Aldundiak lehen sektoreko lana eta produktuak goraipatzeko kanpaina jarri du martxan

Aikor aldizkaria 2022ko urr. 11a, 15:05

Bizkaiko Foru Aldundiak lehen sektorea bultzatzeko kanpaina jarri du martxan. Horrek krisiaren ondorioak arintzeko eta sektorearen erronkei aurre egitea du helburu. Kanpaina abendura arte egongo da indarrean eta zenbait udalerritatik ibiliko da, horietako bat, Zamudio.

Kanpainean kaleko marketina, hau da, komunikabideak eta publizitate-hesiak erabiliko dira. Beraz, azenario, brokoli eta abere erraldoi hauek Bizkaiko bederatzi udalerritatik ibiliko dira: Bilbo, Barakaldo, Getxo, Zornotza, Durango, Bermeo, Lekeitio, Igorre eta Zalla. Gainera, nekazaritza-azoka nagusietan ere izango da, horien artean, Zamudiokoa; baita Gernikako Azken Astelehenean, Orozkoko azokan, Leioakoan eta Santo Tomas egunekoan ere. Bilboko Areatzan asteburuetan egiten diren Gure Lurreko Merkatuetan ere egongo da.

Ekimena sektoreko eragileekin elkarlanean prestatu da. Pandemiak eta Ukrainako gerrak eragindako krisiaren ondorioak eteteko zenbait neurri hartuko dira. Gainera, lan-batzorde batzuk sortuko dira, gai batzuk aztertzeko: laguntza-planaren berrikuspena; abeltzaintza estentsiboaren eremuko erronkak; lurzoruaren funtsa; belaunaldi-erreleboa; eta nekazaritzari, digitalizazioari edo neurri fiskalei buruzko araudiak.

Epe laburrean, laguntza zuzenak banatuko dira (1,3 milioi euro), lehengaien prezioen igoeraren ondorioz ustiategietan galdu den errentagarritasuna arintzeko. Halaber, aurreikusita dago zenbait azpi-sektore berregituratzeko eta modernizatzeko planak prestatzea, salmenta zuzena sustatzea azoketako erakustokien irudia berrituz, ekoizleek salmentako tiketa igorri ahal izateko elementuak erostea, eta merkatuen berri emateko sustapen-lanak egitea.

 

Beharrezkoak Bizkaiarako

“Bizkaiko nekazaritzako ustiategiak familiarrak dira. Txikiak dira, baina lurraldean gogor sustraituta daude. Gainera, ustiategiok oso garrantzitsuak dira jarduera ekonomikorako eta enplegurako, naturaguneak jagoteko, lurraldearen kohesioa eta oreka mantentzeko, eta, jakina, hemen bertan janariak ekoizteko. Gure baserritarrek aberastasuna eta enplegua sortzen dituzte gure lurraldean. Gure naturaguneak jagoten dituzten eragile aktiboak dira. kalitate handiko janari osasuntsuak lantzen dituzte, eta horrela osasuna jagoten laguntzen digute. Horregatik guztiagatik, baserritarrak nahitaezkoak dira Bizkaiaren iraunkortasunerako”, esan du Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak kanpainaren aurkezpenean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).