Indarberritu dezagun Euskararen Eguna!

Aikor aldizkaria 2021ko aza. 23a, 08:25

Pandemiaren eraginez, bertan behera utzi behar izan zen iaz Euskararen Eguna. Aurten, azken orduko aldaketarik ez badago, Zamudion egingo da azaroaren 27tik abenduaren 3ra bitartean. Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak herritar guztientzako ekintzak antolatu dituzte, txorierritarron artean Euskararen Eguna arnasberritu dezagun.  

Euskararen Egunaren helburuetako bat da parte-hartzea sustatzea, eta aurreko urteetan antolatutako ekintzek asmo horri heldu diote. Hala ere, egungo osasun-egoera dela eta, gehienbat “eserita entzuteko eta ikusteko” ekintzak egongo dira aurten. Nolanahi ere, ohi denez, Lagatzu euskara elkartea eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatea ahalegindu dira adin eta gustu guztientzako ekitaldiak prestatzen. Saioak Agirre Lehendakariaren plazan ipiniko den karpan egingo dira eta bertan 400 lagunentzako tokia egongo da. Hara bertaratzen direnek maskara jantzi beharko dute, eta momentuan indarrean dauden neurriak bete.

Lehen hitzordua umeentzat ipini dute azaroaren 27rako: Urpekontzi misteriotsua ikuskizuna, musika eta dantza uztartzen dituena. Horren ostean, Demode Quartetek Epa! lana taularatuko du herritar guztientzat. Hurrengo egunean, domekan, eta Lagatzuren eskutik, “Zamudio ezagutzen” mendi-irteera egingo da. Zazpi urtetik gorakoentzako ekintza da eta ibilbidean zehar herriko txokorik esanguratsuenak ezagutuko dituzte. Herrigunera itzulita, Bertokoko trikitilariak eta pandero-joleak izango dituzte zain, kale-giro apur bat sortzeko.    

Domeka arratsaldea, bestalde, emakumeena izango da, berdintasuna eta euskara uztartzen dituen saioa, hain zuzen ere. Karmele Gisasola Euskadiko pentatloi txapelduna da eta Uxue Ansorregirekin batera erakustaldia egingo du. Gainera, materiala eramango dute, umeak harriekin eta txingekin saiatu daitezen, osasun egoerak utziz gero. “Zoritxarrez ez gaude batere ohituta herri kiroletan emakumeak ikustera eta hori da azaleratu nahi duguna. Saioa oso interesgarria izango da gure ustez”. Horri lotuta, materiala bidali da eskoletara, ikasleek landu, horretaz hausnartu, eta saioan egiteko galderak prestatu ditzaten. Esatari bat ere egongo da eta erakustaldia/elkarrizketa formatuko ekintza izango da”, azaldu du Laura Martinez Mankomunitateko euskara teknikariak. Ondoren, Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik, ETBko Barre librean saioko partaideek, Luze edo motz bakarrizketa egingo dute. Horretan emakumeen kontuak jorratuko dituzte umorez.

Bestalde, ikastetxeetarako antolatutako ekintzetan 967 ikaslek hartuko dute parte. Azaroaren 29an, “Elkarrizketa musikatuak” saioa izango da Derioko Gurea aretoan, Institutuko 12 eta 13 urteko gaztetxoentzat. Saio horretan Iholdi Beristain eta Iker Lauroba arituko dira, eta ikasleak irailetik dabiltza elkarrizketak eta musikari lotutako lantxoak jorratzen, egun horretan partekatzeko. “Asmoa da gazteen parte-hartzea bereziki sustatzea, eta, egoerak uzten badigu, batzuk agertokira igoko dira Beristainekin eta Laurobarekin batera jotzera eta abestera”.  

Gogoa

Eskoletako umeentzako ikuskizunak Zamudioko kiroldegian egingo dira. Azaroaren 30ean, Pepa eta Kutxoren Pailazokeriak lana izango da sei eta zazpi urtekoentzat, eta umeek ikastetxeek eurek hala eskatuta, Imanol Ituiño magoak bi saio egingo ditu: bata abenduaren 1ean, 8 eta 9 urtekoentzat, eta bestea abenduaren 2an, 10 eta 11 urtekoentzat. “Aurreko urteetan egin izan dugun moduan,  oraingoan Zamudioko eskolako seigarren mailako ikasleek bertsoak prestatu dituzte eta gainerako eskoletara bidali dira ikasi ditzaten eta ikuskizunen egunean elkarrekin kantatzeko. Gainera, saio bakoitzaren aurrean aurkezpena egingo dute, eta baliteke aurten sorpresaren bat egotea”.  

Duela gutxi gazteen lonjak zabaldu dira berriro. Abaguneaz baliatuta, Buah txabal! antzezlana “berreskuratu”, eta 16 urtetik 18 urtera bitarteko gazteentzat antolatu da abenduaren 2rako, Gurea aretoan. Azkenik, Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduak 3, Kantarelux taldea kantuka ibiliko da arratsaldean, eta herrian giroa sortzen. “Lagatzuri eskertu behar diogu egin duen lana eta izan duen jarrera ona. Era berean, Kantareluxi eta Bertokori eman behar dizkiegu eskerrak euren parte-hartzeagatik”.

Iazko geldialdiaren ostean, helburu nagusia da Euskararen Eguna indarberritzea eta partaidetza bultzatzea. “Zer antolatu bigarren mailakoa da, azken batean. Benetan inportanteena da ikasleen inplikazioa, ikusten ez den lana, gauzak elkarrekin egiteko gogoa, elkartzeko nahia… Hortaz, herritar guztiei Euskararen Egunaren ekitaldietan parte hartzeko gonbitea egin nahi diegu”.     

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).