Lopezen semeari, Pablori, neuroblastoma diagnostikatu zioten bi urte zituela. Hori umeen minbizi-motarik agresiboetako bat da, baina oso tratamendu gogorren ostean, Pablok borroka irabazi zion minbiziari eta gaur egun bederatzi urteko ume osasuntsua da. Gurasoek argi dute semea ikerkuntzari esker dagoela bizirik, eta konbentzimendu horretatik jaio zen “Pabloren erronka” ekimen solidarioa. 2017an, Bartzelona-Albacete saioa egin zuten, eta 2018an, Sevilla-Albacete; aurtengoa, Zamudio-Albacete, azken saioa izango da. Ekimenari esker 130.000 euro baino gehiago batzea lortu dute eta dirua Estatuan jorratzen dabiltzan zazpi proiekturen artean banatu da. Azken saio honetan biltzen den dirua neuroblastomaren gaineko bi ikerkuntza-lanetara bideratuko da: bata Gurutzetako ospitalean egiten dabiltza; bestea, Nafarroako Unibertsitate Klinikoan.
Ingeteam enpresa da egitasmoaren babesleetako bat –Lopezek esan nahiago duenez, bizitzaren emaileetako bat–, eta enpresak ibilbidean dituen egoitzetatik pasatuko da albacetarra. Berarekin batera Zamudion batu dira, besteak beste, Adolfo Rebollo Ingeteameko CEOa, Rafael Pulido Biocruceseko umeen-minbiziaren ikertzaile nagusia, Igotz Lopez Zamudioko alkatea eta Joseba Urbieta Bizkaiko Teknologia Parkeko gerentea. Enpresako langileak ere izan dira bertan Lopezi adorea emateko.
Hiru modu daude “Pabloren erronka” egitasmoari laguntzeko: NEN elkarteari zuzeneko diru-ekarpena eginda (neuroblastoma duten umeei eta euren familiei laguntzeko elkartea); produktuak eta zerbitzuak zozketarako emanez; eta migranodearena.org webgunean martxan ipinitako crowdfunding-kanpainan parte hartuz. Informazio gehiago, gizarte-sareetan eta www.elretodepablo.com webgunean.