2022ko martxoan, Aranzadi Zientzia Elkarteak Euskadiko Gerra Zibileko hobi komunik handiena aurkitu zuen Bilbon, Begoñako hilerrian. Jakina zen bertan Gerra Zibilean hildako pertsonak lurperatuta zeudela, gehienak banaka, baina ez zegoen hilobi komun horri buruzko dokumentaziorik. Bertan, 46 pertsonen gorpuzkiak aurkitu ziren, gehienenak 42 desagertutako gudari eta milizianoenak. Horietako bat Fernando Lahera Urrutia izan da, Fernanda Lahera Rebollo zamudioztarraren aita. Martxoan, Eusko Jaurlaritzak aitaren hezurrak eman zizkion familiari.
"Aita 1937ko uztailean hil zen, 25 urte zituela, nazionalen armada Bilbora sartu zenean. Artxandan bertan hil zen; lubakia bisitatu genuen. Esaten da zamudioztar batek planoak eman zizkiela nazionalei eta horrek porrota eragin zuela. Milizianoek alde batetik itxaron zituzten arierioak, baina horiek beste aldetik sartu ziren eta ustekabez harrapatu zituzten. Aita Burdinezko Gerrikoan egon zen, Bilbo defendatzen. Denbora eman nahi zieten herritarrei Enkarterrira ihes egiteko", azaldu digu alabak.
Fernandak ez zuen aita ezagutzeko aukerarik izan, gerrara joan eta hilabete bitara jaio zelako. Hala ere, aitaren etxean bere memoria bizirik mantentzen zuten senideek. "Aita beti egon da presente, senideek, lehengusuek batez ere, berari buruz hitz egiten zidatelako: nolakoa zen, zer gustatzen zitzaion…". Fernando Lahera UGT sindikatuaren kidea izan zen eta Jean Jaurès batailoian ibili zen borrokan. Bere dominari esker identifikatu ahal izan zen, 77779 zenbakiduna. Ziur asko, eskumuturrari lotuta eramaten zuen. Zerbitzu militarra Afrikan egin zuen eta handik etorri bezain laster Gerra Zibila hasi zen eta frontera abiatu zen. "Ez nago ziur, baina nik esango nuke aita konbentzituta joan zela gerrara. Anaia ere eraman nahi izan zuen, baina zorionez ez zuen lortu".
Fernandak ez zuen aita ezagutu, baina bere memoria bizirik mantentzen zuten senideek
Milizianoa hil zutenean, familiak nekez lortu zuen informazioa. "Guri inork ez zigun ezer ofizialki esan. Norbaitek, kideren batek edo, heriotzaren berri eman zuen Sopuertako Udalean eta heriotza-agirian jaso zuten granada baten ondorioz izan zela. Eta hori Aranzadikoek berretsi digute, hezurrak aztertu ondoren, burezurra erabat hondatuta zuelako". Fernandoren ama semearen bila eta bila ibili zen, baina alferrik. "Aita gehien bilatu zuena amama izan zen, baina ez zuen semeari buruzko informazio handirik lortu. Nik esango nuke horren haritik jarri zela gaixorik, eta ni gazte-gazte nintzela, 7-8 urte nituela, amama hil egin zen".
Gogora Institutuak
Beraz, Fernando Laheraren arrastoren bilaketa bertan behera gelditu zen. Hala ere, 2017an Gogora institutuak Gerra Zibilean hildakoen senideekin harremanetan jartzeko kanpaina zabaldu zuen eta Fernandak han parte hartzea erabaki zuen. "Amamari buruz pentsatu nuen. Ea berak lortu ezin zuena ni lortzeko gauza naizen, ea aita, azkenean, topatzen dudan". Prozesua oso erraza izan zen, DNA-lagina utzi besterik ez zuen egin behar izan. "Uste nuen nirekin ahaztu egin zirela, baina 2021ean Gogora Institutuko Aintzanek deitu zidan, aitaren izena zuen domina agertu zela esateko. Medikuan nengoen, Deustun, eta Aintzanek esandakoak erabat hunkitu ninduen: bakarrik nengoen eta ez nekien zer egin, negar ala barre egin. Zorte apur bat izan genuen: hilobian hainbat gorpu zeuden eta, ziur asko, aita goiko aldean zegoen eta horregatik topatu zuten erraz. Domina ere bertan egon zen".
Deiaren ostean, Fernandak eta familiak gehiago itxaron behar izan zuten, hezurrak aztertu behar zituztelako, baina "gutxienez" hilobia topatuta zegoen. Azkenean, martxoan, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Gogora Institutuak ekitaldi ofiziala antolatu zuten Bilbon, Eusko Jaurlaritzarekin batera, Fernandari zein beste milizianoen senideei hezurrak emateko. Gainera, desobiratze- eta identifikazio-txostena ere jaso zuten. "Gaur betebehar bat betetzen dugu, justizia egiten dugu eta memoria historiko eta demokratikoarekin dugun konpromisoari zentzua ematen diogu. Elkarrekin hunkitu eta elkarrekin ohoratzen ditugu printzipio eta balio etiko eta demokratikoak defendatzeagatik bizitza eman zutenak", esan zuen Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko sailburuak.
