Gabriel Etxebarria, euskaltzalea

“Baserriko giroan eroso nago”

Aikor aldizkaria 2021ko ira. 29a, 10:01

Sarritan ikusi dogu Txorierritik zaldi gainean eta behizain-txanoa jantzita. Gabriel Etxebarria zamudioztarraren (1948) itxurea bitxia da, baita kontetan dituan istorioak be. Atsegina da entzutea. Etxebarria gizon hurbila da, herrikoia, eta oso euskaltzalea, euskaltzale militantea. Lagatzu euskera alkarteko sortzaileetako bat izan zan eta azken urteotan Baserri Antzokiko proiektuan be sartu da.

Zamudioztar peto-petoa zara. Beti herrian bizi izan zara?

Familia Zamudiokoa da eta beti bizi izan naz hemen, bai, Aranoltza auzoan, jaio nintzan baserrian. Halanda be, lehengo aldiz ezkondu nintzanean, bost urte emon nebazan Bilbon. Eta gero, barriro Zamudiora.

Zergatik gelditu zara beti Zamudion? Zer emoten deutsu?

Bigarren andrea Zaratamokoa da eta Galdakaon egiten dau lan; berak Galdakaon bizi gura izan eban. Halanda be, Zamudiora etortea onartu eban eta gaur egun poz-pozik gabilz. Zamudio zalea naz, bai, eta beti gura izan dot herrian bizi. Zamudiok askatasuna emoten deust: naturari lotuta zagoz, jentea ezagutzea eta eurekaz gustura egotea garrantzitsua da; eta hori herrian topatu dot. Geure euskeraz berba egitea eta aspaldiko kontuen barri emotea bakarrik Zamudion egin ahal dozu. Aita sano kontalari ona izan zan eta hainbat kontu adierazoten deuskuz, eta horren inguruan kanpoko bategaz ezin dozu berba egin. Eta ez da harrokeria, baina ni bizi nazen lekua polita da. Harro nago.

"Zamudion naturari lotuta zagoz; jentea ezagutzea eta gustura egotea garrantzitsua da; hori herrian topatu dot" 

Zamudio izugarri aldatu da azken urteotan… Onerako ala txarrerrako?

Bai, gaur egun, 180 baserri dagoz herrian, baina 22 desagertu egin dira, industriaguneen inbasinoagaitik. Trenak indar handia emon eutson herriari. Eta horri esker, Zamudio, besteak beste, Bilboko despentsea izan zan. Izan be, lehen zamudioztarron % 80 baserritik bizi ginan. Horrek nortasuna emoten eutson herriari eta hori guztia galtzea penagarria da. 1983ko uholdeetan, Bilbo hu­tsik gelditu zan eta Mercabilbao San Mamesen aurrean egoan Erakusketen Azokara joan ginen gure produktuak saltzera. Bai, aldaketa ederra egon da: batzuk onerako, eta beste batzuk txarrerako. Argi dago orain lehen baino aberatsagoak garana, baina aldi berean nostalgia sentiduten dot, lehengo bizimodua desagertu egin dalako. Gaur egun, oso gitxi bizi dira baserritik.

“Gaur egun, Zamudion 180 baserri dagoz, baina 22 desagertu egin dira. Penea da, lehengo bizimodua galdu egin dalako”

Familia baserritarra, baina zu lantegi batean aritu zinan. Zergaitik?

1950erako baserriaren gainbeherea igarten hasi zan. Esate baterako, 1960an esnea ontziratu barik saltzea galarazo zan Bilbon eta, ondorioz, baserriek behien kopurua murriztu egin behar izan eben. Bendejearen ekoizpenak, ostera, gora egin eban. Era berean, Bilbon kanpoko barazkiak be hasi ziran saltzen. Beraz, ingeniaritza ikasi neban eta lantegi baten egin neban behar, erretiroa hartu arte. Halanda be, ez dot inoz baserriagaz hartu-emona galdu. Baserriko giroan eroso nago: baserria ez da bakarrik lantokia edo bizilekua, bizimodua baino. Adibidez, urrian, artoa batzen genduanean, familia osoa batzen ginan etxeko atarian osagaiak bereizteko: indaba, artaburua eta lastoa. Baserriak kultura zabal bat emoten deutsu: baserritar batek edozein gairi buruz hitz egin ahal dau: bendejea, animaliak, eguraldia, basogintza... Eta kultura hori belaunaldiz belaunaldi helarazoten zan.

