Pazko jaiez gozatzeko prest

Broken Izotzen argazkia: Alex Albarran / a: Gozategi 2023ko mai. 23a, 09:26

Maiatzaren 26tik 29ra bitartean Pazko jaiak ospatuko dabez Zamudion. Gustu eta adin guztietako ekintzak antolatu dira, eta zamudioztarrek eta bisitariek gozatu ahalko dabez, besteak beste, musika-saioak, gastronomia-txapelketak eta umeentzako jolasak.

“Herri osoak disfrutatzeko programea landu dogu, edade guztientzako jarduerakaz”, esan deuskue Kultura Arlotik. “Zamudioko herritarrok gogotsu hartzen doguz jaiak, eta maila oneko programea prestatu dogu. Alboko herrietako bisitariak be ondoetorriak izango dira beti, izan be, Zamudio oraindino ezagutzen ez dabenei esango geunskie etortzeko, merezi izango daualako”.

Zamudion badagoz jente guztiak maite dituan ekimenak. “Sukalkiak, esaterako, adin desbardinetako personak alkarregaz egoteko erea emoten deusku, asteleheneko meza nagusia eta osteko kopaua, musikea, dantzak… Jarduera horreek sano zaintzen doguz, baina nobedadeak eskaintzen be ahalegintzen gara, adibidez, barikuko umeentzako erromeria. Horretaz aparte, zapatuan puzgarriak izango doguz, eta domekan umeentzako tailerrak eta gutiontzako erromeria; igaz antolatu genduan lehenengoz eta izan eban arrakasta ikusita, aurten be egitea pentsatu dogu”.

Jaiak bariku arratsaldean hasiko dira, eta, ohi moduan, txupinazoa bota eta karameluak banatuko dira. Ondoren, Bertoko eta Gazte Elai txistu-taldea aterako dira kalejiran. Umeek Dj Pacok girotutako erromeria gozatu ahalko da, eta gauean Gozategi eta Dj Blessive igoko dira agertokira. Zapatua, bestalde, goiz hasiko da, jentetza handia batzen dauan ekitaldietako baten eskutik. Horrela, Bidekoetxe parkean tortilla eta sukalki txapelketak egingo dira, eta umeentzako puzgarriak be ipiniko dira. Gainera, Lagunandre alkarteak azoka solidarioa antolatu dau zapaturako, eta batzen daben dirua Biocrucesi emongo deutsie. Tortilla eta sukalki txapelketen sariak eguerdian banatuko dira, eta arratsaldean kontzertua egingo dau Broken Izotzek. Ondoren, jaia Kultur Etxera eroango da, Hiru Bat dantza-taldeak bertan dantzen agerraldia egingo dau eta. Koralak be protagonista izango dira zapatu arratsaldean, San Martin eleizan kontzertua egingo dabelako. Zapatuko gaua musikaz beteko dabe Txerri Ugerrak, Maconak eta Urrats taldeek.  

Domeka goizean mezea egingo da San Martin eleizan, eta arratsaldean, umeentzako tailerrak Bidekoetxe parkean. Era berean, Los Chimberos taldeak arratsaldea girotuko dau. Astelehena jaietako azken eguna izango da. Goizean mezea egongo da, eta horren ostean, kopaua. Jaiak amaitzeko, karta txapelketea egingo da arratsaldean, Adintsuen Etxean. “Guztiak dira ekitaldi potenteak dira; bakotxak bere publikoa dauka.  Parte-hartze polita egoten da ekintza guztietan, eta hori da jai honeen ezaugarri erakargarriena; parte-hartzea, hain zuzen”.  

Beste aldetik, aipatu beharra dago herriko Umeen Kontseilua hainbat joko-proposamen lantzen dabilela, belaunaldi ezbardinetako herritarrak alkarregaz jolastu daitezan. Aurreko urteko jaietan be egin eben proposamena eta antolatutako jolasen artean egon ziran sokasaltoa, kanikak, iturriak eta txorromorroa. “Ilusino handiz lan egin dabe Umeen Kontseiluan, igaz antolatu eben ‘Betiko Jokoak’ saioaren errepikapena egiteko.

Eraso sexistarik gabeko jaien alde

Barikuan eta zapatuan, 22:00etatik 01:00etara, puntu morea ipiniko da jai-gunearen aurrean, herritarrek eraso sexistei aurrea hartu eta aurre egiteko informazioa eta laguntza jaso dagien. Gainera, brigada feministako kideak be ibiliko dira zapi morea jantzita, eta eraso sexista jaso edo ikusiz gero, hareekana jo ahalko da; bestela, 633 918 561 telefono-zenbakira deitu ahalko da 22:00etatik 10:00etara. Eusko Jaurlaritzaren arreta espezializatuaren zerbitzura ere deitu ahalko da eguneko 24 orduan: 900 840 111; eta komunikatzeko arazorik izanez gero, sms bat bidali 600 123 112 telefono-zenbakira. Jaietan eraso matxistarik izanez gero, Zamudioko Udalak eta Zapata Gorriak talde feministak adostutako protokoloa ipiniko da martxan, erasoari erantzuna emoteko. Lagundandre alkarteak eta jai-batzordeak be parte hartu eben protokoloaren idazketan. “Herritar eta bisitari guztiek jaiez eta kulturaz gozatzea itxaroten dogu; horretarako ekin deutsagu. Baina, batez be, jaiak bakean igarotzea eta pertsona guztionekiko errespetua nagusitu daitela gurako geunke”.

Jai-egitaraua

Maiatzak 26, barikua

19:00 Txupinazoa eta gozokiak, Sabino Arana plazan.

Kalejirea, Bertoko taldeagaz eta Gazte Elai txistu-taldeagaz.

20:00 Dj Paco, umeentzako erromeria, Sabino Arana plazan.

23:00 Kontzertuak, Sabino Arana plazan: Gozategi + Blessive.

Maiatzak 27, zapatua. Sukalki Eguna

09:00 Tortilla eta sukalki txapelketetan izena emotea, Bidekoetxe parkean.

11:00 Umeentzako puzgarriak, Bidekoetxe parkean.

11:30 Biocrucesen aldeko azoka solidarioa, Lagunandrek antolatua.

13:30 Tortilla eta sukalki txapelketen sariak banatzea.

16:00 Broken Izotz, Bidekoetxe parkean.

18:00 Dantzak, Hiru Bat dantza-taldearen eskutik, Kultura Etxean.

19:30 Udabarriko kontzertua, San Martin eleizan: Matsorriak (Bilbo), Pozalagua (Karrantza), Zoli Abesbatza (Zamudio) eta Zamudioko Kamara Korala.

23:00 Kontzertuak, Sabino Arana plazan: Txerri Ugerrak + Maconak + Urrats.

Maiatzak 28, domeka

11:00 Mezea, San Martin eleizan.

17:00 Umeentzako tailerrak, Bidekoetxe parkean.

18:00 Los Chimberos, Sabino Arana plazan.

Maiatzak 29, astelehena

11:00 Mezea, San Martin eleizan.

Jarraian, kopaua, eleizpean.

16:00 Karta txapelketea, Adintsuen Etxean. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).