Marina Moroz ukrainarrak 18 urte ditu eta Gubin herrian jaio zen, Txernobylgo zentral nuklearretik kilometro gutxira. Gazteagoa zela, hortik batzen zituen perretxikoak. “Poliziak handik alde egiteko eskatzen zidan. Batzuk guk jaten genituen eta beste batzuk, saltzen. Kilo bakoitzeko bi euro ematen zizkiguten”, esan digu irribarretsu. Oso jende gutxi, batez ere adintsuak, bizi da Txernobylen inguruan. “Gazteak eta alde egin ahal izan dutenak handik joan egin dira; bakarrik baliabiderik ez dutenak gelditu dira”.
Marinak ez dauka familiarik eta 2019an Kievera joan zen bizi izatera. Estatuak ematen zioten soldata txiki bat, gela bateko alokairua, janaria eta ikasketak ordaintzeko. Gerrak hiriburuan harrapatu zuen. “Ez dut bonbarik zuzenean ikusi, eta horregatik egon naiz lasai. Baina gerraren ondorioak pairatu egin ditugu: azken egunotan ez dugu janaririk edo botikarik erosteko aukerarik izan, ezin izan dugu dirua kutxazainetatik atera, batzuetan bunkerretan sartu behar izan gara... Eta hainbat eztanda entzun ditugu”.
Azken urteotan, Marina Chernobil elkartearen babespean ibili da eta horri esker ezagutu zituen Jon Llona eta Ana Otaola zamudioztarrak: bost aldiz etorri da euren etxera, uda pasatzera. Txorierritarrek 2004tik hartzen dituzte Ukrainako umeak uztailean eta abuztuan eta hainbat aldiz joan dira hara. “Ukrainan 50 urteko atzerapena dute, gure gizartearekin konparatuta: gizonezkoek ez dute kozinatzen, etxeen barruan ez dago urik... Hona etortzen diren gazteei erakusten diegu beste gizarte eredu bat badagoela; eta bestetik, Osasun Munduko Elkarteak (OMS) gomendatzen die Txernobylgo lagunei handik ateratzeko hilabete bian, sistema immunitarioa indartzeko", aipatu du Ana Otaloak.
Chernobil elkarteari esker, Marinak uda Jonen eta Anaren etxean eman du bost urtean
Europa osoa trenez
Gerra hasi zenetik, bikote zamudioztarrak egunero hitz egiten zuen Marinarekin eta egunero eskatzen zioten Euskal Herrira etortzea, baina gaztea bakarrik zegoen eta ez zen bidaia luzea egitera ausartzen. Hala ere, egun batean, ikaskide baten amak esan zion hiriburutik alde egingo zuela eta Marina berarekin joan zen. “Tren-geltokira joan ginen eta jendez gainezka zegoen, Bilboko jaietan bezala, guztiek Ukrainatik alde egin nahian”. Gazteak astebete eman zuen trenez Polonia, Alemania eta Frantzia zeharkatzeko. Gauak aterpetxeetan, hoteletan eta geltokietan eman dituzte. Hendaiatik Jonek eta Anak ekarri zuten autoz. Zorionez, Europako gobernuek tren-txartelak musu-truk eskaini dizkiete ukrainarrei.
“Tren-geltokira joan ginen eta jendez gainezka zegoen, guztiek Ukrainatik alde egin nahian”
"Chernobil elkartearekin beti egon gara harremanetan, eta Errusiaren erasoaren haritik, bilerak izan ditugu Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin, batez ere laguntza behar bezala antolatzeko. Errusiarrak besteak beste Txernobyletik sartu dira Ukrainara eta korridore humanitarioa eskatu dugu nahi duena hortik ateratzeko. Era berean, deialdia zabaldu dugu elkarteko familien artean, Ukrainako gazteak ez ezik familiak ere hartzeko. Ia 200 familiak adierazi dute interesa, baina errealistak izan behar dugu: ez da gauza bera gazte bat udan zure etxean izatea edo familia bat ez dakit noiz arte zurean izatea. Familiek hausnartu behar dute, Ukrainako arazoak luze joko du eta: gerra laster bukatu ahal da (edo ez), baina gerraostea ere gainditu beharko dute eta ez da erraza izango", esan digu Llonak.
Europar Batasunak behin-behineko babes-estatusa eman die ukrainarrei: hau da, urte batzuetan, atzerritarren txartela emango zaie eta horri esker, lan egiteko edo ikasteko aukera izango dute. Eta etorkizunean errefuxiatu-estatusa ere eskatu ahal izango dute. Adingabeak, ordea, Bizkaiko Foru Aldundiaren menpe geldituko dira. Marinak "zoriontsutzat" hartzen du bere burua, bere herritik atera ahal izanagatik. Beste batzuk ez dira hain zoriontsuak izan. “Ez dakit gerra noiz bukatuko den, baina nik itzuli nahiko nuke”, esan du gazte ukrainarrak. “Marina hemen egongo da berak nahi duenera arte”, berretsi du Anak. Egunen batean bueltako bidaia egingo du: Zamudiotik Kievera.
Marina "zoriontsu" sentitzen da, Ukrainatik ateratzeagatik, baina gerra bukatzen denean, itzuli nahiko luke
"Gerrarik ez, inbasioa"
Jon Llonak eta Ana Otaloak primeran ezagutzen dute Ukraina, aspalditik Txernobyleko umeak etxean hartzen dituztelako eta Ukraina hainbat aldiz bisitatu dutelako. "Azken zortzi urteotan gerra ezagutu dute ukrainarrek: Donbass eta Lugansk herrialdeek independentzia aldarrikatu zuten, Maidan iraultza (edo estatu-kolpea) ere izan dute... Eta horregatik, baliabideak bideratu dituzte gerra ordaintzera: esate baterako, irakasleen soldataren % 20. Oro har, Ukrainako gizartea pobretu egin da azken urteotan; zer esanik ez, Txernobyl inguruko bizilagunak. Eta Errusiako armada euren herrian sartzeak hondamendia biribildu du. Dena dela, ez da gerra, errusiarren inbasioa baizik".