500 euskaltzalek ospatu zuten Lagatzu Eguna

a: Jon Paulo 2022ko eka. 27a, 13:56

Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak Lagatzu eguna ospatu zuen asteburuan. Barikuan, Inguruko berbak liburua aurkeztu zen; eta zapatuan, herriko elkarteek euskal margolarien lan famatuak antzeztu zituzten kalean. Lagatzukoek azpimarratu dute aurten betiko formatua berreskuratu dutela. Guztira 500 euskaltzalek egin zuten bat ospakizunarekin.

“Eguraldi txarra egin arren, oso pozik gaude, batez ere, pandemia zela-eta ezin genuelako Lagatzu Eguna behar bezala ospatu, eta aurten, aldiz, betiko formatua berreskuratu dugulako. Lekua desberdina izan da, ez da izan Kultur Etxean bertan lanak daudelako; baina gustura egon gara Agirre Lehendakari plazan”, adierazi du Iñaki Atxutegi Lagatzuko kideak. “Gainera, jendeak erantzun paregabea eman du, eta, betiko moduan, inplikatu da. Guztira 500 lagun inguru hurbildu ziren Lagatzu Egunera”.

Antolatzaileek “Benetako artea, euskara erabiltea” leloa proposatu zuten. Horren haritik, Zamudioko kaleak museo bihurtu ziren zapatu goizean, herriko taldeek artelan euskaldunak antzeztu zituztelako: Dora Salazar, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea… “Harrituta gelditu gara, herriko taldeek gogor egin dutelako lan, eta irudimena izugarri landu dutelako. Ekimena originala zen, baina taldeek ekarpenak egin dituzte eta aurkezpenak ederrak izan ziren: Iker Landetak emandako azalpenak, Zamudioko Kamara Koralaren musika...”.

Lagatzu Eguna jai garrantzitsua da herrian, “jai patronalak ia bezain garrantzitsuak”. “Jendetza hurbiltzen da urtero gurera. Horrek ardura ematen digu, urtero-urtero gauza berritzaileak asmatu behar ditugulako. Aldi berean, oso polita da, jendeak gurekin bat egiten duelako. Talde txiki bat gara, baina herriko gainerakoak elkartzen ditugu jaian; eta guztiek dute lekua: zamudioztarrak zein kanpotarrak, euskaldunak zein erdaldunak... Baldintza bakarra euskaltzalea izatea da”.

 

Inguruko berbak

Jaia biribiltzeko, barikuan Inguruko berbak liburua aurkeztu zen Kultur Etxean. “Pandemia etorri baino lehen, liburua ateratzea pentsatu genuen. Talde kulturala gara eta euskara sustatzea dugu helburu, batez ere Zamudioko euskara eta bertoko berbak. Eta horiek, edo horietako batzuk jaso ditu liburuxkak, hiztegi ilustratua baita. Marrazkiak Jorge Barrenak egin ditu, eta hitzak, Iñaki Astorkizak aukeratu. Barikuan, aurkezpenean, ale batzuk banatu genituen eta zapatuan, beste batzuk. Norbaitek interesa badu, jar dadila gurekin harremanetan”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).