Erabateko konfinamenduan, jende asko animatu zen balkoian edo lursail txikian ortua edo lorategia ipintzera.
Bai, azken urteetan joera hori egon da eta konfinamenduan areagotu egin da. Jendea osasunaz arduratzen denean, elikaduraz eta janariaren kalitateaz arduratzen da.
Guk ekoiztutako produktu osasungarriak jateaz gainera, zer nolako onurak ekartzen dizkigu ortu edo lorategi txikia izateak?
Ortuan edo lorategian lanean edo haietan pentsatzen bazabiltza, gauza positiboa da azkenean; adibidez, fisikoki. Izan ere, baratzea edo lorategia gimnasioa dira. Eta ez hori bakarrik: bertan zabiltzan bitartean, ez zaude telebista aurrean, tabernan edo osasunerako txarrak diren gauzak egiten.
Sekreturik ba al dago ortu edo lorategi txikia eta dotorea izateko? Zuk ezinbestekotzat jotzen duzu papera eta arkatza hartu, eta egiten den eta gertatzen den guztia idaztea.
Hori sekretu handienetako bat da, toki, balkoi eta baratze bakoitza mundu bat delako: orientazioa, eguzkia, haizea… Eta, gainera, baratzezain bakoitza ere ezberdina da. Hortaz, gauza horiek guztiak idatziz ikasi egiten da. Guk urtero agenda bat argitaratzen dugu, jendeak ikusteko sasoi bakoitzean zer egin behar den eta agendan gauzak idatzi eta ikasteko. Bestalde, balkoiko lorategiaren sekretua da pentsatzea landareak non biziko diren: azken batean, loreontzi batean biziko dira eta, naturan bizi direnek ez bezala, ez dute beren kaxa bizitzeko gaitasunik izango; beraz, askoz gehiago zaindu beharko ditugu, eta batez ere ureztaketa kontuan hartu. Esandakotik aparte, ez dago inongo sekreturik.
Pandemiaren eraginez, beharbada, arnasten dugun aireaz askoz gehiago kezkatzen gara orain. Zure azken liburuan, Etxeko landareak, airea garbitzen duten landareei buruzko atala idatzi duzu; aloea edo potosa dira adibide batzuk.
Gero eta gehiago ikertzen da horri buruz eta, ondorioz, gero eta gehiago dakigu. Argi dago landareez inguratuta bizi bazara, nahiz eta etxe barruan izan, arnasten duzun airearen kalitatea hobea dela. NASAk, esaterako, ikerketa asko egin ditu leku itxietako aireko kutsadura garbitzeko gai diren landareen gainean. Uste dut Etxeko landareak liburuaren atal hori polita dela, jendea jabetzeko landareak ez direla bakarrik gauza eder bat, baizik eta beste eginkizun bat ere badutela.
“Landareez inguratuta bizi bazara, nahiz eta etxe barruan izan, arnasten duzun airearen kalitatea hobea da”
Ortua edo soloa gure kulturan dugun elementu inportanteena da, zure ustez. Zergatik?
Kultura cultivare da, eta kultura moduan ulertzen dugun guztia, hala nola musika, antzerkia eta arkitektura ondo jateari zor diogu; gaizki jaten duenak ez du sormenerako, kulturarako eta jakintzarako lagungarririk. Kultura berez baratzea da, noski. Nik beti esan dut baratzeaz ezer gutxi dakiena ez dela jantzia.
Berrikuntzei adi, tradiziozkoa ahazten dugu, tamalez?
Teknikak aurrera egiten du eta ezin da ukatu ikasi egiten dugula; hala ere, argi izan behar dugu lehen ere gauza asko ondo egiten zirela. Badirudi batzuetan hori ahaztu egiten dugula eta kanpotar batek etorri behar duela esatera hau edo bestea nola egin behar dugun eta horri nola deitu behar diogun. Esate baterako, konposta. Euskaraz hitz asko ditugu konposta adierazteko –nik luarra erabiltzen dut–, zeren antzina hori era askotan egiten zen hemen; baina jende modernoak ez du hori ezagutu. Teknikekin berdin gertatzen da: batzuek berriak izango balira bezala erabiltzen dituzten arren, lehendik ere erabili izan dira hemen, baina beste era batean, abonu berdea kasurako. Ni ez naiz berez tradizionalista; nolanahi ere, uste dut gure aurrekoek egiten zituzten gauza askotatik ikas dezakegula gaur egungo arazoak konpontzen eta lurra ondo lantzen. Izan ere, milaka urtean egin du jendeak hemen esperientzia; gu ez gara lehenak lurra lantzen.
“Aurrekoek egiten zituzten gauza askotatik ikas dezakegu arazoak konpontzen eta lurra ondo lantzen”
Zenbait komunikabidetan kolaboratzen duzu, zure liburuak ondo baino hobeto saltzen dira, jendetza batzen da zure hitzaldietan… Zein da zure arrakastaren sekretua?
Irratian hasi nintzen, duela 37 urte eta, imajinatuko duzuenez, irratian landareez hitz egiteak eskatzen du azalpen oso egokiak eman behar izatea, jendeak ondo ulertzeko zertaz ari zaren. Horregatik obsesionatu naiz komunikazioarekin, agian. Beste aldetik, nahiago dut jendeak bere hitzak erabilita gauzak azaltzea, horrela gehienok hobeto ulertuko ditugula pentsatzen dut eta. Saiatzen naiz jendeak dakien hori balioan jar dezala, zeren eta gaur egun ematen baitu lurraz edo nekazaritzaz dakiena ezikasia dela. Orduan, jendearen harrotasuna sustatzen ahalegintzen naiz, harro sentitu daitezen lurrari lotutako zerbait dakitelako eta hori guztioi azaltzeko gauza direlako. Arrakasta hortik datorrela uste dut; jendearen jakituria kontuan hartzekoa dela esatetik.
“Jendearen harrotasuna sustatzen ahalegintzen naiz, harro sentitu daitezen lurrari lotutako zerbait dakitelako”
Betiko mundua
Jakoba Errekondo Saltsamendi (1961, Usurbil). Paisajista eta agronomiako ingeniari teknikoa da. “Amona baratzezaina zen eta izekoak ere beti izan du baratzea aldamenean. Aitak, bestalde, fruta-arbolak gustuko ditu eta txertatzailea da; gainera, egurrarekin egiten du lan: basotik enborrak ekarri, zerratu… Hori, ba, nire betiko mundua izan da”.
Ospe handia du baratzezaintzan eta lorezaintzan eta askok berarengana jotzen dute aholku bila. Zenbait komunikabidetan kolaboratzen du eta www.bizibaratzea.eus webgunea ere badu. Hitzaldiak eta ikastaroak emateaz gainera, azoketan hartzen du parte eta liburuak ere idazten ditu. Bere azken lana Etxeko landareak da: iazko urrian kaleratu zuen eta jadanik bigarren edizioa egin da. Gaur egun, ahal duen neurrian, buru-belarri dabil liburua han eta hemen aurkezten.