“Lanpostuak hondatzea ez da bidea; beste baliabide batzuk ipini behar dira”

Aikor aldizkaria 2020ko urr. 28a, 09:47

Urriaren hasieran, GESTAMP taldeko ordezkariek Zamudioko Matriceria Deusto eta GTS lantegiak itxiko zituztela berretsi zuten. Itxieraren ondorioz, 230 langile kaleratuko dituzte eta haien artean Txorierriko 50 familia inguru daude. Izaskun Olano GTSeko enpresa-batzordearen presidentea da eta egoeraren berri eman digu.

Lerro hauek idaztean, hiru batzar egin dira lantegien eta langileen etorkizuna aztertzeko, baina, Olanok adierazi duen moduan, alde bakoitzak tinko eusten dio bere jarrerari. “Edozein arlo edo neurriri buruz hitz egiteko edota beste elkarrizketa bat izateko, guk lehenik eta behin azkentzeko enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) mahai gainetik kentzeko eskatzen dugu, izan ere, hain presio handia izanda oso zaila da behar moduko azterketa sakona egitea. GESTAMPek, bestalde, jakinarazi digu ez dutela EEEa kenduko, beharrezkoa dela eta momentu honetan ez dagoela beste alternatibarik gure enpresentzat”. GESTAMP taldeak urriaren 8an berretsi zuen lantegiak ixteko eta langileak kaleratzeko asmoa. Olanok azaldu digunez, prozesuak 30 egun irauten du eta, beraz, baliteke azaroaren 6rako lantegiak itxita egotea edo kontsulta-epea amaitutzat ematea. 

“Lehenik eta behin azkentzeko enplegu-erregulazioko espedientea mahai gainetik kentzeko eskatzen dugu”

GTSeko eta Matricerias Deustoko langileek, ordea, uste dute alternatiba badagoela. “2000. urtetik hona daramagu GESTAMPen eta urte hauetan gorakada eta beherakada handiak egon dira trokelgintzan eta automobilgintzan. Ziklikoa izan da eta beti egon dira bolada txarrei aurre egiteko erremintak. Beherakada dator orain, baina enpresari eskatzen diogu haiek ere beste azterketa bat egiteko; gainera, gorakadak izan direnean geuk ere gure onena eman dugu”. Nolanahi ere, eta Olanoren hitzetan, lana datorren urteko udaberrira arte egongo litzateke, eta, gainera, ingeniaritza arloan aurrekontu berriak egin dira zenbait egitasmotarako. “Sektorean gorabeherak egoteagatik ere, lanpostuak apurtzea eta hondatzea, kualifikatuak direnean eta gure espezialitatean balioa dutenean, ez da bidea. Mahai gainean beste baliabide batzuk ipini behar dira, eta egoerari guztion artean aurre egin, beste batzuetan egin dugun moduan”.

GESTAMP taldeak diru-laguntza publikoak jasotzen ditu, hala nola, lurraldean I+G proiektuak aurrera eramateko, ikerketa berriak egiteko, trokelgintza mantentzeko eta kalitateko lanpostuak sortzeko. “Gure ustez, baliabide horiek erabilita, urte txarrei aurre egiteko aukerak ere topatu daitezke. Era berean, GESTAMP taldearen tamaina eta ahalmen ekonomikoa ere kontuan hartzekoak dira. Negozioa mantentzen saiatu behar dugu, eta, lantegiak itxi barik, beste planteamendu batzuk azalduko balituzte, horiek aztertuko genituzke; hala ere, lehen esan dudan moduan, lehenengo gauza EEEa kentzea da”.

 

Diru publikoa

Orain dela pare bat aste, EH Bilduk lantegien itxieraren gaia eraman zuen  Eusko Legebiltzarrera. “Arantza Tapiak erantzun zuen GESTAMPi dirua ematea eta trokelgintzaren egoera gauza ezberdinak zirela, eta batek ez zuela bestearekin zerikusirik. Guk argi eta garbi esaten dugu hori erantzukizuna saihestea dela: GESTAMP dena da eta 230 familia kaleratuko ditu inongo aukera barik, diru publikoa jasotzen duen bitartean”. Beste aldetik, Industria Sailburuordearekin ere batu dira. “ bitartekaritza-lana egiteko aukera zegoela azaldu zigun, eta guk ondo ikusten genuela erantzun genion, baina EEEa kendu behar zela. Enpresarekin hitz egingo zutela esan zigun; hitz hauek esatean ez dugu berririk izan”. Txorierriko alderdi politikoetako ordezkariekin ere batu dira egoera jakinarazteko.

“GESTAMPek 230 familia kaleratuko ditu inongo aukera barik, diru publikoa jasotzen duen bitartean”

Olanok adierazi duenez, orain arte izandako batzarretan informazio finantzarioa eskatu da jakiteko, besteak beste, GESTAMP zein talde-mota den eta zein diru-laguntza jaso duen. “Baina hitz hauek esatean enpresak ez du eskatutako informazio guztia ekarri. Guk planteamenduak egiten jarraituko dugu eta ikusiko da momenturen batean beste erantzun bat ematen duten”. Bien bitartean, mobilizazioekin eta urriaren 9an hasitako mugagabeko grebarekin segituko dutela ziurtatu dute langileek. “Gure lantegiak eta lanpostuak azken momentura arte defendatuko ditugu”.  

Aikor! aldizkaria GESTAMPekin ipini da harremanetan, bere jarrera ere artikuluan sartzeko eta puntu batzuk argitzeko, baina ez dugu erantzunik izan.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).