Azaldu moduan, aurreko urteetako feminizidioekin alderatuta, 2021eko ez ziren ezberdinak izan. “Haien atzean krudeltasuna, urteetako oinazea eta indarkeria matxista daude. Feminizidio guztiak gureak balira moduan bizi izan ditugu emakumeok, gu haiek garelako eta haiek gu direlako. Ezin ditugu ahaztu eta ez ditugu ahaztuko”. Indarkeria matxistaren kontrako bitrinatik hildako emakumeen izenak atera eta banan-banan irakurri zituzten, baita euren hilketari lotutako xehetasunak ere gogora ekarri. “Gustatuko litzaiguke euren izenak esan behar ez izatea, baina modua da matxismoari beldur ez diogula esateko, indarkeria jasotzen jarraitzen dugula esateko eta kontzientzia feministaz jabetzen jarraitzeko. Pausuz pausu eta borroka feministaren garrantziaz kontzientzia hartuta aurrera egingo dugu”.
Indarkeria matxistak hildako emakumeen izenak esan ahala, puxika more bat hartu eta plazan lotu zuten. Zapata Gorriak elkarteko kideek nahiko zuketen puxikak airera askatu, emakumeei sinbolikoki agur izateko, baina aireportua hurbil dagoenez, ezin zituzten askatu, segurtasun-arazoak direla eta. “Baina airea bukatu arte geldituko dira plaza honetan lotuta, airea diren arte. Guri, ordea, ez zaigu airea bukatuko borroka honetan”. Espainiako Gobernuaren datuen arabera, indarkeria matxistak iaz 44 emakume hil zituen estatuan.