Carmen Mendigurenen pastorala

Historikoa izango da Lagatzu Eguna

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 19a, 12:37

Bagilaren 24an, Lagatzu Eguna ospatuko dabe Zamudion, eta hango euskera alkarteak proposamen berezia egingo deusku, euren berbetan historikoa izango dana: Carmen Mendigurenen pastorala. Ekintzan alderdi bi buztartuko dabez: alde batetik, Carmen Mendiguren zamudioztarra ekarriko dabe gogora; eta bestetik, Iparraldeko pastorala hurbilduko deutsee ikusleei.

“Lagatzuren helburuetariko bat beti izan da euskal kulturea zabaltzea eta ezagutaraztea”, azaldu deuskue euskera alkartearen kideek. “Helburu horri lotuta, harreman berezia dogu Iparraldegaz eta Heletara joan ohi gara urteetan, handik Baigorriko Nafarroaren Egunera joateko. Gainera, orain dala urte batzuk Euskal Astearen egitarauaren barruan Maskaradea egin genduan Gaztedi Santutxuko dantza taldeagaz batera”.

Zuberoan baino gelditzen ez dan antzerki-generoa da pastorala, eta bertan personaia ezagunak goratzen dira, eta gertaera historikoak gogoratu. “Zamudion badogu personaia garrantzitsu bat: Carmen Mendiguren. Carmen gerra aurretik be bazan maistrea, eta gerra-denporean Ingalaterrara joan behar izan eban; errepresaliatua izan zan, baina akabuan plazea lortu eban Zamudioko eskolan. Halango pertsona bati omenaldia egin behar jakola pentsau genduan, eta, gainera, Iparraldeko kulturea gurean ezagutzera emoteko gogoagaz lotu ahal genduala”. Bestalde, aitatu beharra dago Mendiguren Lagatzuri babesa adierazo eutsien lehenengo herritarretako bat izan zala. “Lagatzu sortu genduanean, euskera alkartearen pluraltasuna erakutsi gura izan genduan, eta danon alkartea zala adierazo. Horretarako, herriko jenterik esanguratsuen argazkiak batu genduzan kartel baten, eta hareen artean Carmenena izan zan”.

“Carmen pertsonaia inportantea izan zan, eta pentsau genduan berari omenaldia egitea, eta pastoralagaz lotu”

Carmen Mendigurenen pastorala zenbait arrazoigaitik izango da berezia. Bere iraupena da lehena. “Pastorala Zuberoan baino ez da egiten gaur egun. Antxina, egun bat eta erdi irauten eban; gero goiz eta arratsaldeko jarduna izatera pasau zan, eta gaur egun hiruzpalau orduko kontua da. Gurea laburragoa izango da eta ordubete eta laurden iraungo du”. Hizkuntzea be bereizgarria izango da. “Bizkaieraz edo Zamudioko aldaeraz egingo dogu”.

Esan deuskue eurena ezin izango dala Zuberoako pastoralagaz alderatu, “maisuak eta maistrak zuberotarrak diralako”. Halandabe, ahaleginduko dira hango pastoralean oinarrituta Zamudiora Carmen Mendigurenen historia ekartzen. Ohikoa danez, ikuskizunean buztartuko dabez antzerkia, dantzea eta musikea. “Antzezlana koplatan oinarrituko da. Aitzin predikuan, edo sarreran, gaia aurkeztuko da; gero Carmenen bizitzaren inguruko pasarteak aitatuz kopla batzuk egongo dira; eta amaitzeko, amaierako predikua”. Bando bi egongo dira: gorriak eta urdinak. “Gorriak txarrak izaten dira; gure kasuan, Franco eta frankistak. Beste personaia bi be badagoz, Satan eta Anas, zirikatzaileak direnak eta faxistakaz lerrokatuko diranak. Urdinak dira zintzoak, Carmen bera, gudariak… Borroka batzuk egongo dira eta akabuan irabaziko dabe irabazi behar dabenek”.

Herri osoak parte hartu ohi dau Lagatzuren ekitaldietan. “Normalean, gu baino askoz handiagoak diren ekintzak antolatzen doguz, eta ezin izango geunkez guk bakarrik aurrera eroan”. Oraingo honetan be Hiru Bat dantza-taldearen umeen eta monitoreen laguntzea eukiko dabe, baita Bertoko soinu-tresnen alkartearen eta Zamudioko Kamara Koralaren laguntzea be bai. Horreei gehitu behar jakez entseguetan ibili diran herritarrak eta atrezzoaz arduratu diranak. Pastoralean 100 lagun inguruk hartuko dute parte. “Lagatzutik eskerrak emon gura deutsaguz laguntzen dabilzan guztiei euren ahaleginagaitik. Oso inportantea da guretzat eta azpimarratu gura geunke hareen laguntza barik ez geunkeela halango gauzak egiteko asmorik be izango”.  

 

Egun osoko jaia

Pastoraletan libretoak banatzen dira publikoaren artean, ikusleek antzezlanari errazago jarraitzeko. Oraingoan be behin behineko libretoak  banatuko dira egunean bertan. “Behin betikoa berandutxoago atarako dogu; izan be, gure helburua da eguneko argazkiak be libretoan jasotzea, betiko gelditu daitezan. Ahal dala, pastorala grabatu eta CD bat be atara gura dogu.”. Euskera Alkarteak espero dau aurtengo Lagatzu Eguna historikoa izatea. “Alde batetik, Carmen Mendiguren bera Zamudioko pertsonaia historiko inportantea da guretzat; eta bestetik, lehenengo aldia da Zamudion halango ekintzea egiten dala, eta zentzu horretan be historikoa izango da”.

Lagatzu Eguna bagilaren azken zapatuan ospatzen dabe eta ohikoa da bariku arratsaldean be ekintzak egitea. Aurten, barriz, ez da barikuan ekintzarik egongo, San Joan gaua dalako eta euskera alkartekoek ez dabez udal-ekitaldiak oztopatu gura izan. Edozelan be, egun osoko egitaraua antolatu dabe zapaturako. Carmen Mendigurenen pastorala 12:00etan izango da, eta 13:30ean kalejira egingo dabe Bertoko eta Kantarelux taldeek girotuta. Taberna Ibiltariak euskal kantuz eta doinuz beteko ditu bazkalostea eta umeentzako jolasak be egongo dira. Erromeria 20:00etan hasiko da Gora Herria taldearen eskutik, eta gauera arte iraungo dau. “Batzuek dinoe Lagatzu Eguna herriko jairik politena dala; zer esango dogu guk, ba! Espero dogu jenteak ondo pasatzea, Carmen Mendiguren nor izan zan gogoratzea eta pastoral bat zer dan ikastea”.  

“Espero dogu jenteak ondo pasatzea, Carmen Mendiguren nor izan zan gogoratzea eta pastoral bat zer dan ikastea”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).