Aitor Elizegi, Athleticen presidente ohia

"Utzi dugun kluba, hartu genuena baino hobea da"

Aikor aldizkaria 2022ko uzt. 18a, 12:54

Aitor Elizegik utzi dio Athleticen presidentea izateari eta Aikor! aldizkarian eman nahi izan du bere ibilbidearen berri. Zamudioztarrak pandemia kudeatu behar izan zuen eta hala ere, estatutu berriak eta herri-harmaila atera zituen aurrera. 

Ia lau urte eman dituzu Athleticen presidente. Eromena handia izan da? 

Tira, eromena pan­demiak ekarri du: futbolak gorriak ikusi ditu, eta zer esanik ez ostalaritzak. 2020ko martxora arte, primeran nenbilen, gustatzen zitzaidana egiten nue­lako. Ha­rrezkero, San Mames itxi zuten, baita familiako bost jatetxeak ere, eta guztiok etxean gelditu behar izan genuen. Azken urteotan oso garrantzitsua izan da Zamudioko jendeak eman didan babesa eta eskerrik asko esan nahi diet. 

Uzten duzun kluba hartu zenuena baino hobea da?

Bai. Presidente guztiok lau ar­datz ku­dea­tu behar ditugu: lehenen­goz, Le­zaman aurrerapausoak egin ditu­gu: Ater­pe proiektuak ba­bes handiagoa eman die adin­gabekoei eta UEFA erakundeak saritu gaitu horregatik. Emakumezkoen fut­bolak urte aldakorrak bi­zi izan ditu, eta Athleticek erantzun ona eman du, lehenengo hi­ru taldeak Estatu mailako kategorian baitaude. Hori lortzen duen klub bakarra gara; bigarrenez, Fundazioa gardenagoa eta eraginkorragoa da; hirugarrenez, Ath­le­tic marka garatu dugu: denda bat ireki dugu Guggenheim museoaren aurrean, eskailera mekanikoak jarri ditugu San Mamesen, teknologia berrien aldeko apustua egin dugu, salmentek gora egin dute...; eta laugarrenez, herri-harmailari eta estatutu berriak onartu dira. 

Zergatik ez zara hauteskundeetara aurkeztu? 

Pandemiak eragin ikaragarria izan du Athleticen eta ostalaritzan. Eta agin­taldia bukatu baino lehen, estatutuak eta herri-harmaila aurrera atera nahi nituen. Beraz, lehentasuna horiei eman nien. Oso zaila izango zitekeen estatutuak eta herri harmaila bukatzea, eta gainera, hau­teskundeak behar bezala prestatzea. Ez naiz damutzen.  

Estatutu berriak eta herri-harmaila atera dituzu aurrera... 

Bai. Estatu­tu berrien testua ausarta eta eraldatzailea da. XXI. mendean, hi­ru presidente saiatu gara estatutuak al­da­tzen eta hirugarrenean lortu egin du­gu. Harmailaren inguruan poz-pozik ga­bil­tza, datozen urteotan San Mames or­denatuago egongo delako eta horrek indartsuago egingo gaituelako. Tresna onak di­ra datozen urteotan kluba behar bezala kudeatzeko.   

Zelan kudeatu zenuen pandemia?

Txarto pasatu dugu, klubak jarraitzai­leen babesa behar duelako. Oraindik ere ez dakigu zer bizi izan dugun. Jokalariei eskerrik asko esan behar diegu, sol­dataren mu­rrizketarekin aho batez bat egin zutelako. Bazkideek ere primeran jokatu zuten, kuotak kon­tsumoko prezioen in­dizea­rekin (KPI) ba­te­ra igoko direla onartu zutelako. 

Estatutuak eta herri-harmaila onar­tzea garaipen nagusiak izan dira? 

Oso onuragarriak dira. Horretarako, hain­bat lagunekin hitz egin behar izan dugu eta, elkarren artean oso desberdinak izan arren, adostu dugu proiektu biak garrantzitsuak direla. Gehiengoak lortu behar izan ditugu eta ez da erraza izan.  

Zerbait utzi duzu egin barik? Aka­tsen bat izan duzula uste duzu?

Agian, batzuetan eskarmenturik eza adierazi dugu. Horren haritik, gai bi aipa­tuko nituzke: batetik, beste era batean esango niokeen agur Gaizka Garitanori, berak klubari dena eman ziolako; eta bestetik, Fernando Llorenteren inguruko eztabaida piztu genuen eta horrek kalte egin zion klubari. Beste gai batzuetan kri­tikak jaso ditugu (Bibiane Schulze fitxatu izana, Athleticen egun-erdiko osagaia kendu izana, jokalari batzuk Athleticetik atera izana...), baina nik uste dut ondo jokatu genuela horietan guztietan. 

