Joana Otero zamudioztarra da proiektuaren sustatzaileetako bat. Oteroren seme-alaba biak autistak dira, eta berari ere autismoa diagnostikatu zioten iaz. Duela urte bi Puppy proiektua ipini zuen martxan, seme-alabei laguntzeko txakur bat heztea finantzatu ahal izateko, eta egitasmoaren bidez ezagutu zuen Laura Franco produktorea. Harremanetan egon dira harrezkero, eta egun batean autismoari buruzko dokumentala egiteko aukeraz galdetu zion. Francok Ruben Arnaiz zinemagileari eta gidoilariari helarazi zion proposamena, aurretik elkarrekin lan egin izan zuten eta, eta azken horrek erantzun zuen dokumentala gabe fikziozko filma egingo zutela.
“Dokumentala eginez gero, hura gehienbat autismoarekin lan-harremana edo harreman pertsonala dutenek ikusiko dute, ziur asko; pelikulak, aldiz, era masiboan kontsumitzen dira. Gainera, beldurrezko filma izango da. Zergatik? Bada, gehien kontsumitzen den generoa delako; batez ere gazteen artean. Nahiz eta herrialde ezberdinetan bizi edo kultura ezberdina izan, munduko herritar guztiok gauza bat dugu komunean: beldurra. Horri lotuta, komedia frantziarra eta komedia espainiarra, esaterako, ezberdin-ezberdinak dira, baina beldurra berdin-berdina da herri guztietan”, azaldu digute. Francok eta Arnaizek zentzua duen zinema egitea dute helburu, eta gizarteari mezua helarazi. “Autista batek egunero bizi dituen egoerak eramango ditugu filmera; eta bizipen horiek beldurgarriak dira, bai. Autismoa da argumentu nagusiaren azpian dagoen mezua eta espero dugu ikusleengan sakon sartzea”.
“Autista batek egunero bizi dituen egoerak eramango ditugu filmera; bizipen horiek beldurgarriak dira, bai”
Publikoa protagonistaren sentimenduen eta beldurren bidez murgilduko da autismoan, Argi autista da eta. Bere bizipenak Oteroren beraren bizipenetan daude oinarrituta. “Ilusio handia dut”, esan du zamudioztarrak. “Kontzientziazio eta aldaketa handiak behar direlako, autistok bizi-kalitate osoa izatea oraindik urrun dago eta. Nire ustez, egitasmoak aldaketa garrantzitsua ekarriko dio jende askori. Izan ere, helburua da, alde batetik, jendea autismoarekiko sentikor bihurtzea, eta bestetik, autistoi esatea itxaropena dagoela eta bizi ahal dugula. Azken hori oso inportantea da, ume autistek kanpotik mezu hau jasotzen dutelako: arazo bat duzue eta dena oso zaila izango da zuentzat. Diagnostikoa helduaroan jaso dugunok, bestalde, zailtasunak zailtasun, etorkizuna dagoela ikusi dugu. Ume eta gazte autistek hori jakitea nahi dut, zeren eta, zoritxarrez, nerabe autisten kopuru handiak bere buruaz beste egiten baitu”.
“Etorkizuna dagoen mezua zabaldu nahi dugu, zoritxarrez, nerabe autisten kopuru handiak bere buruaz beste egiten du eta”.
Bestearen begien bidez ikusteak hainbat egoera hurbiltzen dizkigu eta eragina du gure kontzientzian. “Horregatik, aktore autista batek antzeztuko du Argi. Gainera, pelikula integratzailea izatea nahi dugunez, beste aktore batzuk zein langile tekniko batzuk ere autistak izateko asmoa dugu. Hau da, mugak gure lan-ekipotik bertatik gainditzen ahaleginduko gara, eta halako egitasmo batean lan egin ahal dutela autistei adierazi”. Preprodukzio-fasean daude gaur egun. “Hau da, aktore bakoitzaren profilak nolakoa izan behar duen aztertzen gabiltza, baita langileen profilak nolakoa izan behar duen ere. Harremanetan gaude autistekin lan egiten duen Gasteizko antzerki-eskola batekin; nolanahi ere, egitasmoan parte hartu nahi duen inguruko aktorerik balego, lasai asko jo dezake gugana”.
“Pelikula integratzailea izatea nahi dugu: aktore batzuk zein langile tekniko batzuk autistak izateko asmoa dugu”
Finantzazioa
Era berean, finantzazio bila, hainbat ate jotzen hasi dira. “Espainiako zinemak dirulaguntza handiak jasotzen dituela entzuten da askotan, baina errealitatea da ia ezinezkoa dela dirulaguntza eskuratzea. Momentu honetan buru-belarri gabiltza harremanetan ipintzen, besteak beste, autismoari lotutako fundazioekin, beste izaera bateko fundazioekin, enpresekin… ea pelikulari diruz laguntzerik duten. Zamudioko merkatarien elkarteak, adibidez, ahalegin handia egin zuen Puppy proiektuari laguntzeko, eta azoka solidarioa antolatu; bada, oraingo honetan ere hura moduko ekintzak egin litezke, finantzazioari ekarpena egiteko. Beste alde batetik, istorioa Euskal Herriko herri batean gertatzen da, baina oraindik ez dugu erabaki zeinetan. Horri dagokionez, udaletara ere joko dugu ea baten batek pelikula bertan filmatzean interesik duen eta modu batean edo bestean lagundu ahal digun. Eta udalak animatu daitezen, gogora ekarriko diegu pelikulek turismo handia ekartzen dietela haiek filmatu diren herriei”.
Pelikula ekaina pasata filmatzen hastea gustatuko litzaieke. “Banaketa-akordioa dugu Mexikoko zine-aretoekin, beldurrezko pelikulek bertan oso ondo funtzionatzen dute eta; akordioa Espainian ere lortzea espero dugu”. Generoaren zaleek beste pelikula batzuen erreferentziaren bat topatuko dute No vayas por la escalera filmean, esate baterako, A Nightmare on Elm Street. “Halaber, autismoaz gainera, beste gai izugarri bat jorratuko dugu pelikulan: hilketak, eta batez ere biktimak umeak direnean”. Egitasmo hau eta beste batzuk aurrera eraman ahal izateko, Atipica irabazteko asmorik gabeko elkartea sortu dute. Proiektuan parte hartu nahi dutenek helbide honetara idatzi dezakete: asociacionatipica@gmail.com. Informazio gehiagorako: https://asociacionculturalatipica.wordpress.com/ eta @asociacionatipica (Instagram).
Amblost Media
Ruben Arnaiz zine-zuzendaria eta gidoilaria da. Hainbat film labur egiteaz gainera, film luzeak ere egin ditu: Erial (2016), Maleza (2018) eta Tantum (2021). Gaur egun, Nigromancia pelikula filmatzen dabil, eta beste proiektu bi ditu postprodukzio-lanetan: Scavenger eta Madre Tierra. Laura Franco, bestalde, hainbat film ekoiztu ditu eta haien artean aipatutako Maleza dago. Era berean, produktore-lanetan dabil Kolonbian eta Mexikon, eta epaimahaikidea izan da zenbait festibaletan. Arnaiz eta Franco elkarlanean dabiltza Amblost Media produkzio-etxean. Horrek 50 lan baino gehiago ekoiztu ditu, izendapenak jaso ditu 70 jaialditarako baino gehiagorako, eta nazioarteko 21 sari jaso ditu.