Helburuari heltzen zaio ipuinaren bidez?
Umeak berehala jabetzen dira egoeraz eta, kasu honetan, berehala identifikatzen dituzte erasotzailea eta biktima. Gerta daiteke jazarpena hasieran barregarria suertatzea eta erasotzailearekin bat egitea, horrek indarra, boterea… duelako; hala ere, istorioan sakondu ahala konturatzen dira haiek ere biktima izan daitezkeela, eta biktima izatea zein mingarria den. Horrek, nire ustez, biktimaren aldeko bihurtzen laguntzen die. Ez dakit hausnarketa egiten duten, baina nik esango nuke zerbait heltzen zaiela.
Umeei edozein gauza azaltzeko tresna da ipuina?
Lagungarria da, ipuinaren formatua eta hizkuntza, berez, oso erakargarriagoak direlako haientzat. Ipuin pertsonalizatuak idazten ditut eta behin ama batek eskatu zidan ipuina idazteko semeari azaltzeko ez zuela aitarik eta intseminazio artifizialaren bidez sortu zela. Eskaerak erabat harritu ninduen hasieran, baina idatzi nuen eta guztiok azaldu ginen emaitzarekin pozik. Hortaz, saiatu daiteke. Euren gordintasunean, gai tabuak, heriotza tartean, modu goxo batean azaldu daitezke ipuinen bitartez. Askotan, gurasook beldur handia diogu hainbat gairi buruz hitz egiteko, eta ipuinak baliabideak dira.
“Euren gordintasunean, gai tabuak modu goxo batean azaldu daitezke ipuinen bitartez”
Horri lotuta, hezkuntza-programak sortu dituzu, eta ipuinez gainera, material pedagogikoa ere osatu; Berdinola programa kasu.
Zarautzen, Hernanin… herriz herri dabilen programa da eta berdintasuna, kulturartekotasuna, errespetua… lantzen ditu; ezberdintasuna onartzea, azken batean. Batzuetan zaila izaten da, izan ere, umeei hainbat gairi buruz hitz egiten diegu eta baliteke oraindik jaso edo sortu ez dituzten estereotipoak helaraztea. Aukeratu behar da: itxaron umeak gai zehatz batez aritzeko jakitun izan arte ala aurreko lana egin, aurreiritziak zehaztu gabe, baina hainbat balio landuz: berdintasuna, enpatia, errespetua… Ez da erraza, baina ipuinak laguntzen du. Aitatasuna lantzeko, esaterako, ipuin bat kontatzen diet Lehen Hizkuntzako bigarren mailako eta DBHko bigarren mailako ikasleei, eta benetako umea dirudien panpina erabiltzen dut. Panpina ikusten dutenean, mutilek barre egiteko joera dute, baina istorioa entzun ondoren, mutil askoren jarrera aldatzen da: panpina besarkatzen dute, musua ematen diote… –bueno, orain COVID-19a dela-eta beste modu batzuk topatu behar ditugu–. Helburua da mutilak konturatzea haiek ere aita izango direla, eta panpinak horretan entrenatzeko sortu direla.
Helduentzako saioak ere egiten dituzu; zein da nagusion jarrera ipuinekiko?
Orokorrean, ipuin-kontaketa ez da erakargarria helduentzat. Nolanahi ere, herrietan programazio erakargarriak eta txukunak egiten direnean, egia da “parrokianoak-edo” saioetara etorri ohi direla. Talde zehatz batzuk ere sortzen dira eta haien kideak zaletzen dira eta aldez aurretik oso jarrera ona izaten dira ipuinarekiko; euskaltegietako taldeak ere hor daude… Umeen eta nagusien arteko ezberdintasun nagusia da umeak askoz gardenagoak direla eta berehala dakizu erakarri dituzun ala ez. Helduok, berriz, oso onak gara maskara jartzen. Gainera, batzuek ITV azterketa-edo egiten dizute: ea honek zer kontatuko digun orain, nondik joko duen… (kar- kar). Bestalde, askotan taldeak esker onekoak izaten dira, adibidez erretiratuak, eta gehienbat emakumezkoak izaten dira ikusleen artean; gizonezkoak erakartzea askoz gehiago kostatzen da.
“Berehala dakizu umeak erakarri dituzun ala ez; helduok oso onak gara maskara jartzen”
Pedagogia ikasi zenuen, aktore ibili zara, irakasle, idazle, irratian… Eta 2004an erabaki zenuen ipuinetik bizi nahi zenuela. Zergatik? Alderdi horiek guztiak uztartzeko modua da?