Zein izan da momenturik gozoena? Eta okerrena?

Okerrena aurtengo Valentziaren kon­tra­ko kanporaketa izan da. Gol bat falta zitzaigun azken lau urteo­tan bosgarren finala jokatzeko. Finala ho­rretara zaletuek joateko aukera izango zuketen... Eurek batez ere merezi zuten, baina baita jo­kalariek eta Marcelinok ere. Gozoena, aldiz, Real Madrilen kontrako Ko­pako kanporaketa. Betiko jarraituko nu­keen partida hori jokatzen. Izan ere, Athleticek maila ederra erakutsi zuen Europako txapeldunaren kontra. Egun berezia izan zen, Oscar de Marcos jo­ka­lariak esan zuen moduan, “ohiko futbol gaua Bilbon”.    

Nolako etorkizuna dauka klubak?

Kopan, txapel­ke­ta laburretan, gustu­ra gaude; Liga, aldiz, luze egiten zaigu. Ath­le­ticen­tzat gero eta zailagoa da goi-mailan bizirautea, baina erronka ede­rra da. Eta ez diogu horri uko egin behar. Horretarako, tresna batzuk erabili behar ditugu: profesionalizazioa, gizarte eremua eta marka bultzatu behar dira, kirol-zuzendaritza eraginkorra... Baliabide horiek ondo kudeatuz gero, haziko gara.   

Gomendioren bat emango zenioke presidente berriari?

Arestian aipatutako lau ardatzak jo­rra­tuko ditu: Lezama, Fundazioa, marka eta jendearen babesa. Athleticen ezin da etiketarik egon, ez dago ez eskuinik, ez ezkerrik, Athletic garrantzitsua delako eta hori erdi-erdian dagoelako. Athletic bakarra dago eta Athleticek guztiok hartzen gaitu.

Zer deritzozu Jon Uriarteri?

Esku onetan gaude. Gainera, Val­ver­de entrenatzaile ezin hobea da eta jokalariek ere maila ona dute. Are ge­hiago, jokalari gazte batzuk hasi dira agertzen eta etorkizun oparoa dute. Azken bolada honetan, normala izango balitz moduan hartu dugu jokalari gazteek Lehenengo Mailan emandako errendimendua, baina ez da hain erraza. Mantenduko ahal da! Lezaman sortutako jokalari batek 300-400 partida jokatzen baditu, oso pozgarria da, baina batez ere kluba jasangarria dela esan nahi du, gure eredua badabilela.  

 

" Athleticen ezin da etiketarik egon; Athletic bakarra dago eta Athleticek guztiok hartzen gaitu"

 

Zer deritzozu Jon Uriarteri?

Esku onetan gaude. Gainera, Val­ver­de entrenatzaile ezin hobea da eta jokalariek ere maila ona dute. Are ge­hiago, jokalari gazte batzuk hasi dira agertzen eta etorkizun oparoa dute. Azken bolada honetan, normala izango balitz moduan hartu dugu jokalari gazteek Lehenengo Mailan emandako errendimendua, baina ez da hain erraza. Mantenduko ahal da! Lezaman sortutako jokalari batek 300-400 partida jokatzen baditu, oso pozgarria da, baina batez ere kluba jasangarria dela esan nahi du, gure eredua badabilela.  

 

"Lezaman sortutako jokalari batek 350 partida jokatzeak klubaren eredua badabilela esan nahi du"

 

 

 

Capa. "Pandemia egon arren, 2020ko udazkenean, kontratua 2023ra arte luzatzea eta soldata hobetzea pro­posatu genion, baina ez zuen onartu. 2021ean titularra izateari utzi zion eta 2022ko urtarrilean lagatzea pentsatu genuen, baina Capak ez zuen onartu. Gure betebeharra postu bakoitza az­tertzea eta horren arabera esfortzu eko­nomikoak neurtzea. Orain denok nahi dogu Capari gauzak ondo ateratzea.  Athletic da gu­re lehentasuna eta klubaren ondarea ba­bestu behar dugu.     

Marcelino. "Entrenatzailerik onena zela uste genuen. Hautagai birekin hitz egin nuen eta gomendatu genien Mar­celinok datorren denboraldian ja­rraitzea, Athleticentzat onena zelako. Nik gai ikusten nuen iazko emaitzak gainditzeko".   

De Marcos eta Balenziaga. "Mar­celino jarraituko zuela uste ge­nuen. Hori aintzat hartuta, epe er­tainean jokalari interesgarriak direla uste genuen: konpromiso itzela du­te, errendimendu ona erakutsi du­te... Eta horregatik be­rritu genituen kontratuak". 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).