Hiru Bat dantza taldea

50 urte dantzan

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 29a, 09:50

Hiru Bat Zamudioko dantza-taldeak mende erdia bete du eta urteurrena handitasunez ospatu zuten urriaren 23an. Herriko balkoiak-eta  apaindu ziren ospakizun-ekitaldirako, eta taldearen ibilbidea jasotzen zuen argazki-erakusketa ikusgai ipini zen tabernetan. Dantza-taldearen dantzariak eta monitoreak dira Txaro Mugarra Arrien, Blanka Aurtenetxe Lasa eta Ainhoa Bilbao Goiri. Taldearen hasierak errepasatzeaz gainera, gaur egungo egoeraz eta etorkizunaz hitz egin dugu haiekin.

Kontatu digutenez, dantza-taldea Joseba Petralanda Atxutegik eta Mugarrak ipini zuten martxan. “Aurretik beste dantza-talde bat egon zen herrian, baina desagertu egin zen. Talde horren izena hartu, eta gaur egungoa sortu genuen. Josebak mutilei irakasten zien, eta nik, neskei. Hogeita lau umerekin-edo hasi ginen. Joseba eta biok dantzariak izan gara beti, txiki-txikitatik, eta euskal kulturari eta ohiturei eutsi nahi genien, abertzaletasun-sentimenduari”.

“Herrian egondako beste talde baten izena hartu, eta egungoa sortu genuen: euskal kulturari eutsi nahi genion”

Taldea sortu zen berria ahoz aho zabaldu zen eta dantzarien kopurua pixkanaka-pixkanaka hasi zen handitzen. “Neskok elizpean egiten genituen entseguak, eta mutilek, parrokiako lonjan. Entseguak arratsaldeko 4etan izaten ziren eta haien ostean arratsaldeko 5etako mezatara joaten ginen. Gantxoa-edo ziren (kar-kar)”. Elizpetik kiroldegira joan ziren, eta handik Kultur Etxera (eskola zaharrak). Gaur egun, Kultur Etxearen ingurua birmoldatzeko lanak direla eta, eskolako patioan entseatzen dute; hango gimnasioa eta gela bat ere badituzte eskura, eguraldi txarra eginez gero. Entseguak bariku arratsaldeetan egiten dituzte.

“Entseguak arratsaldeko 4etan izaten ziren, eta haien ostean, mezatara. Gantxoa-edo ziren (kar-kar)”

Urte batzuetan, Zamudioko eta Txorierriko beste herri batzuetako dantzariak egon dira taldean, baina azken urteetan dantzari guztiak zamudioztarrak dira. “Ehun eta hemeretzi dantzari ditugu. Dantzarien kopuruari dagokionez, gorabeherak egon dira, batez ere mutilen taldean: futbola dela eta, pilota dela eta… Inoiz mutil-dantzariren bat falta izan arren, beti izan dugu gutxienez mutilen talde bat. Bueno, eta mutilen talde bi ere izan genituen lehen aldian… Hori bai poza! Ondo gaude gaur egun, taldean 31 mutil ditugu eta. Nesken taldeek, bestalde, beti egin dute gora”. 

“Ehun eta hemeretzi dantzari ditugu: 88 neska eta 31 mutil; eta 13 monitore”

Hiru dantzarien ustez, herriko ume eta gaztetxoak erakartzea eta hainbeste urte bete izana dira lana ondo egitearen ondorioak. “Plazan ez ezik, herriko jai guztietan eta ermitetan ibili gara. Lotu barik jarraitu dugu lanean eta antolakuntza ona ere izan dugu. Gainera, denetariko jendea egon da gurean, eta arazorik ez. Garai batean, txangoak eta guzti egiten genituen Euskal Herriko txokoak ezagutzeko. Oso arrakastatsuak izaten ziren, orain ez bezala, garai hartan bidaiatzeko aukera edo modu gutxi zegoelako; aukera berriak zabaldu ziren gero, eta txangoak antolatzeari utzi genion”. Herritar guztientzako ikastaroak ere antolatzen dituzte. “Jende dezente batzen da. Jota, Arin-arin dantza, korroenak… irakatsi ditugu jendeak jaietan parte hartzeko edota gurekin dantzatzeko”.  

“Plazan ez ezik, herriko jai guztietan eta ermitetan ibili gara; denetariko jendea egon da gurean”

Momentu batean edo bestean kili-kolo ibili badira ere, garai txarrak gainditzeko gauza izan dira. “Nahiko monitore ditugu: lau mutilenak eta bederatzi neskena. Lehen, taldeek eta dantzariok batak bestearengandik ikasten genituen dantzak; orain aukera gehiago daude leku batera edo bestera ikastera joateko. Federazioak ere ikastaroak antolatzen ditu”. Edozelan ere, ez dute argi etorkizunean monitoreak ordezkatzeko lagun nahikorik egongo den. “Guk edade bat dugu eta ez gara taldean betiko egongo. Bizitza aldatu da eta gaur egungo gazteek beste lehentasun batzuk dituzte. Gainera, kontuan hartu behar da gure monitoreek ez dutela euren lanaren truke sosik ere jasotzen. Are gehiago, dantzak irakasteaz gainera, administrazio-kontuez ere arduratu behar da ”.

