Alex Rico, pilotua

“Garrantzitsuena da ahal izan duzun onena eman duzula sentitzea”

a: Alex Albarran 2021ko eka. 30a, 14:19

Alex Rico zamudioztarra (38 urte) motorraren zale amorratua da. Gehienbat ikusle izan da rallyetan, baina orain dela gutxi animatu da autoa gidatzera eta ekainean debuta egin du Miranda eta Ebroko zirkuituan. Rallykrosa eta autocrosa hizpide izan ditugu hurrengo orrialdetan.

Ricori lagunek kutsatu zioten autoen lasterketarako zaletasuna. “Beti ibili naiz rallyen inguruan, izan ere, lagunek rallyko autoak dituzte eta nik lagundu ohi izan diet. Autoaren barruan sartzeko gogoa ere izan dut eta, azkenean, diru apur bat aurreztu, eta autoa erosi nuen duela urte bi eta erdi”. Yacar croos bat erosi zuen, beste batzuen artean, ezaugarri hauek dituena: 600 cm3ko motorra, 125 zaldi eta 300 kiloko pisua. “Oso auto arinak eta biziak dira”. Beste lagun bik ere autokroserako autoa erosi zuten, eta azken urteetan elkarrekin dabiltza lasterketarako zaletasuna gozatzen. 

“Abiadurak ekartzen duen adrenalinak erakartzen nau, autoa kontrolatzeko sentsazioak. Auto barruan zaudela, ez dago ezer gehiagorik eta gogoa bakarrik lasterketan ipintzen duzu. Bestalde, koadrilaren momentua ere bada, askotan lagunak ere etortzen direlako entrenamenduetara laguntza eta babesa ematera. Gainera, autoa gidatzen duten lagunekin batera ere ibiltzen naiz lasterketetan”. Bizkaian ez dago zirkuiturik eta, ondorioz, Errioxaraino edo Miranda de Ebroraino joan behar du entrenatzera. “Batzuetan hilean bitan joaten gara, edo hilean behin; eta orain, COVID-19a dela eta, askoz gutxiago. Gutxi da, baina guretzat ez da bizimodua, zaletasuna baizik, eta dirua behar da praktikatu ahal izateko”. Zaletasun garestia dela kontatu digu. “Inbertsio handia egin behar da autoa erosteko, eta erosi ondoren beste gastu batzuk gehitu behar: pista alokatzea, hara joateko bidaia, zure eta laguntzaileen gastuak, matxurak konpontzea, ostatua, gaua bertan ematen baduzu…”. Gastuei aurre egin ahal izateko, babesleak topatzen ahalegindu da; hala ere, ez du zorterik izan.

“Abiadurak ekartzen duen adrenalinak erakartzen nau, autoa kontrolatzeko sentsazioak”

“Autoa erosteaz gainera, beste gastu batzuk ere badaude : pista, bidaia, matxurak…”

Zamudioztarrak rallykrosa eta autokrosa egiten ditu. “Rallykrosaren zirkuitu erdia asfaltoa da, eta beste erdia, lurra; autokrosaren zirkuitua, berriz, lurra da oso-osorik. Bietan auto berbera gidatzen dut. “Asfaltoan gidatzea eta lurrean gidatzea oso ezberdinak dira. Lurreko zirkuituan beti dago hautsa, eta «lau euri-tanta» bota dituen sentsazioa. Autoak irrist egiten du etengabe eta ondo kontrolatu behar duzu, autoaren pisua kontuan hartu”. Auto txikia da eta, kanpotik ikusita, pentsatu liteke lasterketarako beste auto batzuk baino hauskorragoa dela; Ricok ziurtatu digu segurua dela hura gidatzea. “Kolpeak jasateko prestatuta dago eta pilotua babesteko euste- eta segurtasun-sistemak ditu. Kaskoaz gainera, pilotuek suaren aurkako arropa janzten dugu, eskularruak eta botinak eta guzti, Automobilismoaren Nazioarteko Federazioak agintzen duen moduan”. 

“Lurreko zirkuituan, autoak irrist egiten du etengabe eta ondo kontrolatu behar duzu”

Zentzuduna

Autoa ez ezik, burua ere kontrolatu behar du pilotuak. “Kontzentrazio handia izan behar da; bestela, gauzak ez dira ondo ateratzen. Gainera, kolpeak oso gogorrak izan daitezke, eta bizia arriskuan jarri. Irteera-parrillan nagoela hasi naiz pentsatzen zirkuitua nolakoa den, bihurguneak nola hartu behar ditudan, nola zuzen guneak… Kontzentratu behar dut kolpeak ekiditeko”. Esprint-lasterketak egiten dituzte, 10 minutu inguru irauten dutenak; guztira zazpi buelta egiten dituzte zirkuituan. “Egia esan, ez dakit zein abiaduratan joaten naizen, ez dudalako abiadura-neurgailuari begiratzeko denborarik, baina… nahiko arin”. Oraindik ez du susto handirik izan. “Entrenamenduetan baten batek zure kontra egin ahal du talka, eta matxura egin. Orain arte gauza txikiak izan dira beti, zorionez: apurketaren bat, trapezioren bat haustea… Aitarena egingo dugu, badaezpada!”.   

