Eneko Bilbao Goiri I herri-kirolaria

“Lehia zintzoa gustatzen zait”

Aikor aldizkaria 2023ko urt. 2a, 09:10

Hitzordu garrantzitsua dute herri-kirolen zaleek urtarrilaren 21ean Urdulizen. Izan ere, arratsaldeko 6etatik aurrera Eneko Bilbao zamudioztarra eta Beñat Amade getxotarra norgehiagoka ibiliko dira bertako frontoian. Zehatz-mehatz, pentatloiko hiru proba egingo dituzte: gizon-proba, harria altxatzea eta korrika egitea. Jokoan 1.000 euro daude. Bilbaok erronkaren zehetasunak eman dizkigu; gainera, aukera baliatu dugu bere zaletasunaz mintzatzeko. 

Erronka nork nori bota zion?

Beñatek niri. Aspalditik ezagutzen du­gu elkar, biok Getxoko sokatira-taldean ibiliak garelako; gainera, leku berean, Getxoko Andra Mariko probalekuan, en­trenatzen gara: bera pentatloian, eta ni harri-jasotzaileen eskolan. Antza, on­do ikusi ninduen pisu aldetik –100 ki­lo pisatzen ditut–, eta galdetu zidan ea pentatloian egiteko gauza nintzen. Erantzun nion aizkorarekin beharbada ez nintzela ausartuko, baina gainerako probetako batzuekin, berriz, bai. Hor hasi zen lehia-edo. 

Zalantzarik ez, hura onartzeko or­duan?

Urte asko dira Bizkaian halako pro­ba­rik egin ez dela, eta banuen gogoa. Bes­talde, Beñatek eta biok nahiko maila antzekoa dugu eta uste dut polita izan daitekeela. Polita eta gogorra, antzean ibiliko garelako eta, jakina, proba gogorrak izango direlako. 

 

“Beñatek eta biok nahiko maila antzekoa dugu eta uste dut polita izan daitekeela, baita gogorra ere”

 

Zein proba egingo dituzue?

Pentlatoiak bost proba hauek ditu: 100 kiloko harria jasotzea, gizon-proba, aizkora, txingak eta korrika. Guk, aldiz, hi­ru proba egingo ditugu, baina egin beharrekoa handituko dugu. Hau da, pen­tlatoian harria 25 aldiz altxatzen da, baina guk 30 aldiz altxatuko dugu; gizon-probari dagokionez, bi iltze egin beharrean, sei iltze egingo ditugu; eta hiru kilometroren ordez lau kilometro egingo ditugu korrika. 

Nola ikusten duzu zure burua?

Entrenatzen dudana eta nire pisua kon­tuan hartuta, uste dut lehenengo bi probetan hobeto ibiliko naizela, batez ere bigarrenean. Izan ere, gizon-probetatik na­tor, eta, gainera, aurten Bizkaiko eta Eus­kadiko txapelduna izan naiz. Egia da lan ezberdina egin beharko dudala: txapelketetan 800 kiloko harria eraman behar da arrastaka, eta erronkan 400 kiloko harria erabiliko dugu; hortaz, irau­pen-lan handiagoa egin beharko dut. No­lanahi ere, teknika aldetik gizon-proba da nire kirola. 

 

“Uste dut gizon-proban eta harria altxatzen hobeto ibiliko naizela, batez ere bigarrenean”

 

Entrenamendu berezirik egiten za­biltza?

Orain arte, eta txapelketei begira, ge­hien­bat indarra landu dut, eta gimnasio-lana egin. Esan moduan, erronkarako, be­rriz, gehiago landu beharko dut iraupena, ariketa aerobiko gehiago egin, arnasa lan­du… 

Apustua Bermeoko jatetxe batean formalizatu zenuten. Argazkia atera, gizarte-sareetara zabaldu eta ikusmin handia sortu da. Jendetzarik espero duzue?

Jende askok idatzi digu eta, nire ustez, ilusioa piztu da. Badakit Gipuzkoako ki­rolariak eta lagunak etorriko direla. Bai­ta Zamudioko lagunak ere. Gauza da ikus­kizuna eskaintzea eta ahalik eta ondoen egitea… Eta irabaztea, ze dirua jokatu dugu…

 

“Ilusioa piztu da: gauza da ikuskizuna eskaintzea eta ahalik eta ondoen egitea”

 

Mila euro daude jokoan.

Eta buru-estimua (kar-kar). 

Irabazteko aukera handirik ba­duzu?

