Zamudioko Pazko jaiak

Gogotsu, jaiak berriro ospatzeko

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 31a, 11:16

Herritarrok ospatzeko irrikan gaude, eta Eguraldi Ona jai-batzordeak eta Zamudioko Udalak ere gogotsu prestatu dute Pazko jaietako egitaraua. Jaiak ekainaren 3tik 6ra bi­tartean izango dira bertan, eta herritarrek eta bisitariek ekintza-sorta zabalaz gozatu ahalko dute. Haien artean aipatu daitezke kontzertuak, gastronomia-lehiaketak, ume­en­tzako jolasak, dantzak eta erromeria.

“Bi urteren ostean, guztiok dugu Paz­ko jaiak beti bezala ospatzeko gogoa, eta horregatik programa oso bat landu dugu, edade guztietarako jarduerak di­tue­na”, azaldu du Lander Aretxabaleta kultura zinegotziak. “Zuhurtziak eta osasun-egoe­rak markatutako bi urteren ondoren, gu­re helburu nagusia programa zabala di­seinatzea izan da, edade eta gustu ez­berdinetako herritarrek gozatzeko au­ke­ra izan dezaten. Kultura-mundua ere sa­no hartu dugu kontuan. Urte hauek ga­tzak izan dira guztiontzat eta kul­tu­ra­ren­tzat modu berezian. Aurten, go­za­tzeko mo­duko normaltasunean gau­denez, kon­tzer­tuak, txarangak eta ka­le­ji­rak pro­gra­matu ditugu, kultura eta alai­ta­suna Za­mudioko kaleetara eroateko”. 

Aretxabaletaren berbetan, parte har­tze­ko jai-egitaraua antolatu dute uda­lak eta jai-batzordeak. Bestalde, esan beharra dago Umeen Kontseiluarekin ere egin dutela lan, “jaien esparruan belaunaldien arteko jarduerak antolatzeko”. Txupinazoa ekainaren 3an, 19:00etan, botako dute. Ostean, kalejira eta txaranga izango di­ra. Agertokira Broken Izotz eta Aker­beltz taldeak igoko dira. Zapatuko ekin­tzak goiz-goiz hasiko dira, sukalki eta tortilla txapelketen eskutik. “Sukalkia be­rreskuratu dugu, bere falta sentitu da eta. Izan ere, hainbat edadetako pertsonak el­karrekin egoteko era ematen digu”. Ekaina­ren 4a hilabeteko lehen zapatua da eta, ohikoa denez, Nekazamudio he­rri­ko baserritarren azoka egingo da. Umeen­tzako puzgarriak ere izango dira goi­zez zein arratsaldez. “Arrakasta handia izaten dute, baina beti egoten dira edade guztietarako jarduerak, eta parte-hartze polita”. Horrela, dantzen agerraldia izango da arratsaldean, abesbatzen emanaldia eta kalejira. Gaueko 10:00etatik aurrera, Lotura, Matxinada, Iheskide eta Oxabi taldeek joko dute agertoki nagusian. 

 

“Sukalkia berreskuratu dugu: hainbat edadetako pertsonak elkarrekin egoteko era ematen digu”

 

Meza egongo da domeka goizean, ka­lejirak eta Dj Xaiborren emanaldia. “Erro­meria antolatu dugu arratsalderako: Jo­selu Anaiak taldea ibiliko da Sabino Ara­na plazan. Uste dugu edadekoei gus­tatuko zaien jarduera dela eta jaiarekin bat egitera gonbidatuko dituela”. Astele­henean, eta jaiak amaitzeko, meza eta kopaua izango dira goizean, eta kar­ta txapelketa, arratsaldean. “Meza na­gusiaren osteko kopaua ere egingo da, batez ere edadekoek bere falta sentitu zuten eta”. 

Antolatzaileek hurrengo mezu hau helarazi nahi die herritarrei eta bisitariei. “Batez ere goza dezatela jaiez eta kulturaz; are gehiago bi urte hauen ostean. Eta Zamudio oraindik ezagutzen ez dutenei, etor daitezela, merezi izango duelako. Herritar eta bisitari guztiek gozatzeko moduko jaiak izatea espero dugu, eta pertsona guztiekiko errespetua nagusi izatea”.

 

 

“Herritar guztiek gozatzeko moduko jaiak izatea espero dugu, eta pertsona guztiekiko errespetua nagusi izatea”

 

 

Jai egitaraua

Ekainak 3, barikua

–19:00 Txupinazoa eta gozokiak, Sa­bino Arana plazan. Ondoren, kalejira Bertoko eta Gazte Elai taldeek girotua.

–20:00 Dunbots txaranga, herriko kale­etatik.

–23:00 Kontzertuak, Sabino Arana plazan: Broken Izotz + Akerbeltz.  

Ekainak 4, zapatua

–09:00 Sukalki eta tortilla txapelketetan izena ematea.

–10:30 Nekazamudio, Agirre Lehendakaria plazan. 

–11:00 Umeentzako puzgarriak, Bidekoe­txe parkean. 

–13:30 Tortilla eta sukalki txapelketen sariak banatzea.

–16:00 Umeentzako puzgarriak, Bide­koetxe parkean. 

–18:00 Dantzen agerraldia, Hiru Bat dantza-taldearen eskutik, Agirre Lehen­dakaria plazan.

–19:30 Abesbatzak, San Martin elizan: Os­karbi (Gasteiz), Coro Amanecer (Gi­jón) eta Zamudioko Kamara Korala.

–20:00 Kalejira: Rock Kalean.

–22:00 Kontzertuak, Sabino Arana pla­zan: Lotura + Matxinada + Iheskide + Oxabi. 

Ekainak 5, domeka

–11:00 Meza, San Martin elizan.

–11:00 Kalejira, Gazte Elai taldeak girotua.

–12:00 Kalejira, Bertokok girotua.

–12:00 Dj Xaibor, Sabino Arana plazan.

–18:00 Erromeria, Sabino Arana plazan: Joselu Anaiak. 

Ekainak 6, astelehena

–12:00 Meza, San Martin elizan. Kopaua, elizpean.

–16:00 Karta txapelketa, Adintsuen Etxean.

 

 

Brigada feminista

Beste alde batetik, eta Zapata Go­­rriak talde feministak jakinarazi due­nez, zenbait ekintza egingo di­ra jaietan, emakumeen kontrako era­soak aurreikusteko eta horiei eran­tzuna emateko. Horrela, bada, bri­gada feminista osatu da, eta eraso se­xistarik jasanez edo ikusiz gero, bere ki­de­engana jo daiteke, edo 633 918 561 telefono-zenbakira deitu. Brigada fe­ministaren kideek zapi morea jantziko du­te. Barikuan eta zapatuan puntu mo­­rea egongo da jai-gunean eta han in­formazioa eta laguntza ipiniko da he­rritarren eskura. Era berean, txos­ne­tan eta kontzertuetan eraso se­xis­ten kontrako mezuak ipiniko di­ra, eta herriguneko puntu beltzak iden­tifikatu. “2019an herriko hainbeste ema­kumeen artean sortu genuen jaie­tarako protokoloa eramango da aurrera, eta bertan adostutako in­ten­tsitate baxuko edo altuko erasoen au­rrean erabakiak hartuko dira”, azaldu dute. Euren hitzetan, eraso sexisten kon­trako neurriak “jai-batzordearen on­iri­tziarekin eta laguntzarekin” egin­go dira. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).