Parte hartzeko prozesu baten bidez proponidu zaitue alkatetzara; zelango ekarpena egin ahal deutsezu Zamudiori eta zamudioztarrei?
Betidanik izan naz hainbat kirol- eta kultura-talderen parte, bai kide moduan, bai antolatze-beharretan. Hortaz, ondo dakit Zamudiogaz konpromisoa eta Zamudioren alde behar egitea zer dan; eta hori behar dogu hain zuzen. Bestetik, gauzak beste modu batera egin ahal dirala sinesten dot: gardentasunez, zintzotasunez eta batez be parte hartzeko bideak eraikiz, herritarrok proponidu eta erabagitzeko guneak sortzeko, herria danon artean egiten dogulako.
Herri-programa bi aurkeztu dozuez datorren agintaldiari begira, zergaitik?
Bai, herri-programa eder bi osotu doguz: bata, herriarentzat orokorrean, eta bestea, herriko auzoentzat. Izan be, azken horreen errealitatea guztiz ezbardina da eta beste arazo batzuei egin behar jake aurre. Egindako proposamenen artean honeek azpimarratu daikeguz: Palets Txorierriko pabilioia erabarritzea, herriari hainbat zerbitzu emoteko; gazte zein adintsuentzako lokal eta egituraketa barriak; etxebizitza arazoari aurre egiteko formulak; herriko eraikuntza publikoak energia barriztagarriz hornitzea; herriko emakumeakaz batera alkarrekintzarako guneak sortzea; eta zaintzari arreta berezia emotea. Hau da, personak erdigunean ipini gura doguz, inor atzean itxi barik. Bestalde, aspaldidanik dogun lan-ildo nagusia da herria hirigintza-zein gizarte-ikuspegitik bitan zatitzen dauan trenbideari konponbidea emotea. Urteetan aldarrikatu eta hainbat lorpen txiki lortu ondoren, alkatetzea eskuratzen badogu, aurrerapauso itzela lortuko geunke, trenbidea lurperatzeko helburua behingoz lortuta.
Zeintzuk dira zuen erronka nagusiak?
Aurreko lerroetan aitatutako egitasmoez gainera, gure erronkarik handiena da erakustea beste kudeaketa bat posible dala. Gardentasuna eta zintzotasuna ardatz izan behar dira. Era berean, herritarren parte-hartzea suspertzea ezinbestekoa da, eta horretarako, zamudioztarrek euren ezinegonak eta proposamenak batu dagiezan guneak sortu behar dira.
“Alkatetzara heltzeko eta udala kudeatzeko prest gagoz; horretarako gai diran zamudioztarrek osatutako lantalde ederra dogu”
Zelango lantaldea izango dozu ondoan, lan-ildoei eta erronkei heltzeko?
Hausnarketa txiki bat egin gurako neuke, gogoratu beharra dago-eta udala hainbat personak osatutako lantalde batek kudeatzen dauala. Beraz, zerrendaburua bezain garrantzitsuak dira haren atzetik dagozan personak. Gure kasuan, indargune handia da lantaldea, hori eskarmentu handiko eta hainbat profiletako lagunek osatzen dabelako. Oso eskertuta nago, eta euretaz harro.