Azoka solidarioa Zamudion, Liher eta Haizea anai-arrebentzako laguntza-txakurra hezteko dirua batzeko

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 19a, 09:27

Liher eta Haizea neba-arrebek sei eta lau urte dituzte hurrenez hurren eta Zamudion bizi dira. Biek autismoaren espektroko nahasmendua dute. Amak, Joana Oterok, orain dela hilabete batzuk jakinarazi zigunez, laguntza-txakurrak etxean zein kalean moldatzen lagunduko lieke eta horregatik ipini zuten martxan Puppi proiektua. Kanpainaren helburua da dirua batzea ikaste-prozesuaren gastuak ordaindu ahal izateko, eta horren harira Bizi Zamudio elkarteak azoka solidarioa antolatu du urriaren 30erako.

Azoka 17:30etik aurrera izango da Agirre lehendakariaren plazan, eta laguntzeko modu bi daude: alde batetik, Bizi Zamudio elkartearen dendetara salgai ipintzeko arropa eta objektuak eramanda; eta bestetik, azokan bertan erosiz. Musika-talde batek girotuko du ekintza. Gainera, urriaren 30ean bertan, 11:00etan, Ischandia gizarte ekintzak informazio-hitzaldia egingo du Zamudiotorren eta bertan azalduko dute zertan datzan Puppyren trebakuntza; Puppy Liher eta Haizea neba-arreben laguntza-txakurra izango da. Oterok azaldu moduan, txakurra hezteko prozesuak urtebete irauten du eta 18.322 euro balio du.  

“Umeak ez dira kaleko arriskuez ohartzen eta, gainera, zarata eta argiak direla-eta krisiak izan ohi dituzte kalean: haietako batek atakea badu, handik gutxira besteak ere izaten du, elkarri kutsatzen diotelako. Halako egoeretan, nik umeetako bat zaintzen dudan bitartean, txakurrak bestea zaindu ahalko luke, eta mina har dezala ekidin. Edo haietako bat korrika irteten bada, bere atzetik joan. Era berean, txakurrak lagundu ahal die eskailerak eta zintarriak jaisten ikasten, kalea zebra-pasaguneetatik gurutzatzen… Ondorioz, umeak pixkanaka-pixkanaka ikasiz joango dira noiz eta non gelditu behar diren, nondik pasatu…”, kontatu zigun amak.

Lekuetara joatea ere korapilatsua da Liherrentzat eta Haizearentzat eta txakurrak horretan ere lagunduko lieke. “Esaterako, medikuarenera joateko. Izan ere, haietako batek medikuarekin hitzordua badu, bestea ere eraman behar dut kontsultara eta txakurrak lagunduko lioke bertan lasaiago egoten, medikuak bere arreba edo bere neba artatzen duen bitartean”.  Bestalde, lo egiteko orduan ere mesedegarria izango litzateke umeek laguntza-txakurra hurbil izatea. “Ezin dute atsedenik hartu eta lo egiteko orduan pertsona batekin egon behar dute denbora osoan. Lasaitzeaz gainera, txakurrak konfiantza emango lieke, apur bat bakarrik egon ahal izateko. Nire ustez, laguntza-txakurrari esker, seme-alabek lortuko lukete pixka bat autonomoagoak izatea eta pentsatzen dut hori inportantea dela, askatasun apur bat eta segurtasuna behar dutelako”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).