Bilboko Euskal Museoak Zamudion du biltegi berria

Aikor aldizkaria 2021ko mar. 30a, 14:07

Museoa Bilboko biltegia husten dabil, eta bilduma Zamudioko instalazio berrietara ekarri. Zamudion erabilitako teknologiari esker, bilduma lekualdatzeko prozesua jatorritik helmugara kontrolatu ahalko da, QR kodeen bidez trazabilitatea hautsi gabe. Biltegiak 1.150 metro koadro ditu eta, besteak beste, hauek daude bertan: ingurumen-parametroen kontrola, ehunetarako eta obra grafikorako konpaktu gurpildunak, neurgailu elektronikoak eta sistema hidrofugoa duen gela bat.

Biltegiaren aurkezpenean izan ziren Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Sorkunde Aiarza Euskal Museoko zuzendaria. Ekitaldian azaldu zenez, Zamudioko biltegian museoko bildumaren zatirik handiena gordeko da kontserbazio-neurri zorrotzetan. Instalazio aitzindariak dira, azken belaunaldiko ekipamendua baitute: biltegiratzeko altzariek kudeaketa-sistema propioa dute eta horrek errazten du funtsen trazabilitatea eta funtsak bilatzea eta kontsultatzea. Kudeaketa-sistema hori biltegiratze-mota bitan instalatuta dago –bata, mota finkokoa eta irekikoa; eta bestea, mota itxikoa eta gurpildun elektronikokoa– eta objektuak berehala kontrolatzeko aukera ematen du, hauek uztartzeari esker: software aurreratua, objektu eta kokatze-mota bakoitzean ipinitako QR kodeak (sektorean, blokean, moduluan, apalean, tiraderan, sarean…), eta objektu bakoitza kokapen batean ipintzeko PDA mugikor bat.  

Instalazio aitzindariak dira, azken belaunaldiko ekipamendua baitute

Teknologia horri esker, Museoaren bilduma aldatzeko prozesu oso-osorik kontrolatu daiteke. Hortaz, Euskal Museoa lehenengoetarikoa da Euskadin informazio-katea hautsi gabe bilduma bat lekualdatzen, une oro jakinda pieza non eta zein egoeratan dagoen, gailu mugikor bat kontsultatuta. Era beran, kontrol topografikoaz gainera, teknologia horrek ahalbidetzen du pieza etorkizunean ere non dagoen jakitea, esaterako, kontserbazio-lanengatik edo maileguan uzten delako, biltegitik ateratzen bada.

Euskal Museoa lehenengoetarikoa da Euskadin informazio-katea hautsi gabe bilduma bat lekualdatzen

Zamudiokoa ez da biltegi arrunta, baizik eta ingurumen-parametroen kontrola duen biltegi normalizatu bat. Eremu bakoitza ondare-mota jakin bat hartzeko pentsatuta dago: objektu astunak edota dimentsio handikoak (egitura irekietan biltegiratutako altzariak kasu) eta tamaina txikiko eta ertaineko objektuak (adibidez, ehungintza eta zeramika, gurpildun konpaktuetan biltegiratuak). Bestalde, ehungintzaren eta obra grafikoen beharrizanetara egokitutako ingurumen-baldintzak dituen areto independente bat atondu da, sistema hidrofugoa ere baduena. Sua izanez gero, hutsa sortuko litzateke gune horretan eta minutu gutxietan sistemak amatatuko luke sua, bilduma kaltetu barik. Gainera, biltegi osoan tenperatura- eta hezetasun-neurgailu elektronikoak daude, baita in situ kontrola eta app bidezkoa. Eraikinaren kontrol klimatikorako eta sua prebenitzeko eta itzaltzeko ekipoa kontrol-gela batetik kudeatzen da, eta horrek bermea ematen du piezak behar bezala kontserbatzeko.

Azpiegitura berrian 1.764.858 euroko inbertsioa egin da azken hiru urteetan, eta besteak beste, hurrengo alderdi hauek hartu dira kontuan: aurretiazko azterketa teknikoa, lekualdatze-prozesua, horretan laguntzeko kanpoko langileak, klimatizazioa, altzariak (egitura irekiak eta konpaktu gurpildunak) eta piezak garbitu eta desinfektatzea. Biltegiak solairu bi ditu, 1.150 metro koadro orotara.

Biltegiak 1.150 metro koadro ditu eta bertan 50.000 pieza baino gehiago gordeko dira

Zamudioko azpiegituran 50.000 pieza baino gehiago gordeko dira. Museoko teknikariek, laguntzaileek eta zaharberritzaileak osatutako lantalde bi ari dira bildumako piezak mugitzen eta espero dute 2021eko bigarren hiruhilekoan amaitzea.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).