Uste dut aukera dudala; bestela ez nintzatekeen saltsa honetan sartuko. Hala ere, apustuak hurrengo hau du: azken momentura arte ez dakizu zer gertatu daitekeen. 

Aipatu duzunez, urte asko dira Bizkaian halako erronkarik bota gabe. Zuena hazia izan daiteke?

Oxala! Egia esan, Bizkaian herri-kiro­lari asko ibiltzen dira taldeko lanean, esa­terako, sokatiran; nahiz eta berton gizon-probetarako zaletasuna, adibidez, egon ba­dagoen. Gipuzkoan, berriz, zaletasun handiagoa dago aizkorarako, harriak jaso­tzeko… 

Eta zu, nola hasi zinen herri-kirolen munduan?

Gazte-gaztetatik izan naiz kirolaria: Zamudioko futbol-taldean ibilia naiz –oso txarra nintzen arren–, Lutxanako arraun­keta-klubean eta Laukizeko sokatira tal­dean. Emaztearen osabetako bat ha­rri-jasotzailea izan zen eta sokatiran nen­bilela animatu ninduen gizon-probetan saiatzera, bere ustez, hanketan indarra nuen eta. Hasiera batean, esan nion ez nuela nire burua hain harri handia mu­gitzeko gai ikusten, baina saiatu nintzen eta gustatu zitzaidan. Ia 10 urte pasatu di­ra harrezkero. Beste aldetik, duela lau urte harria jasotzeko gogoa piztu zi­tzaidan, eta entrenatzaile batzuekin ibili naiz. Gaur egun, Felix Campos Ogikiñeren ha­rri-jasotzaileen eskolan entrenatzen naiz.    

Zer du herri-kirolak?

Bada… uste dut halako kiroletan ga­biltza­nok apur bat zoratuta gaudela… (kar-kar). Ez, txantxa da. Kirola nire bizi­tzaren oso parte inportantea izan da beti, eta, gainera, norgehiagoka aritzea eta le­hia zintzoa gustatzen zaizkit. Nik erronka moduan hartu nuen: beste batzuk egiteko gauza badira, ni ere bai. 

Eta gauza izan zara, esan moduan, Bizkaiko eta Euskadiko gizon-proben txapelduna zarelako.

Oso pozik nago. Bizkaiko txapelduna birritan izan naiz, eta Euskadiko txapelke­tari dagokionez, oso parekatuta ibili nin­tzen Leitzako Joseba Sanchezekin, saiora oso ondo prestatuta etorri zen eta. Politak izan dira garaipen biak. 

Nola entrenatzen da txapelduna?

Nik saiakera-akatsa egiten dut. Gauza da nik gizon-proben entrenamenduak eta harria jasotzearenak uztartzen ditudala, eta entrenamendu-mota biak berez oso nekagarriak dira. Deskantsatzea entre­natzea bezain garrantzitsua da herri-ki­roletan, eta arnasa lantzeko ariketak egin. Nire arazoa da askotan gehiegi entrenatu nahi dudala eta hori ez da ona. Astean hiru aldiz entrenatuta nahikoa da; adibidez, bi egunetan, gizon-probetan, eta egun batean, harria altxatzen. Entrenamendu-saioek ordubete inguru irauten dute eta zer egin nahi den araberakoak dira: serieak egin, txapelketaren eguneko proba… Gi­zon-probetan Jose Lapazaranekin en­tre­natzen naiz, eta harriarekin laguntzen di­date Ogikiñek eta Jon Peter Scottek. He­rri-probetan iraupen-lana egin behar da eta horregatik, arnasa lantzeko, oso in­portantea da beste mota batzuetako ariketak ere egitea, hala nola mendira joa­tea edo ergonometroa. 

 

“Deskantsatzea entrenatzea bezain garrantzitsua da; nik askotan gehiegi entrenatu nahi dut”

 

Zertan oinarrituta?

Pertsona bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta, beraz, entrenamendu guztiak ez dira baliagarriak pertsona guztientzat. Ho­rrezaz gainera, liburuetan ez dago ezer jasota, eta kirolariak pentsatu behar du nola egin. Adibidez, nik erreparatzen diot lehengo herri-kirolarien egiteko mo­duari eta nire ezaugarrietara egokitzen dut. Entrenamendu espezifikoak egin be­har dira, baina gero ezinbestekoa da bakoitzak bere kaxa torazikoa lantzea, eta batzuei bizikletan ibiltzea ondo datorkie, beste batzuei korrika egitea…   

 

“Lehengo herri-kirolarien egiteko moduari erreparatzen diot eta nire ezaugarrietara egokitzen dut”

 

Zer jan ere zaintzen duzu, ezta?

