“Azken edizioetan bertaratze-markak hautsi ziren; beraz, urte hauen ostean espero dugu aurtengoa gutxiago ez izatea”, adierazi du Lander Aretxabaleta kultura zinegotziak. “Herritarren artean azokaz berriz gozatzeko gogo bizia dago, eta ekoizleak ere publikoarekin elkartzeko irrikan daude. Azokarik gabeko azken urteak sano gogorrak izan dira sektorerako, eta orain zailtasun berriei egin behar zaie aurre, krisi energetikoaren ondorioz. Horregatik dira Zamudioko Azoka eta gainerako jai-hitzorduak hain garrantzitsuak, euren lana eta kalitateko produktuak kontsumitzaileengana hurbiltzen dituztelako”.
Zapatuan, esaterako, 50 postutik gora izango dira azokan, eta Eusko Labeleko txerriki-paella, limusin okelaren kebaba eta artisau-garagardoa dastatzeko aukera egongo da. Txartelak ADI Zamudio aplikazioan eta Adintsuen Etxean eskuratu ahalko dira biharko 13:00ak arte: freskagarriak euro batean salduko dira; garagardoak, 1,5 euroan; paellak, 2 euroan; eta kebabak, 3 euroan. Txartelak azokaren egunean bertan ere erosi ahalko dira, baina 50 zentimo gehiago balioko dute.
Bestalde, domekan 90 postu baino gehiago ipiniko dira eta haietan, besteak beste, barazkiak izango dira, fruta, gazta, txakolina eta euskal pastela. Halaber, Idiazabal gazta eta txakolina dastatuko dira, azalpenak eta guzti. “Nobedade moduan, eta udalak elikagaiak alferrik galtzeari aurre egiteko hartu duen konpromisoaren harira eta FoodRus proiektu europarraren barruan, informazio-erakustoki bat egongo da, eta horretan etxeetan janaria ez botatzeko aholkuak emango dira, elikagaiak berriro aprobetxatzeko errezetak, eta errezeta horietako batzuk prestatuko dira cooking show batean”. Azoka-gunea Kotxozulo parkean atondu da.
Beste aldetik, Bizkaiko Foru Aldundiak lehen sektorea indartzeko kanpaina ipini du martxan, eta egitasmoa Zamudiora ere ekarriko du. “Guztiok batu behar ditugu indarrak, lehen sektoreari laguntzeko. Azokak topagune eta erakusleiho dira, eta Aldundiak kanpaina honen bidez ematen duen bultzada ere funtsezkoa da”. Aretxabaletaren esanetan, “azoka kontsumitzaileak eta ekoizleak jai-giroan batzeko aukera da, eta, horrela, euren lanaren balioa azpimarratzeko. Izan ere, lan itzela egiten dute, mahai gainean hurbileko eta kalitateko produktuak izan ditzagun”. Azkenik, Landa XXI elkarteak Baserritarra eta harro liburua ekarriko du Zamudioko Azokara. Lan horretan emakume baserritarren lanaren balioa nabarmendu dute. “Egindako ahalegina eskertzen dugu. Gogoan izan behar da emakumea beti egon dela landa-eremuan, eta sektorearen hazkundeak euren lanari asko zor diola”.