Gezuragaren esanetan, garrantzitsua eta zaila da halako proiektu baterako aukeraketa egokia egitea. “CDan euskal Gabon-kantek pisu handia duten arren, pentsatu nuen interesgarria eta dibertigarria izango litzatekeela ohiko kantei gaurkotasun-kutsua ematea, moldaketak eginez eta musika-estilo ezberdinekin jolastuz. Horrela, espero dut entzuleek disfrutatzea Dringilin Dron eta Olentzero abesti ezagunetarako egindako ahots-moldaketa alaia eta pianorako konposatutakoa uztartzearen emaitzarekin. Bestalde, Argentinako Gabon-kanta bat da gaztelaniazko abesti bakarra, eta ingelesezko kantei dagokienez, bata da aita Madina oñatiarrak Estatu Batuetan sortutakoa eta bestea da John Rutterren Gabon-kanta; koruko kideei asko gustatzen zaie azken hori, eta bai ala bai abestu behar genuen”.
Kanta batzuek, Hator, hator kasu, haurtzarora eraman dituzte koruko kideak; eta beste batzuek, Gau iluna esaterako, bakea eta lasaitasuna ekarri dizkiete. “Niretzat kanta bereziak dira neuk sortutako moldaketenak eta semeak, Berartek, pianoz konposatutakoak. Kontuan hartu behar da proiektua etxean egotera derrigortu gintuztenean hasi zela. Batzuek txalo egiten zuten, eta beste batzuek, musika jo; guk musika sortu genuen elkarlanean. Ez ditut momentu horiek ahaztuko: elkarrekin ederto pasatu genuen, egun osoan sorkuntza-lanetan eta musikaz gozatzen”. Gezuragak gogora ekarri ditu konfinamenduaren une latzak. “Abesbatzok isilarazi gintuzten eta ezin ginen elkartu gehien gustatzen zitzaiguna egiteko. Baina nik oso argi nuen ezinezkoa zela gu isilaraztea eta abestea debekatzea; hortaz, entseguak online egitea proposatu nien neskei. Hasieran itzela izan zen: soinua ez zen abiadura berean heltzen, sarearen arazoak, batzuk soinu barik geratzen ziren… Egokituz joan ginen. Classroom plataforma erabilita, ahots bakoitza grabatuta bidaltzen nien, ahots teknikoa banaka lantzen genuen, errepertorioa txandaka ikasi, ahotsetara landu…”. Bideokliparen bat ere grabatu zuten, eta herriko jaietan birtualki parte hartu. “Iazko urrian konturatu ginen ezin izango genituela ohiko ekintzak egin –Olentzero egunean baserriz baserri abestea, udaberriko kontzertuak, elkartrukeak…– eta pentsatu nuen ezin ginela ilusiorik gabe egon eta proiektu berria martxan jarri behar genuela: Gabonak kantari lana grabatu”.
“Pentsatu nuen ezin ginela ilusiorik gabe egon eta proiektu berria martxan jarri behar genuela”
Euskal Herriko Abesbatzen Elkartean eta Eusko Jaurlaritzan egitasmoa aurkeztu, izapideak bete eta baimena lortu ondoren, Kamara Koralaren kideak elkartzen hasi ziren, lana grabatzeko unea hurbil zegoen eta. “Poz-pozik geunden guztiok: ondo entzuten genioen elkarri, seguruago sentitzen ginen kantatzeko orduan… Azkenean, aurtengo maiatzaren 19an eta ekainaren 5ean grabatu genuen Zamudioko San Martin elizan. Instrumentuak, bestetik, Xabi Aburruzagaren estudioan grabatu dira”. Emaitza izan da abesbatzak gogotsu eta ahalegin handiz egindako lana. “Ez dugu erraztasunik izan: elkartzea eta abestea debekatu ziguten, entseguak gure arteko distantziari eutsita eta maskara jantzita egin ditugu eta horrek ekarri digu, besteak beste, airerik eza, ahotsaren bolumen irreala… Nolanahi ere, helburua izan da koruko kideek momentu latzetan elkarrekin abesten jarraitzea eta, jakina, oso pozik gaude lortutako emaitzarekin. Ni harro nago abeslariez, guztiek egindako ahaleginagatik eta erakutsitako gogoagatik”.
Sendagarria
Nahiz eta ikasteko prozesua gogorra izan, Gezuragaren esanetan merezi izan du abesteak ekartzen duen onuragatik. “Kantua terapia da. Ikerketen arabera, abesten dugunean, gorputzak endorfinak sortzen ditu eta ardurak albo batera uzten ditugu, gogoa gure baitan ipintzeko. Ondo sentitzen gara, baikor, eta barne-energia lantzen dugu, arnasketa eta kontzentrazioa. Lasaitzen laguntzen digu eta talde-lana eta harremanak indartzen ditu. Musikak sentimenduak eragiten ditu, eta sentsazioak helarazi; sendatu egiten gaitu. Abesbatzan hori guztia bizi izaten dugu. Isiltasunetik abiatuta eta artistiko bihurtu nahian, gure gorputzekin sortzen ditugun soinuekin jolasten gara interpretazio egokia sortzeko”.
Gabonak kantari CDa aurkezpenaren egunean bertan eskuratu ahal izango da. Ez da salgai ipiniko, baina Kamara Koralarekin harremanetan jarrita ere egongo da lana lortzeko aukera. “1987tik hona Olentzero Egunean abestu ohi ditugun kanta batzuk ere bildu ditugu, entzuleek memorian gorde ditzaten. Gustatuko litzaidake jendeak Gabon-kantak entzun eta etxean abestea, gurekin disfrutatzea eta, aldi berean, abestiak euren oroimenean gelditzea”.
“Gustatuko litzaidake jendeak Gabon-kantak entzun eta etxean abestea, eta kantak euren oroimenean gelditzea”
Sasoi onean
Zamudioko Kamara Korala bi abesbatzek osatzen dute: nagusien abesbatzak eta gazteenak. Guztira 18 pertsonek hartu dute parte Gabonak kantari lanaren grabazioan. “Kamara Korala sasoi onean dago. 2016an umeen eta gazteen abesbatza eratu genuen eta haiek ere lan bikaina egiten ari dira. Pozik eta gogotsu dabiltza sortzen diren proiektuekin. Datorren urterako berriro ere hainbat kontzertu martxan ditugu jada”. Zamudiokoaz gainera, beste musika-saio bi izango dituzte Txorierrin, Gabonetan: abenduaren 30ean, 19:00etan, Derioko San Isidro elizan; eta urtarrilaren 2an, 19:00etan, Baserri Antzokian. “Horietan CDan abestutakoaz disfrutatzen jarraitzeko aukera izango dute hara hurbiltzen direnek”.