“Kontzentrazio handia izan behar da; bestela, gauzak ez dira ondo ateratzen”

“Ez dut abiadura-neurgailuari begiratzeko denborarik, baina… nahiko arin joaten naiz”

Nolanahi ere, pilotu zentzuduna eta arduratsua da Rico. “Entrenamendua edo lasterketa baino bi aste lehenago hasten naiz autoa prestatzen, dena ondo dagoen egiaztatzeko. Ondo ibiltzea gustatzen zait, baina gerta daiteke, esaterako, Errioxaraino joan eta autoa probatu barik bueltatzea, huts egin duelako. Ezusteko handia da halakoak gertatzen direnean… Eta lasterketan bertan? Arriskatu behar da, jakina; halere, momentuoro jakin behar duzu zer zabiltzan gidatzen, eta ezin zara besteen gainetik pasatu, gainerako autoetan ere zu bezalako pertsonak daudelako, etxera ailegatu behar dutenak. Azken batean, hau zaletasuna da eta ez gara dirudun egingo. Nire ustez, garrantzitsuena da etxera ailegatzea gauzak ondo egin dituzula jakinda eta zure onena eman duzula sentitzea”.

“Ezin da besteen gainetik pasatu, gainerako autoetan ere  etxera ailegatu behar duten pertsonak daudelako”

Bere onena hain zuzen eman zuen ekainaren 12an, Miranda de Ebron egin zen San Juan del Monte lehiaketan. Azaldu digunez, iaz debuta egitekoa zen, baina pandemia dela-eta lasterketa guztiak bertan behera gelditu ziren, eta, ondorioz, esandako lasterketan egin du debuta aurten. “Argi-itzalez betetako lasterketa izan zen. Lehenengo txandan laugarrena nintzela, batek kolpea eman zidan aurreko eta atzeko gurpiletan: talkaren eraginez, autoko errotula bat apurtu zitzaidan eta zazpigarrena heldu nintzen helmugara. Bigarren txandan sartu nintzen, baina bakarrik lehenengo hirurak joaten dira finalera, eta ni bosgarrena heldu nintzen helmugara”. Lasterketan, 26 pilotuk hartu zuten parte. “Oso urduri izan nintzen, eskarmentu handiko pilotuen kontra ibiliko nintzelako: pentsatu nuen, beharbada, lasterketa handiegia zela niretzat… Baina, gero, kaskoa ipini, eta guztiok gara berdinak. Ipurdia estatu behar da, eta aurrera egin; bestela, sobera zaude han”. Zamudioztarrak zorte txarra izan zuen. “Pena izan zen, lagunak ni ikustera etorri zirelako eta gauza polita izan zitekeelako. Bueno, lasterketa gehiago etorriko dira eta espero dezagun hobeak izatea”. Hitzorduak egutegian ditu markatuta: datorren hilabetean rallykrosa egingo du Mirandan bertan; ondoren, beste rallykros bat eta lau autokros lasterketa. Lizentzia Zamudio Racing elkartean du aterata.

“Argi-itzalez betetako lasterketa izan zen Miranda de Ebrokoa; nire debuta, hain zuzen ere”

Babesleak

“Badakit ezin naizela kirol honetan inora ailegatu, dirurik ezean ezin delako ezer egin; bestela, gaztea izan behar duzu, eta babesletza lortu. Dena da garestia: autoaren osagarriak, bidaia, lasterketa, gasolina… Ahalik eta lasterketa gehienetan parte hartzea gustatuko litzaidake, baina hori diruaren arabera izango da. Etxea da lehentasuna, eta gero, zaletasuna”. Lagunak eta senideak ditu babesle handienak, eta bakarrak. “Lagunek laguntzen didate autoaren konponketekin; adibidez, lagun batek tailerra du eta hara eramaten dut autoa. Anaiak, bestalde, harategiaren publizitatea ipini du autoan, eta kanpora ateratzen garenean jatekoa ere ematen digu. Lagunak zirkuituetara lagundu ohi didate”.

“Badakit ezin naizela kirol honetan inora ailegatu, dirurik ezean ezin delako ezer egin”

 

“Lagunak eta senideak ditut babesle handienak, eta bakarrak”

Ricoren esanetan, zaletasuna handia dago; baliabiderik, berriz, ez. “Ezin zara inora eskatzera joan, ezta erakundeetara ere. Entrenatu ahal izateko, Nafarroara, Errioxara, Burgosera edo Kataluniara joan behar dugu, eta, egia esan, pena da etxetik hurbil zirkuiturik ez egotea… Beste herri batzuetan, esate baterako, Katalunian edo Galizian, kirol hau nahiko babestuta dago eta erakundeek diruz laguntzen diete pilotuei. Bertan, aldiz, ez dago rallyetarako diru-laguntzarik eta oso zaila da lasterketak aurrera ateratzea”. Horiek horrela, berak zaletasunaz eta abiaduraz disfrutatzen jarraituko du, ahal duen guztietan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).