Istiluak sortzen dabiltza Zamudion

Aikor aldizkaria 2022ko abe. 1a, 11:50

Duela urtebete, lagun batzuek Zamudioko Matiasene etxea okupatu zuten, Urbasa jatetxearen alboan. Igotz Lopez alkatearen esanetan, gaizkileak dira eta hainbat istilu sortu dituzte herrian. “Borrokak izan dituzte herritarrekin, emakume batzuei gauza desatseginak esan dizkiete, lapurretak egin dituzte industrialdeetan eta baserrietan, sartu dira beste etxe batzuetara, agian horiek ere okupatzeko asmoz…”.  

Lehengo astean, lapurreta egon zen herrian eta Ertzaintzak gertaera oraindik argitu ez duen arren, Matiaseneko bizilagunak dira susmagarri nagusiak. Antza denez, lagun bi sartu ziren baserri batera, Arteaga auzoan. Ustezko lapurrek bertan bizi den pertsona nagusiari eskuak eta oinak lotu zizkioten eta jipoitu zuten, dirua non zegoen jakin arte. Geroago, dirua hartu zuten eta ihes egin. Gizonari zauriak eta kolpeak eragin zizkioten eta Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten, baina dagoeneko badago etxean, arriskutik kanpo. Azken bolada honetan, gizonak lapurreta bi jaso ditu.

Zamudioko Udalak oharra plazaratu zuen gizonari atxikimendua adierazteko eta gertaerak gaitzesteko. “Gure babesa eta erotasuna bidaltzen diegu baserriaren jabeari eta bere familiari. Espero dugu errudunak lehenbailehen atxilotzea eta epailearen esku uztea”, esan zuen. Gainera, udalak lege-aldaketa eskatu du berriro, “okupazio egoerak premiaz konpondu ahal izateko, Zamudion gertatutako bezalako deliturik gerta ez dadin”. Lopezek esan du pertsona horiek beldurra, kezka eta haserrea sortzen dituztela herrian. Bere hitzetan, istiluak hasi zirenean, segurtasuna areagotu zen eta horri esker, beste etxe batzuk okupatzea ekidin da.

Bestetik, 2004an herriko arau subsidiarioak onartu ziren eta bertan erabaki zen Urbasa jatetxearen eraikina, alboan dagoen aparkalekua eta Matiasene botatzea. “Horiek Bizitegirako Egikaritze-Unitate bat osatzen dute eta horren moduko bederatzi ditugu Zamudion. Kasu honetan bota behar dira, errepidetik gertuago daudelako eta eraikinak zaharrak direlako, hau da, ez dituzte gaur egungo energia- eta irisgarritasun-eskakizunak betetzen. Epaileak eraikina botatzeko erabakia berretsi zuen, baina Matiaseneko bizilagunen abokatuak helegitea jarri zuen eta azken erabakiaren zain gaude”, esan du alkateak. Epaileak laster, datozen hilabeteotan, emango du epaiaren berri.