Beste aukera bat Liher eta Haizearentzat

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 23a, 09:39

Liher eta Haizea anai-arrebak Zamudion bizi dira eta biak autistak dira. Euren amak, Joana Oterok, Puppy proiektua ipini zuen martxan duela bi urte, umeei etxean zein kalean moldatzen lagunduko zien txakurra hazteko dirua batzeko. Hala ere, egokitze-prozesuari lotutako adostasunik eza dela eta, proiektua bertan behera gelditu da Puppy anai-arreben etxera ailegatzear zegoela. Oteroren esanetan, laguntza-txakurra oso onuragarria izango litzateke seme-alabentzat, eta horregatik erabaki du egitasmoa berriro sustatzea. Oraingo honetan, ordea, prozesu ezberdina izango da, dagoeneko txakurra, Choco, etxean dutelako.

Oterok adierazi duenez, trebatze-prozesua amaituta Puppy apirilean ailegatu beharko zatekeen euren etxera. “Kontratua Ischandia Obra Social elkartearekin eginda genuen. Umeak eta txakurra elkarrengana egokitzeko prozesua egin behar genuen, baina ez genuen elkartearen berririk. Puppyren trebatzaileari deitu nion eta esan zidan orain OSI Dando Pasos elkartea zirela eta egitasmoaren xehetasunei buruz beste pertsona batekin hitz egin behar nuela. Pertsona horrekin ipini ginen harremanetan eta adierazi zigun egokitze-prozesua nola egin. Egin beharreko urratsen artean zegoen egokitzea asteburuan eta merkataritza-gune batean egitea, eta hara garraio publikoan joatea. Esan nien ez nuela egokitzat jotzen: alde batetik, nire seme-alabak ez dira merkataritza-guneetara joaten, jende eta estimulu gehiegi daudelako – eta are gehiago asteburu batean–; eta bestetik, ia ezinezkoa da semea domeketan etxetik ateratzea. Gainera, gure familiak eguneroko gauzak egiteko behar du txakurra, hala nola kalera joateko, anbulatoriora, ospitalera…, eta krisialdiak saihesteko. Nolanahi ere, prest azaldu ginen merkataritza-gunera astegunetan joateko, baina erantzun ziguten ezetz eta haiek bazituztela profesionalak eta bazekitela gauzak nola egin. Dena dela, guk uste dugu ezin direla umeak egokitze horretara behartu, eta trauma bat ekarriko dien egoera bat sortu”.

Egunak joan egunak etorri, elkartearen berririk gabe jarraitzen zuten eta erabaki zuten gizarte-sareetan egoera azaltzea. “Elkarteak komunikatu bat kaleratu zuen handik gutxira, eta adierazi zuen kontratua bertan behera utziko zuela. Guk sinatutako akordioaren arabera, bakarrik daude bi arrazoi hura indargabetzeko: txakurra hezteak balio duen dirua ez ematea eta animalia txarto tratatzea. Guk akordioa bete dugu eta gaia abokatuen esku utzi dugu. Bestalde, elkarteak esan du dirua itzuliko dela, baina zail ikusten dugu, norberaren diru-ekarpenez gainera, diru asko azoka solidarioetan eta beste ekintza batzuen bidez batu delako”.  

Gaia auzitegian dago, beraz, baina Oterok azaldu du denbora luzea, urtebete-edo, pasatu litekeela epaiketa egin arte. “Denbora luzeegia da eta ez litzateke bideragarria izango Puppy gure etxera etortzea. Era berean, beste elkarte baten bidez eginez gero, prozesua zerotik hasi beharko genuke, eta berriro bizpahiru urte pasatu beharko lirateke txakurra gurekin egon arte… Baina guk jarraitzen dugu laguntza-txakur baten beharrizana izaten, premiazkoa da guretzat, eta horregatik erabaki dugu aurrera egin eta egitasmoa berriro martxan ipintzea”. Otero bi terapeutarekin ipini zen harremanetan, alabarekin lan egin zezaten, eta haietako batek laguntza-txakurrak ere trebatzen ditu. “Prozesua ezberdina izango da, txakurra, Choco, jadanik etxean dugulako. Hiru hilabeteko txakur emea da, labrador retriever arrazakoa, eta pixkanaka-pixkanaka joango gara heziz. Ezberdintasun nagusia da familia hasiera-hasieratik izango garela trebatze-prozesuaren parte”. Choco duela egun gutxi ailegatu da Zamudiora, eta txakurra eta familia elkar ezagutzen dabiltza, eta elkarrengana moldatzen. Oterok oso positibotzat jo du lehen egunetako egokitzea.

