Puppy, Liher eta Haizearengandik hurbilago

Argazkian: Igotz Lopez, Zamudioko alkatea; Pablo, Ischadia Gizarte Ekintzakoa; eta Monica Sanz, Bizi Zamudioko kidea 2021ko aza. 5a, 12:14

Puppy labrador arrazako lau hilabeteko txakur emea da. Apur bat handiagoa denean, txakurtxoa hezten hasiko dira Liher eta Haizea Zamudioko anai-arreben laguntza-txakurra bihur dadin. Umeek autismoaren espektroko nahasmendua dute eta Puppyk lagunduko die etxean zein kalean moldatzen. Zamudioko Udalak eta Bizi Zamudio elkarteak antolatuta, zapatuan azoka solidarioa egin zen, dirua batu eta txakurra hezteari lotutako gastuak ordaintzen laguntzeko.

Joana Otero da Liherren eta Haizearen ama eta oso eskertuta eta hunkituta azaldu da zamudioztarrek eta gainerako herritarrek erakutsitako laguntzarekin. “Oso babestuta sentitzen gara, eta poz-pozik. Hitzaldi bat egon zen goizean, jendeak proiektua zuzenean ezagutu dezan, baita gu ere”, azaldu digu. “Arratsaldean, momentu batean hurbildu ginen azokara, musika eta zalaparta handia dagoen lekuetan ezin baikara egon, eta ederra izan zen ikustea nola umeak Liherrengana eta Haizearengana hurbiltzen ziren. Umeak Puppyrengana ere hurbildu ziren eta jakin izan zuten hor zergatik zegoen eta bere eginkizuna zein izango den”. Izan ere, zapatuan lehen aldiz izan zuten zuzeneko harremana auzokideekin. “Korapilatsua da herrian bizitza arrunta egitea: parkera joan, paseoan ibili… Hortaz, azoka herritarrek gu ikusteko modua ere izan zen”.

“Ederra izan zen ikustea nola umeak Liherrengana eta Haizearengana hurbiltzen ziren”

Dirua batzea izan zen azokaren helburu nagusia, eta, horrela, Puppy hezteak sortuko dituen gastuak ordaintzen lagundu. Azokan, salgai ipini ziren zamudioztarrek emandako arropa eta objektuak. “Oso hunkigarria da, jendea ahal den moduan laguntzen dabilelako. Gainera, azoka antolatzen ahalegindu dira, saltoki batean egon dira, hainbat ordutan eta hotza egonda… Eta musutruk egin dute. Oso-oso hunkituta gaude, benetan”. Bestalde, Bizi Zamudio elkartearen barruan dauden establezimenduetan itsulapikoak ipiniko dira dirua batzen jarraitzeko, eta azokan saldu ez ziren produktuak Wallapopen jarri dira salgai Puppy egitasmoaren gunean.

“Oso hunkigarria da, jendea ahal den moduan laguntzen dabilelako”

Otero azaldu moduan, Puppy hezteko prozesuak urtebete irauten du eta 18.322 euro balio du. Maiatzaren amaieran Puppy proiektua ipini zuten martxan eta dagoeneko lortu dute ia diru-kopuru osoa biltzea. “2.500 euro baino gutxiago falta zaizkigu”, esan digu erabat hunkituta. “Beldurrak jota ibili ginen hasieran, pentsatzen genuelako denbora luze emango genuela dirua batzeko; lasai egoteko esan ziguten, hiru urteko epea genuela… eta begira zein denbora gutxian lortu dena… Hori herritarren eskuzabaltasunagatik izan da”. Oterok eskerrak eman nahi dizkie hainbat pertsonari. “Zamudioko Udalari eta Bizi Zamudio elkarteari, Caixari, Desing Labeli, Ursula psikologoari, 3.000 euro eman digun herriko emakumeari eta, jakina, hilean euro bat eman diguten herritarrei, guretzat ekarpen guztiak direlako balio handikoak eta bakoitzak ahal izan duen moduan lagundu digulako. Baten bat ahazten badut, barka nazala”.  

