Ikerketa da bizitza

Pabloren erronka

Aikor aldizkaria 2022ko urr. 3a, 08:39

Urriaren 5ean, 8:00etan, Jose Luis Lopez albacetetarra Zamudiotik aterako da, Txorierriko udalerriaren eta bere herriaren artean 1.100 kilometro egiteko. Kilometroak mendiko bizikleta gainean egingo ditu, jarraian, eta bakarrik geldituko da oinarrizko beharrizanak betetzeko. Albacetera urriaren 8an ailegatzea espero du, 80 orduren ostean. Helburua da umeen minbizia ikertzeko dirua batzea, eta biltzen dena neuroblastomaren gaineko bi ikerkuntza-lanetara bideratuko da: bata Gurutzetako ospitalean egiten dabiltza; bestea, Nafarroako Unibertsitatean.

Pablo da Lopezen semea, eta bi urte zituela neuroblastoma diagnostikatu zioten, umeen minbizi-motarik agresiboetako bat. Gaixotasuna gainditzeko oso aukera txikia zuen Pablok, % 30ekoa; hala ere, bi urte oso latzen ostean eta dauden tratamendu guztiak –kimioterapia, injekzio bidezko erradioterapia, ebakuntza, hezur-muinaren transplantea, erradioterapia eta immunoterapia– hartu ondoren, borroka irabazi zion minbiziari eta gaur egun bederatzi urteko ume osasuntsua da. Gurasoek argi dute Pablo ikerkuntzari esker dagoela bizirik; baita, ikerketa-proiektuetarako dirua batzeko, beste guraso batzuek aurretik egindako ahaleginari esker ere.

Konbentzimendu horretatik jaio zen “Pabloren erronka” ekimen solidarioa. Zamudiokoa da ekimenaren hirugarren eta azken saioa: 2017an Bartzelona-Albacete saioa egin zuten, eta 2018an, Sevilla-Albacete. Guztira 131.000 euro batzea lortu dute eta dirua Estatuan jorratzen dabiltzan zazpi proiekturen artean banatu da. Hiru saioek lelo bera dute: ikerketa da bizitza. “Horregatik guk ez dugu babeslerik, bizitzaren emaileak baizik. Ziur nago Pabloren erronkaren bidez batzen den dirua baliagarria izango dela etorkizunean beste ume batzuk sendatzeko. Gaur egun umeen % 40k gainditzen dute neuroblastoma eta helburua da % 100ek gainditu dezatela”, esan digu Lopezek.  

“Erronkaren bidez batutako dirua baliagarria izango da etorkizunean beste ume batzuk sendatzeko”

Albacetarra Ingeteam enpresak Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean duen egoitzatik aterako da; Beasainera abiatuko da; gero Sarrigurenera; eta handik Albacetera. Aipatutako enpresa egitasmoaren bizitzaren emailetako bat da eta ibilbideak udalerri horietan dituen egoitzak batuko ditu. “Erronkari ilusio handiz egingo diot aurre, aurrekoetan baino sasoi hobean egonda eta ikerkuntzan erabat sinetsita. Gainera, Pablorekin batera egingo ditut azken 30 kilometroak eta hori oso handia da… Izan ere, duela zazpi urte semea gaur egun ondoan izango nuela esan balidate, zoratuta zeudela erantzungo nukeen… Horregatik, dirua batzeaz gainera, itxaropen-mezua ere zabaldu nahi dugu. Zoritxarrez, minbiziak ume asko eramaten ditu, baina beste asko ere sendatzen dira eta Pablo haietako bat da. Momentu gogor-gogorrak bizi arren, zoriona berriro etortzea balitekeela zabaldu nahi dugu, umeak osatu ere egiten direla, euren bizitza berreskuratu… Baina horretarako ezinbestekoa da ikertzea”.