Trebatze zuzena

Barakaldoko Piecittas Estimulación y Desarrollo zentroak heziko du Choco, eta trebatzea Liher eta Haizearekin batera egingo da oraingo honetan, modu zuzenean eta pertsonalizatuan. Prozesuak urte bi iraungo du eta 15.000 euro inguru balioko du. Aurreko laguntza-txakurra, Puppy, trebatzeko, familiak 18.322 euro batzea lortu zuen, eta jakin badakite gertatutakoak mesfidantza sortu ahal duela. “Erakundeek, elkarteek eta herritar askok lagundu ziguten aurrekoan, eta badakigu kostatuko zaigula haiengana berriro jotzea; normala da. Baina ahaleginduko gara eta gure esku dagoen guztia egingo dugu, seme-alabek laguntza-txakurra izan dezaten, haientzat oso onuragarria izango delako”. Izan ere, Oterok kontatu digunez, umeak ez dira kaleko arriskuez ohartzen eta, gainera, zarata eta argiak direla-eta krisiak izan ohi dituzte kalean. “Haietako batek atakea badu, handik gutxira besteak ere izaten du, elkarri kutsatzen diotelako. Halako egoeretan, nik umeetako bat zaintzen dudan bitartean, txakurrak bestea zaindu ahalko luke, eta mina har dezala ekidin. Edo haietako bat korrika irteten bada, bere atzetik joan. Halaber, txakurrak lagundu ahal die eskailerak eta zintarriak jaisten ikasten, kalea zebra-pasaguneetatik gurutzatzen… Ondorioz, umeak pixkanaka-pixkanaka ikasiz joango dira noiz eta non gelditu behar diren, nondik pasatu…”. 

Lekuetara joatea ere korapilatsua da Liherrentzat eta Haizearentzat eta txakurrak horretan ere lagunduko lieke. “Esaterako, medikuarenera joateko. Izan ere, haietako batek medikuarekin hitzordua badu, bestea ere eraman behar dut kontsultara eta txakurrak lagunduko lioke bertan lasaiago egoten, medikuak bere arreba edo bere neba artatzen duen bitartean”.  Bestalde, lo egiteko orduan ere mesedegarria izango litzateke umeek laguntza-txakurra hurbil izatea. “Ezin dute atsedenik hartu eta lo egiteko orduan pertsona batekin egon behar dute denbora osoan. Lasaitzeaz gainera, txakurrak konfiantza emango lieke, apur bat bakarrik egon ahal izateko. Nire ustez, laguntza-txakurrari esker, seme-alabek lortuko lukete pixka bat autonomoagoak izatea eta pentsatzen dut hori inportantea dela, askatasun apur bat eta segurtasuna behar dutelako”.

CHOCO TREBATZEKO ETA LIHER ETA HAIZEAREN BIZI KALITATEA HOBETZEN LAGUNTZEKO DIRU-EKARPENA EGIN NAHI DUTENEK BIZUM EGIN DEZAKETE 688 630 264 TELEFONO ZENBAKIRA, “CHOCO ADIESTRAMIENTO” ADIERAZITA.

OSI

Beste aldetik, OSI Dando Pasos elkartearekin ipini gara harremanetan, euren bertsioa ezagutzeko. Adierazi digute profesionaltasunagatik ezin dituztela euren arrazoiak publikoki esatea eta maiatzean kaleratutako komunikatua berretsi dute. Horren arabera, egitasmoa bertan behera utzi dute, “gureak ez diren arazoengatik eta gure oinarrizko eginkizunak betetzeko”. Euren hitzetan, ahaleginak egin dituzte egoera konpontzeko, eta azpimarratu dute bai egindako lana, bai proiektuarekin izan duten konpromisoa. “Lana aurreikusitakoaren arabera egin dugu, eta gure lan-eskarmentuarekin bat eginda”.

Era berean, txakurra ondo dagoela esan dute, eta etorkizunean ere zaintzarik onenak emango dizkiotela. “Nahiz eta guretzat gertaera gogorra izan den, ezin ditugu alboratu interes orokorra, gure profesionaltasuna eta batez ere gure helburua betetzeko lan egiten jarraitzea”. Azkenik, elkarteak jakinarazi digu hasi dela Puppy trebatzeko egindako diru-ekarpenak itzultzen.

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).