Bai, dieta batzuk egin ditut, karbohi­dratoak kendu… baina harria altxatzen ha­si, eta azken hori bertan behera utzi behar izan nuen, 60 kiloko harria jasotzeko ere gorriak ikusten nituelako (kar-kar). Gaur egun dietista batekin ibiltzen naiz, zer jan jakiteko, noiz, nola… Beharbada, jendeak pentsatuko du herri-kiroletan gabiltzanok basati hutsak garela, baina, egia esan, lehengo jakituria edo egiteko era eta gaur egungo aurrerakuntzak uztartzen ditugu. Elikatzeko ez ezik entrenatzeko ere. Jen­deak jakingo balu entrenamenduak ego­kien­en nola egin erabakitzeko zen­bat buru-hauste ditugun… Izan ere, gim­nasioan 100 kilo altxatzeak ez du zeri­kusirik 100 kiloko harria altxatzearekin: pisua hobeto banatuta dago barran; harria, berriz, trinkoa da, teknika berezia eskatzen du, ordu asko sartu behar dira, entrenamendu gogorrak egin… Are ge­hiago, harri-jasotzaile asko halterofilia-en­trenatzaileekin ibiltzen dira; ez da bakarrik altxatzea eta listo. 

Beste herri kirol batekin ausartuko zinateke?

Momentuz nahiago dut harria jasotzen maila hobetu, oraindik neurria edo ego­kien nola egin topatu behar dudalako. De­na dela, hori ondo menderatuta, agian aizkoran ikastera animatuko nintzateke, baina pentatloiari begira; ez aizkolaritzan sartzeko. 

 

“Harria jasotzea ondo menderatuta, agian aizkoran ikastera animatuko nintzateke”

 

Zeintzuk dira zure asmoak?

Hurrengo urtean ahaleginduko naiz tituluak berresten. Bestalde, txapelketetan luzaro ibiltzea gustatuko litzaidake, ahal izan arte. 

 

 

 

Landako CrossFita

Bilbaok aipatu digunez, herri-ki­ro­letarako zaletasuna batez ere Gi­puz­koan dago; Bizkaian, ez hainbeste. “Hala ere, azken urteotan CroosFit da­biltzanak hasi dira herri-kiroletarako interes han­dia adierazten, diziplina bie­tako ariketak antzekoak direlako. Iza­tez, esan daiteke herri-kirolak lan­dako CrossFita direla. Ni­re ustez, batera joan­go dira hemendik au­rrera”. 

Hausnartu duen moduan, baserrian egin­dako lana ezinbestekoa izan da he­rri-kiroletan. “Gurasoek edo aitite-ama­mek baserriko lanak eginez egunero lan­tzen zuten indarra; oso indartsuak ziren. Gu, berriz, «hibridotxoak» gara, indarra kirola eginez edo gimnasioan ibiliz lor­tu dugu eta. Baserriko gogor­tasuna da herri-kiroletarako gauzarik ga­rrantzi­tsue­netako bat, lan asko egiten duenak badakielako sufritzen; eta sufritzen da­kie­na ondo ibiliko da he­rri-kiroletan”.  

Bilbaok 38 urte ditu eta oso ondo eza­gutzen du baserriko lana, txikitatik or­du asko eman dituelako aitite-ama­men baserrian. “Dena dela, ez dut haiek egiten zuten lanaren % 5 ere egiten”. Gainera, animaliak asko gustatzen zaizkio eta horregatik hain zuzen ikasi zuen biologia. “Animaliak ditut amaren baserrian, Derion: esne­ta­rako behi bat eta zaldiak. Lehen, es­ne­tarako behi gehiago nituen Muni­tibarren, eta ahuntzak ere eduki ditut. Bai­na leku batetik bestera ibiltzen nin­tzen egunero, eta garai batean estutu nintzen. Familia, lana, herri-kirolak eta animaliak uztartu behar nituen, eta larri ibiltzen nintzen. Horregatik era­baki nuen buru batzuk kentzea. Az­ken batean, hau zaletasuna da”. Kor­te­zubin 15 urte daramatzan arren, oraindik harreman estu-estua du Za­mu­diorekin, bertan familia eta la­gu­nak ditu eta. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).