"Baserriak kultura zabala emoten dau; baserritar batek edozein gairi buruz hitz egin ahal dau: bendejea, animaliak…"

Baserrian zaldiak euki dozuz...

Bai, nagusitan, nik gozatzeko. Lehen zaldiak baserrian lan egiteko euki genduazan. Aitak argi esan eustan: zaldiak ez dira ibilteko, hori aberatsen kontua da eta. Donejakue Bidea zaldiz egitea pentsau neban, baina azkenean ez, ez nebalako argi ikusi. Horren haritik, zaldiz etorren erromes bat hartu neban nire etxean eta berari Bidea zaldiz egiteari buruz galdetu neutsanean hauxe esan eustan: Jaungoikoaz fidatu zaitez eta berak lagunduko deutsu.   

Sarritan ikusi zaitugu zaldiz eta txanoa jantzita Zamudiotik, cowboy-a izango bazina moduan...

Bai, domeketan joaten nintzan zaldiz paseatzera. Zamudioko iparraldea da politena zaldiz edo oinez ibilteko: Geldo, Daño… Behin, Parke Teknologikoan, espaloian nenbilela, segurtasun-langile batek hau esan eustan: “¡Oiga, no se puede andar por la acera!”. Nik ulertzen ez nebala esan neutsan eta birritan gauza bera errepikatu ostean hauxe adierazo eustan: ¡NO SE PUE-DE AN-DAR POR LA ACE-RA! Ez deust inork hain argi gaztelaniaz inoz egin (kar, kar). Espaloitik errepidera joan nintzan, jakina. 

Euskereaz berba egin daigun. Lagatzu euskera alkartearen sortzaileetako bat izan zinan.

Bai, 1999an "Bai euskarari" kanpaina zabaldu zan eta, horretarako, lan-taldea sortu zan herrian. Hor gengozanok uste genduan Zamudiok, herri euskalduna izanda, euskera taldea behar ebala. Izan be, ezagutza bai, baina erabilera nahiko eskasa zan. Lagatzu sortu genduan, gero TOTOAN, gero Aikor! aldizkaria… Halanda be, euskerearen egoerea ez da ona. Emoten dau batzuk ez dakiela euskaldunak dirala. Erdaldunari ezin deutsazu euskeraz egitea eskatu; euskaldunari, bai, ostera. Euskereak ez dau inoz osperik euki. Zamudion oso gatxa da euskera hutsean bizi izatea. Erdaraz, ostera, oso erraza. Anbulategian, esate baterako, harreragilea bada euskalduna, baina erizanak ez. Jarraitu behar dogu beharrean euskerearen alde.

"Euskereak ez dau inoz osperik euki. Zamudion oso gatxa da euskera hutsean bizi izatea. Erdaraz, ostera, erraza da"

Nekagarria da militantea izatea?

Bai, taberna baten eskatzea eta morroiak “no te entiendo” esatea be… Nik gurago dot “¿podrías hablarme en castellano, por favor?”. Bizkaian mila militante egongo balira, gauzak desbardinak izango litzatekez. Erdalduna izatea ez da bekatua, inondik inora; bekatua beste hau da: berton bizi eta euskeraz egiten dauen bati “no entiendo” esatea, mespretxu ikaragarria dalako. Izan be, ingeles bati ez leuskiolako esango, laguntzen ahaleginduko litzateke, eta ondo eginda gainera. Eta hori ez da Gipuzkoan, Larrabetzun eta Markinan gertatzen, bertan sortuta daben giroak errepestua bultzatzen dauelako. Euskereak osperik ez dauelako, eta hori herritarrek zein agintariek emon behar deutsie.

Anekdotaren bat kontau ahal deuskuzu? Zer gertatu jatzu militantzia mantentzeagaitik?