“Guk ez gara taldean betiko egongo, eta gaur egungo gazteek beste lehentasun batzuk dituzte”

Herria girotu

Zamudioko Udalak dirulaguntza ematen die, eta lehen ezkontzetan ere dantzatzen zuten dirua lortzeko. “Baina utzi dugu, lan handia ekartzen duelako. Beste herri batzuetara ere joan gara dantza egitera, ermitetako jaietara…”. Saio horietan irabazitako diruari esker joan ziren apurka-apurka arropa eta materiala erosten. “Txikiek euren arropa erosi behar dute, baina taldeak baditu dantzari nagusiagoentzako jantziak, gonak, materiala… eta erabili ditzakete”.

Herriko gainerako elkarteek antolatzen dituzten ekintzetan ere hartzen dute parte, esaterako Lagatzu Egunean, eta euren ekarpena egiten dute herria girotzeko eta herritarren arteko harremanak sendotzeko. “Baten batek esan digu dantza-taldeari esker duela lagun-taldea. Eta egia da: herritarrek elkar ezagutzen dute, hainbat belaunalditako lagunek ere bai, eta koadrilak ere sortzen dira. Hori guztia oso inportantea da herrian”.

“Taldeari esker herritarrek elkar ezagutzen dute eta koadrilak ere sortzen dira; inportantea da hori”

Euskal kulturari eta ohiturei eusteko asmoa zutela sortu zuten Hiru Bat dantza taldea, eta asmo horri eusten jarraitzen dute. “Guk egunero-egunero egiten dugu aurrera, astiro-astiro. Indarrak 50. urteurrena ospatzeko ekitaldian batu ondoren, hurrengo ekintza abenduaren 18an egingo dugu kiroldegian, gurasoei eta herriari erakusteko aurten zer egin dugun. Beste aldetik, Bizkaiko Dantzarien Eguna 2022ko maiatzaren 15ean izango da Zamudion eta ilusio handia dugu. 2020an bertan ospatzekoa zen, baina pandemia dela-eta bertan behera utzi behar izan zen; aurten ere ezin izan da egin. Gogotsu gabiltza”.

“Bizkaiko Dantzarien Eguna 2022ko maiatzaren 15ean izango da Zamudion eta ilusio handia dugu”

Kontatu digute entzun dutela pandemiak dantza-talde batzuk desagertzea ekarri lezakeela. “Jendeari kostatzen zaiolako martxa berriro hartzea”. Zamudiokoek iazko udazkenean berrartu zituzten entseguak, gutxika-gutxika, maskara erabilita eta osasun- eta segurtasun- neurriei eutsita. “Nahiz eta pandemiaren eraginez ia urtebete geldirik egon, gu ondo gaude, jendeak ondo erantzun du eta. Egia esan, presio apur bat dugu atzetik, badirelako bi ikasturte lau urteko umerik hartzen ez dugula. Gurasoak galdezka dabiltza eta, beharbada, orain, urteurrenaren ospakizun-ekitaldia pasatu dela, ekingo diogu gai horri”.

Hamaika anekdota daude 50 urtean, batez ere egiten zituzten txango horietan gertatutakoak, baina, badaezpada, hobe da horiek protagonisten gogoan geratu daitezela. Hala ere, dantzariek bereziki taldearen sortzaileak-eta euren lana ekarri dituzte gogora. “Joseba eta Txaro, haiek barik ez ginatekeelako hemen egongo. Lan handia egin dute”. 

Festa

Dantza-taldearen 30. urteurrena ospatzeko ekitaldia erabat arrakastatsua izan zen duela 20 urte, eta 50. urtebetetzea ospatzeko ekitaldi-multzoak ere agerian utzi du Hiru Bat dantza-taldea sasoi onean dagoela eta herriaren babesa duela. Azaroaren 23an, goiz-goiz hasi ziren ospakizun-ekintzak. Gazte Elai taldeko txistulariek, Bertokoko trikitilariek eta zanpantzarrek lagunduta, dantzariak kalejiran irten ziren eskolaraino eta bertan dantzen agerraldia egin zuten lehengo eta gaur egungo dantzariek. Herri-bazkarian 530 lagun batu ziren eta haren ostean Tio Teronen Semeak taldearen ikuskizunaz gozatu zuten. Eguna biribiltzeko, erromeria egon zen Luhartz taldearen eskutik.

“Ederra, hunkigarria, negarra, poza, jende pilo bat…”. Hiru Bat dantza-taldekoek hitz horiek erabili dituzte 50. urteurrenari lotutako ospakizun-egunean bizi izandakoa adierazteko. Izan ere, eguraldia ez ezik zamudioztarrak eta Txorierriko beste herri batzuetako lagunak ere izan zituzten lagun egun horretan. “Bazkarian batutakoez gainera, herritar gehiago hurbildu ziren egunean zehar antolatutako ekitaldietara, eta, egia esan, dena uste baino askoz hobeto atera zen. Poz-pozik gaude”. Era berean, dantzariek azpimarratu dute ospakizun-eguna baino aurreko egunetan herritarrek erakutsitako atxikimendua. “Balkoiak apaindu dituzte, dotore-dotore, tabernak, dendak… Hori ere oso polita eta hunkigarria izan da. Itzela”. Bestalde, Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko ordezkariak ere hurbildu ziren Zamudiora eta presidenteak oroigarri bat eman zien urteurrena ospatzeko. Hainbeste esker on, maitasun eta babes sentituta, dantzari zamudioztarrei beste 50 urte gehiago betetzeko gogoa piztu zaie, ziur asko. Zorionak!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).