“Ez dugu etsiko”, gaineratu zuen sailburuak. Eta hori, hain zuzen ere, eskatu du Fernandak. "Espero dut beste hildakoak ere bilatzen jarraitzea. Eskerrak eman nahi dizkiet hildakoak bilatzen dituztenei eta aurrera jarraitzeko esango nieke. Aita topatzeak poza eta lasaitasuna ekarri dit. Eta nik uste dut biktima gehienek gauza bera sentitzen dutela. Batzuk kontra agertzen dira: badirudi, galtzaileen gorpuak errepide ertzean utzi behar direla; eta irabazleenak, mausoleoetan. Popatik hartzera".
"Galtzaileen gorpuak errepide ertzean utzi behar dira? Eta irabazleenak, mausoleoetan? Popatik hartzera"
Fernanda pozik dabil hain bilaketa luzea azkenean amaitu egin delako, baina apur triste ere bai. "Senideak etortzen zaizkit burura. Amama bila eta bila ibili zen; osabak ere anaia non zegoen jakin barik hil ziren, lehengusuak… Ez dut inork barkamena eskatzea nahi. Zertarako, ba? Aitaren hezurrak baditut, zertarako ibiliko naiz bazterrak nahasten? Gaur egungo erakunde publikoek babesa adierazi didate eta hori nahikoa da. Gogora Institutuan primeran tratatu gaituzte. Sopuertako alkateak eskaini zidan aita bertan lurperatzeko aukera. Eusko Jaurlaritzak ere oso jarrera ona adierazi du. Kexarik ez! Begoñako hilerrira joan ginenean, oso eguraldi txarra egin zuen eta bertan, besteak beste, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Paco Etxebarria auzitegi-medikua izan ziren. Oso adeitsu agertu ziren. Eskerrak eman nahi dizkiet guztiei, izugarrizko babesa adierazi zidatelako".
Aita etxean dute eta hori da garrantzitsuena. Azkenean hezurrak erre zituzten eta hautsak etxean ditu alabak. "Handik ez da mugituko, gertu-gertu ditut (kar-kar)". Tamalez, Lasherastarren istorioa ez da bakarra. Gerran hainbat eta hainbat lagun hil ziren eta horietako askok jarraitzen dute identifikatu barik. Eusko Jaurlaritzak eta biktimek adierazi dute bilaketari eutsiko diotela. Bat gutxiago falta zaie.
Enkarterrikoak, harro-harro
Fernanda Lahera Rebollo emakume berritsua da; eta 85 urte izan arren, argi-argia. Tira, "85 urte eta erdi", berak azpimarratu digun moduan. Fernanda Zamudion bizi da, baina familia Enkarterrikoa da, bere esanetan, "Euskal Herriko lekurik politena". "Ama eta amama elkarrekin bizi ziren Santa Kurtzen, Artzentalesen. Eta oporretan beste aitite eta amamaren etxera joaten nintzen Otxaranera. Primeran pasatzen nuen bertan. Aitite eta amama baserritarrak ziren, txakolina eta sagardoa egiten zituzten, eta artoa landatu".
Fernanda pozik eta familiak babestuta hazi zen, baina haurtzaroa ez zen batere erraza izan, garai hartako euskal ume gehienei gertatu zitzaien moduan. Izan ere, Gerra Zibila izugarri gogorra izan zen eta Gerraostea ere ez zen makala izan. "Amamarekin Turtziozera joan nintzen bizi izatera, amak lan egin behar zuelako: belarra segatzen zuen. Amamak ere egiten zuen lan eta nik laguntza ematen nion: berak oiloak eta arrautzak saltzen zituen Balmasedan, merkatu beltzean, eta ogi zuria erosi. Nik astoa eramaten nuen. Ortua ere bagenuen. Amamarekin harreman berezia izan nuen. Gogoratzen dut gaixorik zegoela errazionamenduaren bidez lortutako txokolatea niri ematen zidala. Izugarri maite genuen elkar".
Ama berriro ezkondu zen eta beste seme-alaba bi izan zituen. Amama hil zenean, Fernanda amarekin itzuli zen. Harrezkero, Txorierrira etorri zen familiarekin bizi izatera, Larrondora, Loiura. "Artzentaleseko medikuak amaren senarrari lana topatzen lagundu zion Zamudion zumegintza-denda batean eta horregatik etorri ginen hona. Eta medikuaren andreak niri ere lortu zidan lanpostua, Bilboko jostun batekin. Garai hartan nagusiagoa nintzen eta jostea izugarri gustatzen zitzaidan". Beranduago, Derion ezkondu zen eta hiru seme-alaba izan zituen. Gainera, sukaldari egin zuen lan Zamudioko enpresa batean.