Galtzagorri literatura elkartean ibili nintzen baja bat betetzen, eta haurren eta gazteen literaturara hurbildu nintzen. Ipuin-kontalariak kontratatzeko ardura nuen eta konturatu nintzen neuk ere ilobei barra-barra kontatzen nizkiela ipuinak. Gainera, aktorea ibilia nintzen, txikitan amak ere istorio asko kontatzen zizkigun, ipuin asko entzunda nituen… eta pentsatu nuen hau niretzako lana izan litekeela. Beraz, kontratua amaitu zitzaidanean buru-belarri sartu nintzen ipuin-kontalari. Azken batean, aipatutako alderdi horiek nahiko lotuta daude elkarri, eta, beste alde batetik, argi nuen umeekin lan egin nahi nuela.
Nolakoa da ipuinetik bizi izatea?
Lan ederra da, oso polita eta sekulako pribilegioa. Hala ere, ikusten ez dena ere gordina da: kilometro asko errepidean eta horrek dakarren arriskua; baldintza ekonomikoak ere konplikatu samarrak izan daitezke, autonomoak garelako; inoiz ez dakigu hurrengo hilabetean zehatz-mehatz zenbat saio izango ditugun… Eta COVID-19a, gainera, hekatonbea izan da guztiontzat. Ziurgabetasun handi-handi hori alde batera utzita, oso lan polita da, eta esker onekoa, jendearekin egotea gustatzen bazaizu, aurrez aurre. Saioa amaitu eta ume bat zu besarkatzera etortzea baino ordainketa politagorik ez dago, nire ustez. Behin batean, taldeko ume guztiek amaitu zuten nire gainean eta zera pentsatu nuen: honela hiltzen banaiz, zoriontsu izango naiz! (kar-kar).
“Saioa amaitu eta ume bat zu besarkatzera etortzea baino ordainketa politagorik ez dago”
Nolako bilakaera profesionala izan duzu?
Hasieran oso-oso antzezlaria nintzen: mozorroak, traste pila bat, ipuina bakarrizketa bihurtzen nuen… Baina, gero eta apaindura gutxiago erabiliz joan naiz denboraren poderioz. Alde batetik, erronka gisa erakargarria iruditzen zaidalako; eta bestetik, hausnartu nuelako txikitan amak ipuinak nola kontatzen zizkigun: ahotsa, gorputza, begiak… bakarrik erabilita. Zaila da ahozkotasuna etxeetan topatzen, askotan jatorduak-eta pantaila aurrean egiten ditugu eta. Nire iritziz, oso inportanteak dira bazkalosteko eta afalosteko tarteak, baita lotara joan aurrekoa ere. Pentsatzen dut ikuspegi ebolutibotik izugarria dela gizakia gauza izatea hitz soiletatik irudiak sortzeko; oso aberasgarria da eta hitzak lehentasuna izan beharko luke. Bestalde, niri magikoa iruditzen zait: umeak berandu ailegatzen dira eskolatik, eta gehienetan eskolaz kanpoko ekintzak ere izan dituzte, etengabe hizketan dabilen beste heldu baten aurrean esertzen dira… eta, hala ere, adi-adi izaten dira, ondo pasatzen… Magia da hori; superbotere bat banu moduan sentitzen naiz.
Eta nolakoa da pandemia-garaian ipuin-kontalari ibiltzea?
Egia esan, niri berehala eskaini zidaten bideoak grabatzeko aukera eta horri esker biziraun nuen udara arte. Gero, udan saio presentzial batzuk egin nituen, kalean, eta irailean poliki-poliki hasi ziren ikastetxetako saioak ateratzen. Nik aurrez aurreko emanaldiak nahiago ditut, baina bideoa beste esperientzia bat da; pertsona gehiagorengana ailegatzeko aukera ematen du; eta baliagarria da norberaren burua zuzentzeko. Aurrez aurreko saioei dagokienez, ohiko segurtasun- eta osasun-neurriak hartu behar dira: distantzia, musukoa, objektuak eta mozorroak erakutsi daitezke, baina ez erabili… Gertutasuna galtzen da; halere, aldi berean, umeak hainbeste denbora izan dira ipuinik gabe, non gogo bizia duten.
“Umeak hainbeste denbora izan dira ipuinik gabe, non gogo bizia duten”
Ondo baino hobeto hasi duzu 2021a, beraz.
Lan piloa dut udara arte. Gainera, Euskadi Irratian kolaborazioak egiten ere hasi naiz, eta Goazen! Telesailean ibili naiz aktore. Datozen hilabeteetan zer etorriko den ez dakit, baina espero dut kulturgintzan gauden guztion egoera normaltzea.