“Gutxi falta zaigu Puppy hezteak balio duen diru-kopurua lortzeko”

Puppy Erandion dago, Ischadia Gizarte Ekintzaren hezitzailearekin. “Noizean behin joaten gara txakurtxoa ikustera, umeak berarengana eta Puppy umeengana molda daitezen. Haizeak izugarri maite ditu animaliak eta oso ondo joan zen elkar ikusi zuten lehen aldian; Liherrekin, berriz, korapilatsuagoa izan zen, baina pixkanaka-pixkanaka dabil Pupppyrengana ohitzen. Txakurra oso motibagarria izango da alabarentzat, kalera atera eta gauzak egiteko, eta semeari segurtasuna eta lasaitasuna ekarriko dio: behar duen arloan lagunduko dio bakoitzari”.  

“Txakurra oso motibagarria izango da alabarentzat, eta segurtasuna ekarriko dio semeari”

Puppyk lau hilabete ditu eta oraindik gaztetxoa da trebatzen hasteko. “Aurrerago hasiko dira hezten. Txikia den arren, elkarteak erabaki du txakurtxoa hartzea, zeren Liherrekin eta Haizearekin egoteko egokia dela uste baitute eta ez dakitelako bere ezaugarriak dituen beste txakur bat noiz topatuko duten. Esan digute etxera urtebete eta erdiaren buruan eraman ahalko dugula: berarekin lan zorrotza eta etengabekoa egin behar dute, harik eta bere eginkizuna ondo egingo duela erabat ziur egon arte”.

 

Guztien txakurra

Oteroren esanetan, Puppy herritar guztien txakurra ere izango da eta, hori dela eta, haiekin partekatuko dute bere lanaren emaitza. “Interesgarria iruditzen zaigu jendeak jakitea laguntza-txakurrek nola lan egiten duten. Gainera, gerta daiteke, edozein arrazoi tartean, etorkizunean beste herritarren batek ere halako txakur bat behar izatea. Era berean, inportantea da jakitea laguntza-txakurra duten pertsonekin nola jokatu behar dugun”. Liherri eta Haizeari onura handiak ekarriko dizkie. “Umeak ez dira kaleko arriskuez ohartzen eta, gainera, zarata eta argiak direla-eta krisiak izan ohi dituzte kalean: haietako batek atakea badu, handik gutxira besteak ere izaten du, elkarri kutsatzen diotelako. Halako egoeretan, nik umeetako bat zaintzen dudan bitartean, txakurrak bestea zaindu ahalko luke, eta mina har dezala ekidin. Edo haietako bat korrika irteten bada, bere atzetik joan. Era berean, txakurrak lagundu ahal die eskailerak eta zintarriak jaisten ikasten, kalea zebra-pasaguneetatik gurutzatzen… Ondorioz, umeak pixkanaka-pixkanaka ikasiz joango dira noiz eta non gelditu behar diren, nondik pasatu…”.

“Interesgarria iruditzen zaigu jendeak jakitea laguntza-txakurrek nola lan egiten duten”

Lekuetara joatea ere korapilatsua da Liherrentzat eta Haizearentzat eta txakurrak horretan ere lagunduko lieke. “Esaterako, medikuarenera joateko. Izan ere, haietako batek medikuarekin hitzordua badu, bestea ere eraman behar dut kontsultara eta txakurrak lagunduko lioke bertan lasaiago egoten, medikuak bere arreba edo bere neba artatzen duen bitartean”.  Bestalde, lo egiteko orduan ere mesedegarria izango litzateke umeek laguntza-txakurra hurbil izatea. “Ezin dute atsedenik hartu eta lo egiteko orduan pertsona batekin egon behar dute denbora osoan. Lasaitzeaz gainera, txakurrak konfiantza emango lieke, apur bat bakarrik egon ahal izateko. Nire ustez, laguntza-txakurrari esker, seme-alabek lortuko lukete pixka bat autonomoagoak izatea eta pentsatzen dut hori inportantea dela, askatasun apur bat eta segurtasuna behar dutelako”.

Edozein langilek moduan, laguntza-txakurrek ere hartzen dute erretiroa. Oterok argi du Puppy beti izango dela familiaren parte. “Puppy gelditzeko etorriko da: bere eginkizuna betetzeko moduan ez dagoenean ere gurekin izango da. Hori argi baino argiago dugu”. Espero dugu Liher, Haizea eta Puppy Zamudioko eta Txorierriko kaleetan laster ikustea.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).