Behin, basoa erre jakun eta su-hiltzaileek fakturea emon euskuen. Ordaintzera Bilbora joan behar izan genduan eta han gizon bat topau genduan. Euskeraz esan geuntsanean, “no entiendo” esan eban, guri begiratu barik. Eta nik hauxe erantzun neutsan: “Claro, usted será un enchufado anti euskaldun de la época de Franco”. Eta tramitea egin euskun. Harroputzei egurra emon behar jake. Beste bat gertatu jatan Bilbon, Segurantza Sozialean, erretiroa hartu nebanean. Hango andreak esan eustan: “huy, huy, huy, no sé si nos vamos a entender”. Ni isilik eta berari begira gelditu nintzan; urduri jarri zan; eta handik bost minututara euskaldun bat etorri zan, tramitea egiteko. Eta beste bat kontatuko deutsut. Ogasun sailan, Bilbon, erdaldun bategaz egin neban topo. Eta nire txandea zanean esan eustan bera ez zala euskalduna eta barriro itxaron-gelara joateko. Handik gitxira, euskaldun batek hartu ninduan. Kexa bat jarri neban horregaitik Aldundian.

Euskalduna izateagaitik, bigarren mailako herritarra sentitu zara inoz?

Ni ez naz bigarren mailako herritarra sentitzen, baina askotan hori sentiarazo deustie. Eta hori ikusten ez dauena itsua da. Errazena euskeratik gaztelaniara aldatzea da, baina zer gertatzen da hori egin gura ez badogu? Maisu-maistra izateko Bizkaian euskerea beharrezkoa da, jakina, D eredua nagusitzen dalako; baina, Ertzaintzako azken deialdiaren herenak ez dau euskerea jakin behar izan. Heren hori beti egokitzen jat niri. Eta hori erdaldun batek ezin dau esan, beti bere hizkuntzan erantzuten deutselako.

"Euskalduna izateagaitik ez naz bigarren mailako herritarra sentitzen, baina askotan hori sentiarazo deustie”            

Eta gazteek, zuen lekukoa jasoko dabe?

Etorkizuna ez dot txarto ikusten. Gaur egun, gazte guztiek dakie euskerea; beraz, erabilera bultzatu behar da. Formula magikorik ez dakit, ez da erraza, baina baikorra naz: euskereak urteak eta urteak daroaz bizirik eta Euskal Herriko biztanle gehienok badakigu euskerea.

"Etorkizuna ez dot txarto ikusten. Gaur egun, gazte guztiek dakie euskeera; beraz, erabilerea bultzatu behar da"

Lagatzu alkarteak herriaren babesa euki dau. Zein da egoerea gaur egun?

Barritze prozesuan gagoz. Eta hori egiten dogunean, Lagatzuk be badau etorkizuna. Zorionez, dirulaguntza sendoa dogu Zamudion, beste herri batzuetan gertatzen ez dan moduan. Eta hori aprobetxatu egin behar da, Lagatzuk dauen ospea mantentzeko eta jarraitzeko.

 

“Txorierriko proiekturik politena”

Baserri Antzokia TOTOAN Txorierriko Euskera Alkarteen Federazinoak babestu eban 2016an hori martxan jarri zanean. Hasieran, Gabrielek ez eban proiektuagaz bat egin, baina gero Fundazioara sartu zan. "Batetik, taberna dago, gure motor ekonomikoa; eta bestetik, fundazioa, eta ni horren mahaikidea naz. Beraz, kudeaketa-lanak egiten doguz: bazkideak doguz, handiak zein txikiak... Hau ez doa berez, bultzatu behar da eta horietako bat neu naz", esan deusku.

Baserri Antzokiaren proiektua 2010ean hasi zan eta "buelta asko emon ostean", hemen dago. "Txorierriko proiekturik politena da. Lurzorua Derioko Udalak itxi euskuen 60 urterako, garai hatako Lander Aiarza alkatearen eskutik. Berak proiektuan sinetsi ebalako gagoz hemen. Handik aurrera erakunde publikoak gugaz ahaztu egin dira, hau da, ez dogu diru publikorik jasotzen. Etorriko dira garai hobeak, baina ezin gara kexatu, Baserri Antzokian gauza asko egin ahal direlako. Pozik gagoz, leku polita eta atsegina, euskeraz egiteko eta gozatzeko".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).