hala ere, COVID-19aren eraginez ezarritako konfinamenduan idazteari utzi zion eta jarraitzaileek pentsatu zuten, beharbada, gaixotasunak eraman zuela. Ez zen horrela izan, ordea: kazetari batek Madrileko parke batean topatu zuen, eta han sei urte zaramatzan albistea azkar baino azkarrago zabaldu zen. Zamudio bere jaioterrira ere ailegatu zen.

Carmona nahiko estu sumatu dugu telefonoaren beste aldean. “Nire istorioa argitaratu zutenean, banekien oihartzuna izango zuela, baina ez nuen pentsatzen hainbesterako izango zenik. Egun batzuk izango zirela esan zidaten; hala ere, egunak aste bihurtu ziren, eta asteak, hileak. Lana eman didate kiroldegi batean eta hura bukatzen dudanean txiokatzen hasten naiz, jendeak txiokatzen jarraitzea nahi du eta. Hainbat elkarrizketa egin dizkidate, Espainiako komunikabideetan zein atzerrikoetan, eta eskaintza eta proposamen asko jaso ditut, mezuak egunero… Gehiegi da eta krisi pare bat izan dut tarte honetan; batzuetan pentsatzen dut hobe zela anonimotasunean bizi nintzenean”.

“Batzuetan pentsatzen dut hobe zela anonimotasunean bizi nintzenean”.

Carmona goren mailakoa da atletismoan eta Twitterren jarraitzaile asko ditu; kazetariak eta atletak, tartean. “Duela 17 urte izozki-postua galdu nuen eta etxeko arazoak ere hasi ziren –ura moztu zidaten–, baita nire beherakada ere. Azken sei urteetan parke batean bizi izan naiz, eta aurreko urteetan, ostatuaren eta kalearen artean. Gobernuz kanpoko erakunde batek pisu batera joateko aukera eman zidan, baina pisu horiek inguru txarretan izaten dira eta horietan jende txarra izan ohi da… nahiago nuen kalean bizi. Orain ostatu batean nago”. Kaleko bakardadea eta gogortasuna arintzeko, Carmona Madrileko bizitza kulturalaren ohiko kontsumitzailea zen. “Hemen musu truk joan daiteke pelikulak ikustera, diskoen eta liburuen aurkezpenetara… Liburutegira ere joaten nintzen egunkariak eta liburuak irakurtzera… Baina hori guztia ezin nuen inorekin partekatu eta horregatik hasi nintzen Twitterren atletismoari buruz idazten: egunkarietan eta blogetan irakurritakoa txiokatzen nuen”. Bere istorioa ezaguna egin baino lehen, 16.000 jarraitzaile zituen; ondoren, 36.000.

Carmonaren ordenagailu eramangarria amatatuta egon zen itxialdian, eta, hortaz, Twitter-kontua, isilik. Horrek Alfredo Varona La Bolsa Del Corredor egunkariko kazetaria kezkatu zuen. Apur bat ikertu ondoren topatu zuen. “Ni nahiko txarto nengoen: liburutegian txiokatu ohi nuen eta konfinamenduan liburutegiak itxita egon ziren; eta zabaldu zirenean, egunean bi orduan baino ez, eta soilik liburuak hartzeko… Itxialdian nahi beste egon nintzen kalean, eguzkitan, baina deskonfinamendua dela-eta jendea berriro paseatzen hasi zen eta lotsa ematen zidan… Kazetari horrekin hitz egin eta gero, zalantzak izan nituen, ez bainekien ondo egin nuen edo ez: gogorra da jendeak eta batez ere zure jarraitzaileek jakitea kalean bizi zarela… Ondoren, artikulua argitaratu eta hurrengo egunean telebista-kamerak azaldu ziren parkean… Ostatura joan behar izan nintzen, hainbat dei jaso nituen, eta han, bat-batean, erabaki pilo bat hartu behar izan nituen”.

“Gogorra da jendeak eta batez ere zure jarraitzaileek jakitea kalean bizi zarela”

Oroitzapenak

Joaquin Carmonak 1993ko urtarrilean alde egin zuen Zamudiotik. “Bilbora joan ginen bizitzera, baina apirilean etxetik irten eta Madrilera joan nintzen. Egia esan, hainbeste urteren ondoren, bitxia iruditu zait oraindik nirekin gogoratzea. Nik ia mutiko guztiak gogoratzen ditut, futbolean jokatzen genuelako, eta neskatila batzuk ere bai. Guztiek maite nindutela dut gogoan. Ama gaixorik zegoen eta etxeko giroa ez zen ona. Gero, OHOko zortzigarren urratsean kalean ibiltzeari utzi nion: etxeko gauzez arduratzen nintzen eta erosketak egitera baino ez nintzen irteten”.

“Hainbeste urteren ondoren, bitxia iruditu zait haurtzaroko lagunek oraindik nirekin gogoratzea”

Haurtzaroko lagunek maitasunez gogoratzen dute Carmona eta bere egoeraz jakiteak harritu eta kezkatu ditu. “Quinillo –horrela esaten genion Quini Barçako futbolaria asko gustatzen zitzaiolako– oso mutil zintzoa zen, eta oso arduratsua. Era berean, oso ikasle bikaina zen”, azaldu digu Olaia Aurre zamudioztarrak. Bere berri izan bezain laster, herriko lagunak batu ziren eta talde bat osatu zuten Carmonari laguntzeko. “Guregan arrastoa utzi duela jakitea nahi dugu, eta berarekin gogoratzen garela. Zerbait hobea merezi duela uste dugu eta horregatik ipini ditugu ekintza batzuk martxan”. Horrela, bada, dirua batzeko kontu korronte bat –ES98 2095 0083 9091 1991 0775– sortu dute eta Athleticek eta Mallorcak emandako hiruna elastiko jarri dituzte enkantean. Facebooken ere sortu dute taldea eta Carmonarekin WhatsApp bidez daude harremanetan.

Zamudion legez, atletismoari lotutako beste sektore batzuetan ere ekimenak bultzatu dituzte Carmonari laguntzeko. “Aukera guztiak ondo aztertu eta aprobetxatu behar ditut. Orain arte atletismoari buruz Twitterren idatzitakoa kazetariek eta adituek hartu dute kontuan eta komunikabideetan ere zabaldu da. Horren harira, eta egia esateko, txiokatzen lan egitea gustatuko litzaidake; hau da, orain arte egin dudana, baina soldatapean. Nolanahi ere, etorkizunari adi egon beharko dut, ea zer datorren”. Guztiok zorte handia opa diogu.