“Erronkari ilusio handiz egingo diot aurre eta ikerkuntzan erabat sinetsita”

“Dirua batzeaz gainera, itxaropen-mezua ere zabaldu nahi dugu”

Uda bikaina eman ostean, eskola hasi berri du Pablok eta mendiko bizikletaren eskolan hasteko irrikan dago. “Oso txikia zenez, beharbada, pasatutako guztia ahaztu ahalko du; gurasook, ez: betiko markatzen zaitu… «Minbizia» entzuten duzunean, «heriotza» barneratzen duzu eta habea erortzen zaizu gainean… Nolanahi ere, gustatuko litzaidake borroka honetan dabiltzan gurasoei helaraztea, zorionez, Espainian oso tratamendu aurreratuak ditugula; hortaz, adorea ez galtzea eta sendoak izan… Nahiz eta oso tratamendu mingarria eta larrigarria izan, pasatuko dela… Eta zortea badute eta medikuek euren lana egiten badute, urte batzuk barru haiek ere gaixotasunari irabaziko diotela… Sinetsita nago baietz”.

Poztasunak bidean

Hori dela eta, gogotsu eragingo die pedalei lau egunean eta hiru gauean, borrokari bere aletxoa ekartzeko. “Bidean, askotan, poztasun eta sorpresa polit asko topatzen dituzu. Esaterako, goizaldeko 4etan mendiko herrixka batean sartzen zarenean eta plazako banku batean manta batez estalita dauden bost aititek esaten dizutenean zeure zain daudela, euren ekarpena zeuri espresuki eman nahi dizutela, erronka euren guztien  bilobengatik egiten duzulako”. Pabloren erronkaren bidez balioak ere zabaldu nahi dituzte, hala nola enpatia eta sakrifizioaren eta esfortzuaren saria. Horretarako, hitzaldiak egiten dituzte bizikleta-eskoletan. “Gauza batean sinesten baduzu eta zure eskura badago, ahaleginari esker lortuko duzu. Bizikleta gainean igotzea eta lau egunean Espainia erdia egitea ez da erraza; hala ere, helburuan sinesten dut eta nire taldeak eta biok lortuko dugu ahalik eta diru gehien batzea”.

Hasieran aipatu moduan, aurtengoa azken erronka izango da. “Alde batetik, nirekin batera 15 laguneko lantaldea etortzen da eta bospasei egunean euren familia alde batera uzten dute. Bestetik, uste dugu Pablok ez duela bere bizitza osoa minbiziaren inguruan eman behar… Halere, esan digu urte batzuk barru erronkaren bat egitea gustatuko litzaiokeela… Oso ume solidarioa eta enpatikoa da! Dena dela, ez gara guztiz desagertuko: gure gauzatxoekin jarraituko dugu, Gabonetako loteriarekin, lasterketekin…”.

Nola lagundu

Lopezek azaldu duenez, auto-istripuen atzean, minbizia da 14 urtera arteko umeen heriotza eragiten duen bigarren kausa, eta egunean lauzpabost gaixo diagnostikatzen dira Espainian. “Hala ere, gaixotasun arrarotzat jotzen da eta instituzioek oso diru-partida txikia –batzuetan ezer ez– bideratzen dute ikerketara. 200 minbizi-mota baino gehiago daude eta ezin zaie guztiei modu berean heldu: bakoitzak bere ikerketa eta bere tratamendua behar ditu. Oso baliabide gutxi daude, eta zure umeak aurrera egingo duela ikusita beste ume batzuen alde borrokatzen jarraitzeko beharra sentitzen duzu; medikuek euren gurasoei esan ahal izateko: Zure umeak minbizia du, baina guk bera osatzeko tresnak ditugu”.

Bere esanetan, diru-ekarpen txikiena ere ezinbestekoa da. “Pentsatu daiteke 131.000 euro oso diru-kopuru handia dela, eta, jakina, diru-kopuru handia da familia batek martxan ipinitako ekimen baterako; baina, zoritxarrez, egia esan, oso diru-kopuru txikia da. Horregatik lagun guztiak animatu nahi ditut euren ekarpena egitera, hori txiki-txikia izan arren”. Hiru modu daude laguntzeko: NEN elkarteari zuzeneko diru-ekarpena eginda (neuroblastoma duten umeei eta euren familiei laguntzeko elkartea); produktuak eta zerbitzuak zozketarako emanez; eta migranodearena.org webgunean martxan ipinitako crowdfunding-kanpainan parte hartuz. Informazio gehiago, gizarte-sareetan eta www.elretodepablo.com webgunean. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).